Afrikan beltz, Europan zuri

  • Frantziako Estatuan homosexualen arteko ezkontzaren legea onartu denetik, Euskal Herri osoan sexu bereko bikoteek heterosexualen eskubide berak dituzte, ezkontza zibilari dagokionez behintzat. Afrikako egoera gordinarekin alderatuta, Euskal Herriak eta, oro har, Europak paradisua behar lukete homosexualentzat. Baina legeak lege, LGBT komunitateko kideek oraindik urrun dute erabateko berdintasuna.

Ezkontza homosexualaren legeak Frantziako gizartea zatitu du. Goian, homosexualen arteko ezkontzaren kontrako manifestazioa; afixetako batek
Ezkontza homosexualaren legeak Frantziako gizartea zatitu du. Goian, homosexualen arteko ezkontzaren kontrako manifestazioa; afixetako batek "guztiak heterosexualen haurrak gara" dio, inozoki.

2010ean, munduan gehiago ziren homosexualitatea heriotzaz zigortzen zuten herrialdeak, homosexualen arteko ezkontza legez onartzen zuten herrialdeak baino. Hiru urte geroago datu horri buelta eman zaio. Gaur egun ezkontza homosexuala legezkoa da 11 herrialdetan: Herbehereak (2001), Belgika (2003), Espainia (2005), Kanada (2005), Suedia (2009), Norvegia (2009), Portugal (2010), Islandia (2010), Argentina (2010), Uruguay (2013) eta Frantzian (2013). Edo 11 herrialde eta erditan, AEBetako egoera anitza eta Mexikoko Barruti Federala kontuan hartuta. Aurki zerrenda zabal daiteke, Erresuma Batuan, esaterako, legea eztabaidatzen ari direlako. Eta badira heterosexualen ezkontza eskubide berdinak izan ez arren, nolabaiteko eskubideak dituzten hainbat herrialde: Zeelanda Berria, Australia, Hegoafrika, Israel, Brasil... eta aurreko zerrendan aipatu gabeko Europako herrialde gehienak.

Beste aldean, homosexualitatea heriotzaz zigortzen duten zazpi herrialde daude: Iran, Saudi Arabia, Yemen, Mauritania, Sudan, Somalia (hegoaldeko hainbat eskualdetan) eta Nigeria (iparraldeko hainbat eskualdetan). Eta zerrenda murriztu beharrean, aurki beste bi erants dakizkieke: Uganda eta Etiopia.

Atariko datu larria aldatu izanagatik, munduko mapa oso desorekatua da oraindik.  Herrialde gehienek (70etik gora) legez zigortzen dute homosexualitatea (heriotza zigorra ezartzen duen zazpikoteaz gain). 1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea gaixotasun zerrendatik ezabatu zuen. Baina MOEk ordezkatzen omen duen mundu horren zati handi batek azken 23 urtetan entzungor egin die erakundearen esanei: herrialde gehienetan gaixotasuna ez ezik, delitua ere bada LGBT komunitatekoa izatea. 2008an Frantziako Gobernuaren proposamen bat bozkatu zen Nazio Batuen Erakundean (NBE), munduan harreman sexualak despenalizatzeko. Proposamenaren alde bozkatu zuten Europar Batasuneko herrialde guztiek, Argentinak, Brasilek, Txilek, Kolonbiak, Venezuelak eta Kubak. Baina ezezkoak garbi irabazi zuen 57 botorekin. Besteak beste, herrialde hauek egin zuten despenalizazioaren kontra: AEB, Txina, Errusia, islamdar konferentziako kide diren herrialdeak eta, nola ez, Vatikanok.

Afrikako egoera beltza  

Geografikoki kontinentearen hegoaldeko muturrean egonagatik zentzu askotan mendebaldartua dagoen Hegoafrikan ezik, Afrikako herrialde guztietan homosexualitatea legez kontrakoa da. Lau herrialdetan heriotza zigorra indarrean da homosexualitate delituengatik, eta beste bi herrialde bidean dira. Legeria homofobo horien aplikazioaren azken adibidea, edo Mendebaldeko komunikabideetara iritsi den azken berria behintzat, Marokon gertatu da. Iragan maiatzean, Rabateko aldirietako parke batean aparkatutako auto batean, 28 eta 20 urteko bi gizon atxilotu zituzten. Homosexualitate ekintzak eta moral publikoaren aurkako atentatua leporatu zizkieten. Temarako lehen instantziako auzitegian epaitu dituzte eta epaiaren zain daude orain; zigorra arintzeko leporatutako delituak onartu dituztenez, eta delituan harrapatutako lehen aldia denez, “soilik” 6 hilabete eta 3 urte bitarteko kartzela zigorra eta 1.000 dirhameko isuna jasoko dutela aurreikusten da.

