Adabakietatik neurri eraginkorretara

  • Urteroko ohitura bihurtu da kasik: ibaiek gainezka egin eta kalte andana uzten dute inguruko etxe, garaje, errepide edo baratzeetan. Adituei ez zaie harritzekoa iruditzen, bere eremu naturala jan diogu ibaiari, eraikinez eta azpiegiturez bete ditugu urari dagozkion bide eta hezeguneak. Behin-behineko hormek eta dragatzeek ez dute arazoa konpontzen, eta garaia da ganorazko neurriei heltzeko.

Ibaien oreka naturala mantentzeko ezinbesteko fenomenoak dira aldizkako uholdeak. Hala ere, klima aldaketaren ondorioz ugaritu egingo direla diote adituek. Irudian, hilabete honetan bertan Atarrabian izandako ur-ateraldia.
Ibaien oreka naturala mantentzeko ezinbesteko fenomenoak dira aldizkako uholdeak. Hala ere, klima aldaketaren ondorioz ugaritu egingo direla diote adituek. Irudian, hilabete honetan bertan Atarrabian izandako ur-ateraldia.

Iruñerrian inoiz erregistraturiko ur-emari handiena jasan berri dute bizilagunek, Argak eta Ultzamak gainezka egin ostean –urak inguratuta eta traktorean harrapatuta zegoen gizon bat helikopteroz erreskatatu behar izan zuten–. Senperen, Ezpeletan eta Azkainen ere kalte ugari eragin zuen Urdazubi ibaiak. Pasa den urtarrilean, 2.000 hektarea baino gehiago hartu zituen gainezka egindako urak Erriberan. 2012ko urrian ere Nafarroa izan zen gaztigatuena eta 2011ko azaroa gogoan izango dute oraindik Getxoko Faduran edo Donostiako Txomin Enean eta Martutenen bizi direnek. Zodiak ontzietan atera behar izan zituzten azken horietako hainbat herritar. Etxetik irten ezinik eta argindarrik gabe geratu ziren herri ugaritan, errepideak moztu zituzten, tren zerbitzuak bertan behera utzi, Hernanin Elorrabiko zubia erauzi zuen urak, eta bi lagun hil ziren, ibaiak eramanda: 76 urteko gizon bat Irunen eta 66 urteko emakumea Derion.   

Adibide bakanak baino ez dira, eta etorkizunean euri-jasak %10 ugarituko direla aurreikusi du Azti-Tecnalia ikerketa zentroak; alegia, uholdeak sarriago jasango ditugula Euskal Herrian, klima aldaketaren ondorioz. Ez da ahaztu behar fenomeno naturala direla euriteak eta hauek eragindako uhaldiak. “Ibaien ekosistemak dinamika propioa dauka eta bere oreka naturala mantendu ahal izateko, aldizkako uholdeak ezinbesteko fenomenoak dira. Ur-goraldiek landarediaren hazkuntza mugatzen dute ibaietan eta ubideak garbitzen dituzte”, diosku Iratxe Garrido Tejedor Eguzki talde ekologistako kideak. Arazoa da, ordea, aipaturiko ekosistemak eraldatuak izan direla, urak gainezka egiteko behar dituen eremuak lapurtu dizkiogulako ibaiari, azpiegiturak eraikiz: “Batzuek (zubiak, hesiak…) ur-emaria mugatzea dute helburu eta beste batzuek (urtegiak, presak…) ura biltegiratu nahi dute –argitu du Garridok–. Horri lurzoruaren artifizialtzea gehitu behar diogu, ura xurga dezaketen lurrak gero eta eskasagoak baitira”. Asfaltaturiko ibaiertzetan, gainera, azkarrago iristen da euria ibaietara.

1950eko hamarkadan bizkortu zen ibaiertzen okupazioa, eta ordutik gero eta uholde-esparru gehiago eraldatu eta geureganatu ditugu. Euskal Herriko orografia malkartsuaren ondorioz lautada gutxi dagoenez, “azken bi hamarkadetako etxegintza basatiak ibaien uholde-lautadetan eraiki du”, azaldu digu Garridok. Errepideak, aparkalekuak, zubiak, etxeak eraiki dituzte hezeguneetan eta ibaien ubidea estutzea ekarri duten obrak ere egin dira. Areago, Espainiako Estatuko Cambó Legeak sustatu egiten zuen padurak idortu eta okupatzea, gune antzuak zirela argudiatuz. Ekosistema hauen garrantziaren eta arriskuen jakitun ez zirelako, gai honetan agintariek oso geldo eboluzionatu dutela baina azken urteetan administraziotik ikuspegia aldatzen ari direla uste du Jose Maria Sanz de Galdeanok, URA Uraren Euskal Agentziako Plangintzen eta Lanen zuzendariak.

