"Gidoigilea izatea sotoan lan egitea da"

  • “Iduzki denean, zein den eder itzala...”.

Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Istorioak ez, filmak idazten omen dituzu.

Godard maisuak film bat ideia lauso eta irudi argien ezkontza dela dio. Ezin gara gardenegiak izan istorioari dagokionez, baina probetxuzko irudi distiratsuak behar ditugu. Istorio onak milaka daude kazetetan, pelikula onak burutzeko gai diren zuzendariak aldiz... Nola kontatu? Nola erabili zinemaren kodea kontatu nahi dugunaren mesedetan? Nola bihurtu zinema istorio horren atzamarrera egindako eraztun? Horixe da zinemagileon etengabeko buruko mina. Aspertu naiz euren istoriora soilik mugatzen diren filmez. Ongibidean, pelikula bat beste zerbait da, istorioa beste dimentsio batez janzteko gai den zerbait. Ni arras zinefiloa naiz, filmak irensten ditut, zinemaren historiari buruz anitz irakurtzen dut, nire tai gabeko gogoetagaia da, eta ezinbestekotzat dut zinemaren forma, garapena eta tresnari buruzko galdera teorikoetan galtzea. Galtzen naizenero, alta, txikitan western zaharrei so anaiak indioak euskaldunak zirela azpimarratzen zidala oroitzen dut. Horixe da istorioak eta filmak idaztearen arteko desberdintasuna.


Zuen etxean nehor ez zen zinema mundukoa.

Oso mundu itxia da zinemarena. Alabaina, betiko lagun-minaren amak antzinako film amerikarrak proiektatzen zituen zinema-areto batean egiten zuen lan, eta 9 urte neuzkanetik 20ra bitarte sala horretan eman diren pelikula guztiak ikusi ditut urririk. Beti izan dut zinemarako harra, beti pentsatu dut huraxe zela nire mundua, baina gure etxean hortik legoatara geundenez ez nekien zine-ofizioen berri, ez nekien film bat nola egiten zen, ez nintzen inoiz grabaketa batean egona... Gainera, gure aitari ekonomia ikasketak egin behar nituela sartu zitzaion kaskoan, eta itzuli-mitzuli, business arlotik hartu nuen lur zineman. Ez nintzen banatzaile ona izan, ekoizle biziki txartzat neukan nire burua, baina gidoiak idazten hasi orduko konprenitu nuen huraxe zela nirea. Zorionekoa naiz une egokian jende aproposa ezagutu dudalako. Zinemak amets handietara eramaten zaitu eta oso goitik erori zaitezke. Bakar-bakarrik gelditu zaitezke goizetik gauera, baina zinema egin nahi baduzu jendea konbentzitzera behartuta zaude, jende anitzekin tratatu eta aliantzak egitera: bakarrik jai duzu.  


Alde ekonomikoak alde artistikoa baldintzatzen du?

Ikusleekin partekatu nahi duzuna pantailaratzeko proposamen artistiko adostua behar duzun unetik, bai. Hori hala, badira ikuslego murritza duten film onak, baina ez dira gutxi jendetza eta dirutza bildu dituzten pelikula arrakastatsu bezain ederrak. Ez dut uste publikorik gabeko film zoragarriak idaztera kondenatuta gaudenik. Alta, malezia behar da proiektuaren neurria irudikatzen duzun ikusle kopurura egokitzeko. Zuzendaria hurbiltzen zaizunean zeruan dagoen ideia batekin, gidoigilearen lana jendea bertaratu ahal izateko eskailera eraikitzea da. Horregatik dira genero pelikulak hain demokratikoak. Denek ulertzen dute zer dagoen jokoan, kontu sinple eta jakinak dira aipagai, baina justu horrek ahalbidetzen du espetxeen egoera, Bretainiako arrantza, edo euskal gatazka lantzea. Ikuslea “ez, ez da egia!”, “ez zaitez joan!” edo “esaiozu ba!” oihukatzeko tesituran jartzen baduzu irabazi duzu. Horixe da haurrek txotxongiloei so duten jarrera. Horretarako ez zaude mundua xehatzera, elur-jauziak, lur-ikarak eta uholdeak probokatzera behartuta, hori bezain hunkigarri eta larriagoa izan liteke bizikleta galtzen duen haurtxoaren istorioa. Garrantzitsua ez da gertakariaren tamaina, kontatzeko manera baizik.


