Aurkako erreakzio handia sortu du joan den hilean Madrilen onartutako Espainiako Kostalde Lege berriak. Oposizioko alderdiek, talde ekologistek... lege aldaketak ezer onik ekarriko ez duela denek dute argi, baina ezin oraindik zehatz esan, Euskal Herriari dagokionez bederen, zertan izango den kaltea. Argi dago, dena den, itsasertzaren izaera publikoa ahulduko dela.
Maiatzaren 9an, Madrilgo Diputatuen Kongresuak Kostalde Lege berria onartu zuen, 1988tik Espainiako Estatuan indarrean zegoena ordezkatuko duena. Lege aurreproiektua ezagutu zenetik asko hitz egin da hartaz, eta bereziki haren kontra, higiezin-espekulazioaren aurrean itsasertzaren babesa ahulduko duela leporatzeko. Espainiar Kongresuan eta Senatuan izandako eztabaidetan arau berriaren aurka azaldu dira EAJ zein Amaiurreko taldeak, ez beti arrazoi berdinengatik. Euskal elkarte ekologistei ere, zer esanik ez, ez zaie gustatu PPren bultzadaz gauzatutako legedi aldaketa. Alta, oraindik ez dago garbi aldaketa horrek nola eragingo duen Euskal Herrian.
Alberto Unamunzaga Amaiurreko senatariak dioenez, “testu berria erreforma ideologikoa da, itsasertzaren jabetza publikoa izateko tradizioari aurka egiten diona”. Publikotasun hori ongi jasoa zuen aurreko legeak, PSOEren agintepean 1988an onartu zenak, PPren testu berriaren aurka agertu diren gehienek adierazi dutenez. Beste kontu bat da hura ondo aplikatu zen ala ez. “Lege berri hau atzerapausoa da, eta mito bihurtu du aurrez zegoena”, dio Gernikako Ekologia Tailerreko kide Alfonso Cañok, “baina gogoan hartu behar da lege hura ez zela behar bezala bete”.
1988ko legeak Itsaso eta Lehorraren Arteko Jabetza Publiko modura definitzen zituen itsasoa eta itsasoaren eraginpeko lehor zatia. Eremu horren jabetza publiko izatea espainiar konstituzioak ezarritako zerbait da, ez legeak berak. Teoriatik praktikarako jauzia ez da erraza suertatu, baina. Hasteko, itsasoaren eragina norainokoa den ezartzeko araua polemikoa zelako: ezagutzen den enbatarik handienarekin olatuak noraino iritsi ziren, hortxe zegoen muga. Legeak zioen bost urteko epea zegoela Jabetza Publikoaren mugak behin betiko zehazteko, baina gaur egun oraindik mugaketa hori amaitzeke dago.
Euskal Herriari dagokionez, Gipuzkoan %100 zegoen eginda 2011ko abenduaren 31n, Bizkaian %80 baino ez. Lege berriak, bide batez esateko, Jabetza Publikoaren mugaketa leku askotan berriz egitea aurreikusten du; haren aurkarien ustez, orain arte mugaketan erabilitako baliabide publiko eskergak alferrik botatzearen parekoa da hori.
Bai lehengo legeak bai oraingoak Itsas-lehorreko Jabetza Publikoa babesteko beste eremu bat ezartzen dute: Babes Zorgunea. Orain arte 100 metrokoa izan da normalean, baina hemendik aurrera hogei metrora jaitsi ahal izango da kasu askotan, eta jaitsiera hori automatikoa izango da itsasadarretan.
Esan dugunez, aurreko legeak ez du lortu triskantza batzuk eragoztea. Halere, eraikuntza proiektu handiei aurre egiten saiatzeko balio zuen behintzat, Ekologistak Martxan elkarteak dioenez, “epaitegietara jotzea ahalbidetzen zigun tresna bat zen heinean”. Hala lortu zen, esaterako, Plentziako Txipioko paduran kirol portu bat eta 750 etxebizitza eraikitzea galaraztea. “Baina legea indarrean egondako 25 urteetan gehiago eraiki da 60ko hamarkadan –legedirik ez zegoenean– baino, eta gehiago eraiki da legez kanpo; erakundeek ez dute ezer egin hori geldiarazteko”. Zein da aldea, Ekologistak Martxanen ustez? PPren lege berriak are tresna gutxiago uzten diela ingurumena defendatu nahi dutenei, eta are bakanago bihurtu daitezkeela Txipiokoa bezalako garaipen urriak.