Ekialde Hurbileko eta Asiako egoera ez da askoz hobea. Kasu honetan ere salbuespen bakarra dago: Israel ez beste herrialde guztietan homosexualitatea delitua da.

Amerika bi muturren tartean legoke. Karibeko uharte askotan homosexualitatea legez kontrakoa da. Baina gero eta herrialde gehiagotan onartzen ari dira LGBT kolektiboaren eskubideak (edo eskubide batzuk bederen). AEBen egoera anitz eta kiribilak atal berezia beharko luke. Adibidez, 2003an, Massachussetsen sexu berekoen arteko ezkontza onartzen zen bitartean, beste 16 estatutan “sodomia” legeak oraindik indarrean zeuden. Kalifornian, 2008an, 22. proposamenak ezkontza homosexuala onartu zuen eta urte berean 8. proposamenak bertan behera utzi. AEBetako Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain, gaur egun, estatu horretan sexu berekoek ez dute beren artean ezkontzeko aukerarik, baina beste inon ezkonduz gero, estatuak eskubide guztiak onartzen dizkie.

Europako oasia

LGBT eskubideen munduko mapa ilunean Europak distira egiten du. Gay ezkontza onartua duten munduko 11 herrialdeetatik 8 Europakoak dira. Beste 10 herrialdetan sexu berekoek legalki batzeko aukera dute, heterosexualen “ezkontza”ren formula galarazita izan arren. Eta kontinente osoan homosexualitatea zigortzen duen legerik ez dago.

Gizartearen iritzia ere legislazioaren bide beretik doala dirudi, inkestei jaramon eginez gero. Homosexualen arteko ezkontza eta adopzio eskubideez galdetuta, Europako herritarrek baiezko biribila erantzuten dute. Herrialde gehienetan %80tik gorakoa da aldeko portzentajea.

Oasi horren erdian dago Euskal Herria. 2005etik aurrera Hegoaldean ezkontza eta adopzioa legezkoak dira eta udaberri honetan gehitu zaio Iparraldea. Euskal gizartearen jarrera ere baikorra da: EAEn %87 sexu berekoen arteko ezkontzaren alde dago, eta %81 legezko sexu aldaketaren alde, Eustatek emandako datuen arabera. Datu batzuk aldamenekoekin alderatuta ere, euskal gizartea nabarmen gailentzen da. EAEn 25 eta 29 urte bitartekoen %2ak soilik uste du homosexualitatea gaixotasuna dela; Espainiako Estatuan, aldiz, adin tarte berean portzentajea %10ekoa da.

Europarren zurikeria

Datu estatistiko espezifikorik ezean, ez dirudi Iparraldeko egoera Hegoaldekoaren parekoa denik. Jean Michel Colo Arrangoitzeko auzapezak bi gizon ezkontzeari uko egin berri dio eta, horrenbestez, homosexualen arteko ezkontzaren legeak Frantziako Estatuan eragin duen polemika Ipar Euskal Herrira ere iritsi da. Lehen esan dugu Europa osoan herritar gehienak ezkontza homosexualaren alde daudela, baina datu kaxkarrena Frantziakoa da: galdegindako herritarren %52 dago legez onartu berri denaren alde; juxtu-juxtuan gehiengoa izanik ere, auziak eragin duen zatiketa adierazten du. Laurent Bouvet adituaren esanetan, Frantziako Estatuan eztabaidak “luze jo duelako” eta “legearen kontrakoak aldekoak baino mobilizatuagoak” daudelako gordindu omen da auzia.

Baina Frantziako datuak gainerako herrialdeetakoak baino “errealagoak” direla pentsatzeko arrazoiak ere badaude. Europako Oinarrizko Eskubideen aldeko Agentziak (FRA) Europa osoko LGBT komunitateko 93.000 kideri homofobiaz galdeketa egin die eta emaitza harrigarriak lortu ditu. Batez beste, inkestatuen %47k erantzun dute azken 12 hilabeteetan diskriminazioa jasan dutela. Portzentajea Europako batez bestekoa baino apalxeagoa Frantziako Estatuan (%41) eta are txikiagoa Espainiakoan (%38), baina oso kopuru handia da, hala ere. Eta europarren hipokrisia adierazten du: herritarrek diote ez direla homofoboak, baina LGBT komunitatekoen esperientziak kontrakoa adierazten du nabarmen.