Eskaileragile iaioa da gidoigile ona?

Gidoigile ona zuzendari on batekin lan egiten duena da. Zuzendaria da pelikula ontzen duena, bere anbizioak markatzen du filma. Gu alfonbra gorritik eta glamourretik biziki urrun gaude. Gidoilaria izatea sotoan lan egitea da. Publiko zabalak ez du zertan jakin nork idatzi duen filma, aski da lana eskaintzen ahal dizun dozenak jakitea. Zuzendariak pilotuak dira eta gu garajean zain gauden mekanikariak. Pilotuak esango digu azeleragailua zapaltzen duenean zarata arraro bat entzuten dela, eta guk kapota zabaldu eta arazoa karburadoretik datorrela argituko diogu. Zuzendaria da gidatuko duena, berak jarriko du bere bizitza jokoan. Gu tailerrean gaude eta aldi berean auto desberdinez arduratu gaitezke. Neurririk ez duen lana baita gurea, ez dago deus sobera eta gutxiegi lan egitearen artean. Hala, umiltasun eskola handia da gidoigintza. Nik argi dut idazten dudanaren %80ak zakarrontzian bukatzen duela, eta 30 aldiz berridatzi dudan eszena beti izanen dela 10 aldiz berridatzitakoa baino hobea. Gidoilaria ez baita idazle ona, berridazle ona baizik.


Toni Morrison-ek argi dio: “Intriga bakarra dago: deus ez da dirudiena”.

Gidoilarion urrezko araua da. Gure protagonista nazia bada, haur ezindu bat sortuko zaio, eta ikusleen balore eskala dantzan hasiko da. Alderantziz, protagonista jator, zintzo eta noblea badugu, iragan ilun bat asmatuko diogu ikusleak talka senti dezan bere baitan. Deus ez da dirudiena. Horrek emango digu ikertzeko, hausnartzeko, eraiki eta eraisteko bidea. Horrek emango digu geruza anitzeko pelikula eta pertsonaiak egiteko manera. Zentzu horretan, interesgarria da pertsonaiak heroien gisan osatzea. Ahal bezain urrutitik abiarazi behar dituzu, ahal bezain bat traba gaindiarazi, baina ezin duzu ahantzi normalki pertsonaia on batek bi helburu dituela: lehen mailako bat eta bigarren mailako beste bat. Esaterako, protagonista lapurra bada eta kutxa gotorreko giltza duen neskarekin maitemintzen bada, bere xedeak etengabe gurutzatuko dira, ikuslearen nahi eta usteak lanbrotuz. Horrexegatik dio David Mametek istorio bat zineman kontatzea esaldi bat egituratzea bezalakoa dela. Hala, pelikularako ikuspuntu bakarra hautatzen baduzu pertsonaia bat kontatuko duzu, bi ikuspuntu aukeratuz gero harreman bat, eta ikuspuntu asko txertatuta unibertso bat. Eni izugarri gustatzen zaizkit ikuspuntu bakarreko filmak, pertsonaia batean sakontzen dutenak, eta pertsonaia horiek albistegietatik edo iruditeria kolektibotik ezagunak bazaizkigu loriatzen naiz. Hor bai deus ez dela dirudiena. Adibidez, ministro baten emaztea eskupekoak jasotzen harrapatu badute, konta dezakezu dibortziatzen ari direla, ministroak dena eman arren huts egin diola, eta eskandalu politiko bat film hunkigarri bihurtu. Hori ere bada mundua kontatzea.


Zer harreman du egungo zinemak errealitatearekin?

Bi zinema mota daude: munduaz, errealitateaz, inspiratzen dena, eta beste pelikula batzuetan oinarritzen dena. Esaterako, egungo Estatu Batuetako zinemari piper bat ardura zaio errealitatea, errealitatea islatzeko serieak dauzkate. Estatu Batuetako zinemak oso harreman gatazkatsua du errealitatearekin. Frantzian, aitzitik, alderantziz gertatzen da, zinemak errealitateari heltzen dio baina ez dakigu serieekin zer egin. Enetzat zineman eta politikan gauza bera gertatzen da. Jendearen begietara gutxiengoak existitzen hasten dira ordezkaritza eraginkor bat duten unetik. Horregatik da interesgarria agertua izan ez denaren xerka ibiltzea, ikusten ez ditugun munduen defizit itzela dagoelako batetik, eta beti antzeko gauzak erakusten ditugulako bestetik. Zuzendari eta ekoizleak pertsonaiak aski jator eta goxoak ez direlako kexatzen zaizkidanean, beti erantzuten diet munduan denak ez garela kristau-demokratak edo askatasun-zaleak. Horregatik da politikoki interesgarria pertsonaia deseroso eta iluna mugiaraztea. Hartu zakur arrazista bat, ziegatik pasatzen den oro egurtzen duena, baina bihotz istorio batean katramilatu eta arabiar batzuei ospa egiten lagunduko diena. Gehienok ezinezkotzat jotzen dugu, arrotza zaigu, baina nire lana da kasuistika hori errealitatera lotzea. Ezinbestekoa bezain zirraragarria da ikuslea horren testigu bihurtzea. Bestela, beti jende onaren artean gabiltza, gure zilbor borobilei so, eta horrela nekez aldatzen da ezer.


Nolakoa da gidoigilearen begirada?

Ofizio bakoitzak du berea. Gidoiak idazteko poliziak eta gangsterrak ezagutu ditut eta, tabernara sartzean, ez dute besteok ikusten duguna ikusten. Emaztea jurista dut eta bidea zeharkatzerakoan norbait legea tentatzen antzematen badu berehala irudikatzen du epaiketa. Nik orduak eman ditzaket jendeari begira hau eta hura imajinatzen. Hain bibote apaina duena hain baldar jantzita egotea arraroa dela, klase apalekoa dirudien beste hark zergatik ote dauzkan hiru mugikor, zer egon litekeen iparraldeko posturak eta azentu italiarra duen emakumearen gibelean... Beti iruditu zait interesgarria sozialki kokaturiko jendea. Film bat ikustean beti galdetzen diot ene buruari pertsonaiak nola ordaintzen duen alogera. Ile-apaintzaile xume baten ibilerak agertu nahi badituzu, baina filmaketa erosoago eta errazago baten mesedetan, 120 metro koadroko pisu batean bizi bada, non gelditzen da sinesgarritasuna? Gidoilariaren obsesioa da sinesgarritasuna. Horregatik ematen ditut orduak eta orduak hilerrietan paseatzen, nire pertsonaientzako izen-abizen egokien bila. Zergatik da hain sinesgarria Un Prophète? Protagonistak eta ikusleak aitzina batera egiten dutelako. Egin behar duen oro ikasten agertzen da pertsonaia. Hori enpatia iturri agortezina da, dena justifikatzen du, oro bihurtzen du sinesgarri.


Sinesgarritasunak arrakasta bermatzen du?

Pentsa dezakezu esku artean duzunarekin konforme zaudela, lortu zenezakeen sinesgarritasun maila gorena lortu duzula, baina arrakasta ez dago zure esku. Cannes-en Un Prophète eta De Rouille et d'Os-ekin gertatu zaiguna deskribagaitza da. Bakoitzarekin hiru urtez bueltaka ibili ostean proiektatu baino hiru egun lehenago borobildu genituen, eta azken kredituak agertzerako, prentsa guztiaren ahotan geunden. Halakoetan, beti iruditzen zait harrika hartuko gaituztela, pelikula bat bukatu berritan ez baitakizu sobera zer egin duzun, eta kritika zorrotzak asko laguntzen dizu zure lana ulertzen, pasarazi nahi izan duzuna pasarazi duzun konprobatzen, eta prozesuan zehar ahantzi dituzun hastapeneko oinarrizko ideiekin berriz bat egiten. Ene ustez pelikula batek azken unera arte bizia izan behar baitu, ezin duzu zure proiektua formatu itxi eta bakarrera mugatu. Horrexegatik gustatzen zait errodatze garaian ere idazten segitzea, bizitzaren, eguraldiaren eta teknologiaren istripuei filmean sartzen uztea. Pelikula baten 120-140 sekuentziak idazteko 500 irudikatu dituzu, eta buruan duzun material horri esker segituko du filmak bizitzen. Egoki biziarazten baduzu errazagoa da arrakasta erdiestea.

