Azken asteetan hainbat albiste kaleratu da, EAEko, Nafarroako eta foru aldundietako gobernuek kudeaturiko enpresa publikoen inguruan. Hala, Nafarroako Gobernua zenbait enpresa publiko desegiten ari da, azken urteetan hamarnaka milioi euroko galerak izan ondoren. Nafarroako enpresa publikoen galerak 32,2 milioi eurokoak izan ziren 2011n eta 65 milioi eurokoak 2012an. Gehien galdu duena Sodena izan da (Nafarroako Garapen Elkartea) eta haren atzetik daude NDO (Los Arcoseko zirkuitua eta Tuterako Nekazaritza-elikagaien Hiria kudeatzen duena), CEIN eta GAN. EAEn, Barakaldoko BECek galera handiak ditu, 320 milioi euro hain justu. Bilbao-Ria-2000 elkartea “crack” egiteko zorian da, 203 milioi euroko zorra baitu. Zubietako errauskailua justizia epaitegietan da, EAJko aurreko foru arduradunen kudeaketa dela-eta, eta abar. Horrek guztiak langileei eragiten die, EEEak eta soldata jaitsierak ezarri nahi baitzaizkie. Enpresa horien arduradun politiko UPN –Nafarroako kasuan– eta EAJ –EAEko kasuan– dira.
Egoera hori, Hego Euskal Herriko enpresa publikoen kudeaketaren adierazle ezkorra da. Batzuek esango dute finantza eta ekonomia krisiagatik izan dela. Onartu genezake arduraren zati bat krisiari dagokiola. Baina erru handiena, euren erantzukizuna onartzen ez duten alderdi politikoena da, ez zituztelako helburuak ondo kudeatu eta planifikatu, ez zituztelako arriskuak aurreikusi, eta batez ere, krisiaren kontrako neurriak ez zituztelako garaiz hartu. Orain dabilena baino askoz trafiko handiagoa aurreikusi zen Artxandako tunelen eta Supersurraren esplotazioa –Bizkaiko Diputazioaren esku– esaten ari garenaren beste adibide bat da. Eta horrela dabiltza!