Belaunaldi berri homofoboa?

FRAren inkestaren emaitza eskandaluzkoa da gazteenen diskriminazioari dagokionez. Eskolako nahiz institutuko ikasle homosexualen %91k jasan dituzte jarrera homofoboak azken urtean (Espainiako Estatuan portzentajea Europako batez bestekoaren berbera da, eta Frantziakoa puntu bat baxuagoa).

2010-2011 ikasturtean Gehitu elkarteak Donostiako bigarren hezkuntzako zentroetan egindako inkestak ere europarren moral bikoitza adierazten du nolabait. Ikasleen %94,1ek jarrera homofobikoak arbuiatzen dituztela erantzun zuten. Baina %84ek irainen lekuko izan direla zioten eta %25ek diskrimazioan parte hartu dutela onartu zuten. Eta beste datu kezkagarri bat: 2000. urtean EAEko gazteen %4k ez zuten auzoan homosexualik nahi; 2010ean %14raino igo zen kopurua.

Belaunaldi berrien jarrera homofobiko hori adinean eta hezkuntzan aurrera egin ahala zuzenduko da? Ala, besteak beste krisialdiak eraginda, jarrera kontserbadoreak eta homofobia hazten ari dira europar paradisuan? Teorian, Europan eta bereziki Euskal Herrian LGBT komunitateko kideen egoera “pribilegiatua” dela esateko tentazioa handia da, batez ere Ugandako egoerarekin alderatuz gero. Baina praktikan, esaterako, Iruñeko gazte batzuk jipoitzen dituztela eta Ugandara aldegiteko gonbitea luzatzen dietela jakitean, ikusten da euskal gizarteak oraindik harro egoteko motibo gutxi duela.
 

Ugandan homosexualen aurkako heriotza zigorra onar daiteke aurki

Ugandan 14 urte arterainoko espetxearekin zigortzen dira gaur egun jarrera homosexualak. Baina 2009an David Bahati parlamentukideak aurkeztutako lege proiektua onartuz gero, zigorrek okerrera egingo dute nabarmen. Homosexualitate delitua berriz egiten dutenentzat, GIBa dutenentzat eta harreman homosexualak 18 urtez azpikoekin dituztenentzat heriotza zigorra aurreikusten du proiektuak. Gainerako homosexualentzat bi bitarteko espetxea ezartzen du, Ugandatik kanpoko ugandar homosexualak estraditatzeko aukera barne hartzen du eta homosexualen eskubideen aldeko adierazpenak egiten dituzten elkarte, komunikabide, enpresa eta gizabanakoentzat ere zigor penalak zehazten ditu. Gainera, herritarrak, jarrera eta ekintza homosexualen lekuko izanez gero, salatzera behartuko lituzke legeak.

Lege proiektua ez atzera ez aurrera ibili da azken urteotan Ugandako parlamentuan. Azkenekoz 2012ko otsailean aurkeztu zen, baina Ugandako Gobernuak auzia atzeratzea erabaki zuen. Aurki berriro eztabaidatuko du parlamentuak, Ugandako 500.000 homosexualen bizia (eta hauen alde dauden beste milaka batzuen askatasuna) arriskuan jarriz.

Dena den, oraingoz legea onartu ez izanak ez du esan nahi Ugandan homosexualak heriotzaz zigortzen ez dituztenik. 2011ko urtarrilaren 26an David Kato LGBT ekintzailea eraso zuten Kanpalako etxean. Mailuz bitan buruan jo zuten eta ospitalera bidean hil zen. Poliziaren arabera lapur arruntek hil zuten Kato, baina nazioarteko hainbat erakundek berehala gezurtatu zuten bertsio ofiziala, eta Katoren heriotza eraso homofobikoa izan zela adierazi. Gainera, Katoren zigor “alegala” ez zen heriotzarekin amaitu. Haren “aldeko” hiletetan, apaiz ebanjeliko batek homosexualitatea eta Kato bera kondenatu zituen, eta auzokideek Katoren gorpua ehorzteari uko egin zioten. Azkenean, hildakoaren lagunek herritarrei aurre egitea eta gorpua ehorztea lortu zuten.

Legearen eta gizartearen mehatxu etengabeari muzin eginez, joan den urteko abuztuaren 4an, dozenaka ugandar ausart batzuek gay harrotasuna ospatzea erabaki zuten. Kamioneta baten atzetik, Kanpalako hondartzetara bidean, desfile alai eta arriskutsua egin zuten, harik eta poliziak ekitaldia bertan behera utzi zuen arte.