Alde handia dago hastapenean gogoan duzun filmetik pantailara iristen denera?

Izugarria, baina biziki atsegina zait hori. Zuzendari batzuekin anitz mintzatzen gara idazten hasi aitzin. Harrigarria da lehen orrialdearen goialdera iristeko behar den denbora. Idazten hasterako asko deliberatu behar da, pauta nagusiak definituak izan. Ezin zara balego eta balitz-ekin ibili. Gero filmak berez egingo du batera edo bestera, baina galduta zaudenero hasierako erabakiak izango dituzu ipar-orratz. Kutxa zein den argi baduzu argi izanen duzu ideia berriak barnera edo kanpora jausten diren. Horregatik dut gorroto ezertan hasi aitzin zuzendari bat halako aktorerekin film bat egin nahi duela esanez etortzea. Amorratu egiten nau, kikildu. Gurdia idien aitzinetik jartzea da, zure burua aktoreen morroi bihurtzea. Nahiago dut pertsonaian pentsatu rolean baino. Rola buruan idaztea bere zilborrari so dagoen zinema egitea da. Pertsonaian zentratzeak lotzen zaitu mundura. Gainera, zure pertsonaia geruza anitzeko konplexutasunean eraikitzen baduzu, zer antzeztua egongo da, eta aktore onak erraz lortuko dituzu. 

Hurrengo urteetan zinemak nondik joko duen antzematea hain erraza balitz...

Zinema dibertsifikatuko da. Gero eta gehiago edo gero eta gutxiago idazten diren filmak egongo dira. Errodatzeko modu berriek arintasuna ekarriko dute, aurrez egiten den idazketa lanak pisua galduko du muntaiaren mesedetan. Ia erabat muntaian osatzen diren pelikula arrakastatsu anitz ikusten ari naiz azkenaldian. Zentzu horretan, eskola zaharrekoa naizelakoan nago. Tradizio zinefilo batetik nator, dramaturgiaren legeak errespetatu eta barneratuak dituen kastakoa naiz, baina nork daki, agian hori zaharkituta dago jada.

Nortasun agiria

1968ko martxoaren 23an sortu zen Neuilly sur Seine-n (Paris, Frantzia). Aita zuberotarra izaki, beti izan du lotura estua Euskal Herriarekin. Ekonomia eta kudeaketa ikasketak egin zituen Parisen, zinema munduan banatzaile eta ekoizle gisan hasi aitzin. Arlo ekonomikotik arlo artistikora jauzi egin eta gidoigintzan laketu zen; beste hainbaten artean, Un Prophète (Oscar-etara nominatua), A Perdre la Raison, eta De Rouille et d'os arrakastatsuen gidoigilea da. 2010ean Frantziako gidoi onenari zegokion César saria jaso zuen Un Prophète lanari esker.

OFF THE RECORD
Zuberoan

Onizepean gaude. Etxe handi, zabal bezain baketsuaren parkean. Thomasek zigarroei filtroa kendu eta bat bestearen gibeletik erretzen ditu. Erretzeari uzteak hiltzen duela dio. Telefonoak jo eta aurrera eta atzera hasi da, pausoek ideia faktoria martxan jarriko balute legez. Jacques Audiard zuzendaria zen. Aurreko astea Onizepean pasa omen zuten biek hurrengo proiektuaren lehen sekuentziak izkiriatzen. Sarritan etortzen dira Paristik ihesi. Kosmopolita unibertsal postmodernoek ahoz aho darabiltzaten pelikulak non eta Zuberoan idatzi direla jakingo balute...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Eguneraketa berriak daude