Hala, gaur egun, urak gainezka egin dezakeen gunea urbanistikoki garatzea galarazi dezake Agentziak, Sanz de Galdeanok gogoratu duenez, eta EAEko Plan Hidrologikoak eta Ibaiertzen Babeserako Lurraldeko Arlo-Planak filosofia horri eusten diotela aipatu digu. Uhaldiak egon daitezkeen eremuetan eraikuntza saihestea da URAren helburuetako bat. Aldiz, kontrako adibideak ere ikus ditzakegu inguruan. Hernanin esaterako, ibaiak gainezka egin ohi duen Karabel auzoan, uholdeen aurkako arauak ezarri dituzte, baina aldi berean etxe berriak eraikitzen ari dira. Ondarroan, Alleri auzoan, herritarrek sortutako plataforma izan zen hezegunean 500 etxe eraikitzeko proiektua gelditzea lortu zuena: Auzitegi Gorenak ebatzi zuen babestutako padura ezin dela lur urbanoa izan eta legez kanpokoa zela administrazioak aurrera eraman nahi zuen proiektua. Sarri plan urbanistiko hauek udalen esku daudela eta interes ekonomikoak gailentzen direla uste du Iratxe Garridok: “Zonalde jakinetan eraikitzea debekatzen duen araudia nahiko berria da eta kasu ugaritan gobernuek ez dute behar bezala betetzen; eraiki berri diren azpiegitura eta etxebizitza asko eta asko legez kanpokoak dira”.


Padurak ibaiari bueltatzea

Ibaiertzean gehiago ez eraikitzea da lehen urratsa, bai, baina zer egin dagoeneko eraiki den guneetan? Konponbide egokiena eremu horiek erabat hustea  dela uste du Garridok, baina gehienetan toki horien artifizialtze maila hain da handia, “ezen jada ezinezkoa da jatorrizko egoera naturalera itzultzea. Dena den, zenbait zonaldetan hezeguneak berreskura daitezke, plan estrategikoak jarraituz, ez baita nahikoa ibaiei urtetan kendutako lurrak bueltatzea, ekosistemen dinamika ulertzea ezinbestekoa da, etorkizun hurbilean sor daitezkeen arazoei aurre egiteko”.

Uraren Euskal Agentziak lehentasunezko 30 proiektu ditu, tartean etxeak eta industrialdeak lekuz aldatzea, kanalizazioak hobetzea, ubide paraleloak sortzea (ur-emari handia datorrenean jatorrizko ubideari laguntzeko), edota babes-azpiegiturak eraikitzea, alternatiba hoberik ez dagoenean. Antzerako egitasmoak ari dira lantzen Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Prebentzioaren garrantzia ere azpimarratu du Sanz de Galdeanok, euri-jasak garaiz iragarri eta aurreikustea ezinbestekoa baita behar bezala erantzuteko. Babes Zibilarekin koordinatuta egiten du lan agentziak eta UHATE iragarpen eta alerta goiztiar sistema (zehazki, Uholdeen Aurreikuspen Ta Erabakitzeko Sistema) probatu dute aurtengo ur-ateraldietan. Aurreikuspenen hutsegiteak, ordea, baliabide falta eta saihestu zitezkeen kalteak eragin ditu Nafarroan, azken uholdeetan.

Zeintzuk dira, dena den, gaur gaurkoz uraldiei aurre egiteko herri askotan hartzen diren neurriak? Hormak edo barrerak altxatzea izaten da aukera nagusietako bat, baina sarri ez da hautu zuzena. Nekazal guneetan oso zabaldua dago urari oztopoa jarri nahian eta inguruko soroak babesteko asmoz barrerak ezartzea, Araba eta Nafarroan bereziki. Horma gainditu edo apurtuz gero, ordea, emariaren erosio maila eta indarra handitu egiten da, kalteak areagotuz, eta gainera, ordu gutxitan ubidera bueltatuko litzatekeen urak egunak iraungo ditu zelaietan geldi, hormak galarazi egiten diolako ibaira itzultzea. Oztopoa gainditzea lortzen ez duenean ere, hormek estututa presio eta abiadura handiagoz jaisten da ura eta aurrerago bortitzago egin dezake gainezka.