Iruñean musu emateagatik erasoak

Iragan apirilaren 6an, goizeko 8:30ak inguruan, Iruñeko Zitadelaren babes erretenetatik gertu, 18 urteko bi mutilek agurtzeko musu eman zioten elkarri. Orduan, adin beretsuko beste hiru mutil hurbildu zitzaizkien, eta ukabilkadaka hasi. Sabelean jo zioten bati, aurpegian besteari. Ondoren, hirukoteak ihes egin zuen, irain homofoboak bota bitartean. “Gu beraien herrialdean bizitzerik ez zutela nahi eta Ugandara joateko esan ziguten”, adierazi zuen gazte erasoetako batek. “Ezustean harrapatu gintuzten. Ez genuen uste Iruñean, XXI. mende betean horrelakorik gerta zitekeenik, musu emateagatik joko gintuzketenik. Gainera, kale erdian ere ez geunden, toki nahiko baztertuan baizik”.

Berehala Nafarroako Ospitalera joan ziren. Arreta egin zieten medikuek gertatutakoaz galdegin zieten, salaketa jartzeko modukoa ote zen jakiteko. Baina gazteek poliziarengana ez jotzea erabaki zuten. “Nire lagunaren etxeko egoera ez da erraza, ingurukoek ez dute bere joera sexualaren berri, eta poliziarengana jotzeak arazo gehiago eragingo zizkiola pentsatu genuen”.

Handik egun batzuetara, ordea, Kattalingorri Nafarroako LGBT arreta zentrora jo zuten laguntza eske. Bertako kideen gomendioari jarraiki, salaketa legalik egin gabe ere, gertatutakoa publikoki salatzea erabaki zuten. Sare sozialetan eta hainbat komunikabidetan zabaldu zuten erasoaren berri, beti ere biktimen anonimotasuna atxikita. “Eraso ugari salatu gabe geratzen dira, biktimek oraindik beldurra eta bebesgabetasuna sentitzen dutelako”, diote Kattalingorriko kideek. “Biztanleriaren zati handi batek uste du LGBT komunitatean urrezko aroa bizi dugula, eskubideei dagokionez azkenaldian egiten ari diren lege aldaketak direla eta. Baina gaur egun Iruñea seguru eta lasaian oraindik ere horrelako eraso homofoboak gertatzen direla adierazten du errealitate gordinak”.

EHGAMek argitaratutako datuek diote Iruñeko erasoa ez dela salbuespena. Datu horien arabera, EAEn, 2012. urtean, 500 salaketatik gora egin ziren eraso (fisiko nahiz psikologiko) homofoboengatik: 273 Bizkaian, 192 Gipuzkoan eta 49 Araban. “Zenbat eraso izango ziren benetan?” galdetzen dute EHGAMeko kideek, Kattalingorrikoen kezkarekin bat eginez.


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
2024-07-02 | ARGIA
Lesbianismoaz eta ultraeskuinaz mintzo den ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du Zinegoakeko sari nagusia

Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.


Queertopiak: babeslekuak, inguruan eragiteko moduak

'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]


Gorputz hotsak
“Herrietan lumek lekua daukate, edo behintzat, nire gorputzak kabitzea lortu du”

Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]


Alemaniako futbolari gay-ak zergatik ez dira azkenean ausartu armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


Transen eskubideen aldeko elkarretaratzea eginen dute Baionan, 800 eragileren deiarekin bat eginik

Maiatzaren 5ean mobilizatzeko deia luzatu dute 800 eragilek Politis komunikabidean plazaraturiko iritzi artikulu baten bitartez. Tartean daude besteak beste, Annie Ernaux idazlea, Hiesaren aurka dabilen Act Up elkartea, Planning Familial talde feminista ezaguna,... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
“LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran”

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


2023-07-26 | Ilargi Manzanares
Elantxoben eta Bilbon eraso LGTBfoboak salatu dituzte

Bermeoko Udalak Elantxoben larunbatean gertatutako erasoa gaitzetsi du, eta Anitzak Bilbao LGTBIQ+ elkarteak asteartean Bilbon gertatutakoa.


Ángeles Cruz. Komunitatean beti
“Ez gatoz inorekin lehiatzera, gure istorioak kontatzera baizik”

Ángeles Cruz zinemagilea da, baina ahaztu itzazu industria horren dinamika patriarkal, arrazista eta kapitalista guztiak. Misteka herri indigenakoa eta lesbiana izanik, "komunitatea" da Cruzek gehien errepikatzen duen hitzetako bat. Hortik egiten du zinema, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude