argia.eus
INPRIMATU
Haur eta gazte literatura
Unibertsitatera, behar lukeen prestigioaren bila
  • Haur eta Gazte Literaturari lotuta, hiru tailer eskainiko ditu Yolanda Arrietak UEUn eta EHUko Uda Ikastaroetan. Bilbon, Donostian edo Baionan izan, hogei urte luzetako esperientzia trinkotuko du ikastaro praktikootan. Besteak beste, Haur eta Gazte literaturaren 25 urteko ibilbidea, idazketa sortzailea eta ipuinen kontaketa landuko dira.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko uztailaren 04a

Haur eta Gazte literaturak ez du bestela –alegia, adjektiborik gabe– aurkeztu ohi den literaturaren prestigioa, ez eta hedapena ere. Azpigenerotzat jotzen da sarritan, edo hezkuntzaren meneko osagarritzat, arte orori eskatzen zaion moduan emozioak eta sormena lantzen dituen arren. Ilusioan eta magian sinesten duelako egin zuen arlo horren aldeko hautua Yolanda Arrietak, bere gizarterako ekarpena horretan datzala sentitzen duelako. Gogo eta koherentzia horren seinale dugu azken hogei urteetan eskaini dituen ikastaro, tailer, hitzaldi, emanaldi eta eskola mordoa. Batik bat ikastetxez ikastetxe egin du bere ibilbide oparo baina diskretua, hutsetik hasi beharrean beti, oinarri-oinarritik, aurrekontu mugatuekin, eta prozesuko zeregin ugari bere gain hartuta, hala nola, ikastaroaren mamia taxutzea, antolakuntza, hedapena, promozioa… Master batek nekez eman dezakeena erdietsi du, beraz, arian-arian: jardunaren gaineko jakituria eta sistematizazioa. Baina non gal liteke urte luzetan landutako ekina transmisiorako antolatu eta kudeatu ezean?

Eskoletan atzera eta aurrera dabiltzanen eskarmentuak ofizialtasuna lor zezan, enbidoa bota zuen Arrietak duela pare bat urte. Ikasleei kredituak ematen zaizkien tokietara heldu beharra zegoela planteatu zuen; unibertsitatetik bideratu beharko litzatekeela “Esperientziaren kudeaketa” deitu zuena. Proposamenak ez zuen aurrerabiderik izan –interesgarria izan arren, unerik egokiena ez zela irizten zitzaiolako–, eta bere kasa ekin zion erronkari, une egoki hori iristen zen bitartean. Ahalegin horren emaitza ditugu aurki eskainiko dituen hiru tailerrak: Zelan kontatu ipuinak eta olerkiak haurrei. Nitik gura (Bilbon, ekainaren 27an eta 28an, EHU), Euskal Haur eta Gazte Literaturaz, zer dakigu? (Baionan, uztailaren 10ean eta 11n, UEU) eta Idazketa sortzailea gelan, dinamika, abiapuntuak eta baliabideak (Donostian, abuztuaren 26tik 28ra, EHU).

Lehena, ipuinen kontaketari dagokiona, ahozkotasuna gustuko duen ororentzat genuke aproposa eta hizkuntzaren barruan gauzak ondo kontatzeak, mintzoaren bidez momentu onak sortzeak duen balio erantsia nabarmentzera dator.

Idazketa tailerra ere, hezkuntzari begira programatuta dagoen arren, erabilpen zabalekoa dugu. Irakurle gazteak literaturara eta literaturgintzara hurbildu nahi dituzten hezitzaileei ez ezik, euskaraz idaztea atsegin duen edonori izango zaio baliagarri, bai eta idazteko ohiturarik ez dutenei ere. Halaber, aparteko tresna izan daiteke helduen euskalduntze prozesuan diharduten irakasleentzat, ikasleen euskarazko nia indartzen, osatzen eta aberasten laguntzen duelako.

Baionan uztailaren 10etik 11ra eskainiko den tailerrak, berriz, izenburuak aski ongi iradokitzen duenez, galderak eta eztabaida gaiak planteatuko ditu, partaide bakoitzak bere neurriko erantzunak bila ditzan. Esate baterako, zeri deitzen zaion haur eta gazte literatura; zer eskatzen zaion haur literaturari, berez ote den literatura ala eskolari lotuta joan behar ote duen ezinbestean; etika baten barruan sartutako literatur berezitua izan behar duen…

Ikastaro aski trinkoa izango da berez, arlo ugari laburbilduko dituena. Hasteko eta behin, azken mende laurdeneko ikuspegi orokorra emango du Arrietak. Haur literatura aspaldikoa dugu, baina Mariasun Landarekin batera hasi zen apurka modernizatzen eta literatur kutsua hartzen, eskolatik berezirik ere. 25-30 urteko tartean idazleak, ilustratzaile mordoa, argitaletxeak, programak, elkarteak, aldizkariak eta, hitz bitan, sistema osoa antolatu da aipatzen ari garen mugimenduaren inguruan.

Gero, generoz generoko errepasoa landuko du Arrietak. Izan ere, denetarik ugari du dagoeneko euskal haur eta gazte literaturak: ipuingintza, poesia, antzerkiak, album ilustratuak…

Ondoren sistema honetan aurkitzen den urrienari helduko zaio, kritikari. Liburuak nola baloratu edo iruzkinak nola egin jakiteko zenbait argibide emango ditu. Irakasleek eta gurasoek ez ezik, 8-10 urtetik gorako haurrek ere lantzeko modukoak izango dira.
Azkenik, Interneteko ozeanoan ez galtzeko erreferentziak, bibliografia eta estekak eskainiko zaizkie parte-hartzaileei.