Dragatzea ez da soluzio

Dragatzea da udalek erabaki ohi duten beste neurrietako bat. Baina ibaiak eurak bakarrik garbitzen eta dragatzen direla azaldu digu Sanz de Galdeanok, eta guk dragatzen baditugu, hurrengo uhaldian ibaia aurreko egoerara itzuliko dela berriz, sedimentu berriek beteko baitute hutsik geratu den lekua: “Halako ekintzak, beraz, guztiz alferrikakoak dira eta gainera landaredia kentzeak edo ubidea dragatzeak ibaiak andeatzen ditu”. Horregatik, otsailean Gasteizko Udalak Errekaleor eta Santo Tomas ibaietan sasitza kendu eta garbiketa lanak egiteko aurkezturiko milioi bat euroko proiektua diru-xahutze hutsa dela kritikatu du Eguzkik. Garridoren arabera, sedimentu naturalak ezabatuz bidearen sakonera eta zabalera handitzeak ez du ezer konpontzen, biodibertsitatea suntsitzen du eta albo-ondorioak sortzen ditu: hala nola, draga burutzen den eremuetatik gora erosioa, ubidea hondoratzea eta irregulartasunak hondoan, azal freatikoa jaistea (eta ondorioz ureztatze-putzuak lehortzea), zubi eta harri-lubeten euskarriek egonkortasuna galtzea, eta abar.

Kontuak kontu, esku-hartze gehienak ibaiertzetan egiten direla eta ur-ateraldien ondorioak gutxitzeko mantentze-lanak ibai-arroetan burutzea komeniko litzatekeela gaineratu du Garridok, “ibai-arroak artifizialtzen direnean ondorioak ibaiak berak pairatzen ditu-eta”. Berdin iturburuekin: ez baditugu behar bezala zaintzen, sorburuko ur biziek dakartzaten elementuak pilatuz joango dira eta aurrerago, hiriguneetan esaterako, ibaiak gainezka egitea eragin dezakete.


Urtegiak, mesedegarri ala arrisku?

Urtegiek ere badute zeresanik honetan guztian. Oso urtegi txikiak badira, ez dute gaitasunik emarian eragiteko. Aldiz, urtegi handiagoek, Zadorrakoa edo Añarbekoa kasu, ibaien gainezkatzea txikitu eta hein batean gelditu dezakete, kudeaketa eraginkorra eginez gero. Presari esker uraren jarioa eten eta modu kontrolatuan emari txikiagoa ateratzen uztea litzateke konponbidea, URAko kideak argitu digunez. “Baina urtegiak muga bat dauka eta ur gehiago bildu ezin duen mailara iritsiko balitz, sartzen ari den emari guztia askatu beharko luke; ondorioz, presa azpiko uholde-eremuetan azpiegiturak eraiki badira, benetako tranpa bihur daitezke lekuok”. Urtegiak euriari eusteko gai ez badira, sortzen den arazoa oso larria izan daiteke, hortik aurreikuspenen garrantzia, euri-jasak hasi aurretik urtegia behar adina hustu eta lekua egin aldera.

Gestio onaren adibide bat jarri digu Sanz de Galdeanok: joan den urtarrila-otsaileko euriteetan, Gasteiztik igarotzen den tartean Zadorrak gehienez 125 metro kubikoko emaria eraman zuen segundoko eta 2,90 metroko altuera hartu zuen. Hori lortzeko, urtegien kudeaketa funtsezkoa izan zen, bestela segundoko 375 metro kubikoko emaria eta 5,5 metroko altuera hartuko zukeen Zadorrak eta kalteak seguruenik askoz handiagoak izango ziratekeen. “Hainbat administrazio eta erakundek hartzen dute parte urtegien kudeaketari buruzko erabakietan, URAren koordinaziopean. Esperientzia, orain arte, oso ona izan da”. Kritikoagoak dira Eguzki talde ekologistan; haien hitzetan, urtegien funtzionamendua –jabetza pribatua nahiz publikoa izan– enpresa pribatuen esku dago, “eurek erabakitzen dute konportak noiz zabaldu eta noiz itxi, eta irizpidea energia-eskaeran oinarritzen da”.