Argi utzi behar da gauza bat: 1988ko legeak asko eraikitzea eragotzi ez duela esatean, Espainiako Estatuko eskualde jakinez ari gara batez ere. Galizia eta Mediterraneoko itsasertza daude denen ahoetan, baina horrek ez du esan nahi gurean adibiderik ez dagoenik. Esaterako, Bakioko Askada inguruan –hondartza gaineko amildegian bertan– egindako bost txaletak, edo, askoz ikusgarriagoa, Orioko Muntoko urbanizazio eskerga, epaitegien behin-behineko ebazpenek legez kontrakotzat jo arren aurrera joan dena. Beste batzuetan, 1988ko Kostalde Legeak eraikuntza egitasmoen eragina apaldu du, guztiz saihestu ez arren. Kasu baterako, Mutrikuko kanpo moilaren proiektuaren lehen bertsioa zertxobait leundu eta hondartzaren zati bat mantendu ahal izan zen behintzat, nahiz eta geratu denari hobeto egokitzen zaion “hondartoki” izena, “hondartza” baino. Hala uste du, behinik behin, herri horretan Berdeetako zinegotzi eta Equoko kide den Iñigo Agirrek.
Agirrek hitz egin digu, hain zuzen, Kosta Lege berriak ekar dezakeen mehatxu zehatz batez: Praileaitzen lortutako babesa galtzea. “Orain arte Kostalde Legea izan da bertako kobazuloa harrobiaren mehatxuaz babesteko armarik onena, baina orain, babes eremua ehun metrotik hogeira murriztuz, harrobiaren proiektua gauzatu liteke”.
Balizko beste ondorio bat Urdaibain dago, Alfonso Cañok azaldu digunez: lege aldaketak –Jaurlaritza jeltzaleen eskuetara itzultzearekin batera– Guggenheim museo bat Sukarrietan eraikitzeko egitasmoa indarberritu dezake, Patxi Lopezen garaian Lakuak hartutako zenbait neurrik Bizkaiko Aldundiaren asmoak apaldu ostean. Momentuz, baina, ez dago ezer seguru esaterik. Lege berria berriegia da, eta ez da ahaztu behar, besteak beste, indarrean dirautela oraindik aurreko legetik eratorritako araudiek.
Etorkizunak zer dakarren ezin zehatz esate horrek gidatuta, zuhurtzia osoz erantzun digu Eusko Jaurlaritzak, Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren bitartez, lege berriaz galdetu diogunean. Zain daudela momentuz, eta kasu konkretuak banan-banan aztertu beharko dituztela esan digute, batik bat araudiak garatu ahala.
Kontuan hartu behar da EAEk baduela kostaldea kudeatzeko tresna bat, Itsasertzaren Ordenazio eta Babeserako Lurralde Plan Sektoriala, Madrilgo legeak baino hagitzez zorrotzagoa, nahiz ez beti behar bezala aplikatua. Kontuak kontu, askoren ustez Estatuko legedi berriak bete-betean sartu nahi du ez dagokion eremuan, alegia, eskumen gatazka sor daiteke arau bien artean. Greenpeaceko Pilar Marcosek ez du zalantzarik aferaz: Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu behar luke Kostalde Lege berriaren aurka. Beste erkidego batzuek agertu dute dagoeneko hala egiteko asmoa, baina Lakua mutu dago oraingoz.
Lege berriaren aurkarien, eta batez ere talde ekologisten, kritika zorrotzena izan da lege berriak ez dituela kontuan hartzen klima aldaketaren ondorioak. “Euskal kostaldea, hain zuzen, itsas mailaren igoera gehien jasan dezakeenetako bat da, bere ezaugarriengatik”, diosku Greenpeaceko Pilar Marcosek. Elkarte ekologistako kidearentzat harrigarria zer nolako erdeinuz hartu duen gai hori PPk: “Azken unean Senatuko eztabaidan onartutako emendakin baten bidez, zera esan dute: azkenean klima aldaketa gertatzen bada, beharrezko neurriak hartuko direla. Eta itsasoari eusteko harresiak eraikitzeaz hitz egiten dute. Itsas mailaren igoera hipotesi hutsa balitz bezala!”. Izan ere, zientzialariek esandakoari muzin eginez osatu du legea PPk.
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]
EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]
Europan kutsadura maila aztertzen aritzen den Toxicowatch erakundeak egindako ikerketaren emaitzak dira. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen azterketak, eta ondoren 2024ra arteko laginak aztertu dituzte. Iazko laginen emaitzak dira honakoak.
Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.
Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]