Azkenik, zubiek ere rol esanguratsua dute uhaldietan. Ur-jarioari trabak jartzen dizkion edozein egiturak eragina du eta horregatik, eragozpenik ez sortzeko bezain zabal eta altu izan behar du zubiak, Sanz de Galdeanoren arabera. “Hori ere arautu egin dugu orain, baina dagoeneko eraikita dauden zubi zahar asko benetako arazo dira eta sarri babestutako ondarea da, duten balio historikoagatik”.


Urumea, Kadagoa,
Zadorra, Ebro…

Puntu beltz ugari ditugu Euskal Herrian. Ebrok triskantza bat baino gehiago utzi du Nafarroan –Bidasoa eta Arga ere aintzat hartzekoak dira–; Gipuzkoan Urumea eta Oria dira arrisku gehien sor dezaketen ibaiak, Deba eta Urola ahaztu gabe; Araban Zadorrari begiratu behar zaio batez ere; Bizkaian Ibaizabal, Nerbioi (honek Araba ere ukitzen du), Kadagoa, Butroe eta Gobela ditugu; eta Lapurdin kontuz ibili behar gara Aturri eta Errobirekin (azken honekin baita Nafarroa Beherean ere). Orokorrean, Eguzkiko kideak gogoratu digu uholde-lautadarik ez duen eta ibai-arro euritsua daukan edozein ibaik egin dezakeela gainezka. Euskal Herrian, dakigunez, euria sarri dugu lagun eta neurri eraginkorrak hartu ezean, ezusteko desatseginak izan ditzakegu etorkizunean.

Zaborrez betetako urak

Ibaia dragatzeak ez du balio uholdeak saihesteko, baina naturala ez den edozein trabak ur-emaria oztopatzen du, eta beraz, garrantzitsua da ibaiak gizakion zikinkeriatik garbi mantentzea. Urgarden kolektiboa (urgardenbai.blogspot.com) 2012 hasieran sortu zen; Urumea ibaiaren egoera tamalgarria ikusita, zazpi lagun bildu eta ibaia garbitzeari ekin zioten Hernanin. Ordutik, auzolanean 19 garbiketa egin dituzte dagoeneko Gipuzkoan (Urumea, Oria, Deba, Oiartzun eta Molinaok bustitzen dituzten hainbat eremutan). 10-15 kidek osatzen dute Urgarden, bizpahiru orduko garbiketak antolatzen dituzte eta bakoitzean inguruko herritar boluntarioak batzen dira, 20 eta 55 lagun artean guztira. Kideen esanetan, administrazioak bizkarra eman dio ibaiak garbi mantentzeari, ez du isurien kontrol egokirik egiten, baina ardura eta erantzukizuna herritarrona ere bada.

Denetik aurkitu dute ibaietan: auto zatiak, motoak, bizikleta asko, plastiko pila bat, komunetik behera botatakoak –“izugarria da zenbat konpresa dauden ibaietan”–, hozkailuak, obretako hondakinak, arropa, ume-kotxeak, 150 bat pneumatiko, jostailuak, altzariak, ordenagailu zatiak, irratiak, txatarra, koltxoiak… “Duela gutxi 1,2 tona zabor bildu genituen Oria ibaiko 100 metrotan”. Hain juxtu, Oria ibaia bereziki kutsatuta eta zaborrez betea dagoela nabarmendu dute Urgardenekoek.

 

Uraldi historikoak Euskal Herrian

1330eko Zangozako uholdeetatik hasita, makina bat aldiz egin du gainezka urak gurean. Data esanguratsuenetatik adibide batzuk hautatu ditugu.

1380, apirilak 15. Bilbon, Galdakaon eta Arrigorriagan nabaritu zuten batez ere. Hiriburuko zubia txikitu zuen urak eta Nerbioi eta Ibaizabal ondoko errotak suntsitu zituen.

1593, irailak 22. Historialariek Uholde Handia izendatu zuten. Itsasontziak, amarrak puskatuta, Bilboko kaleetan barna ibili ziren eta ibaiak San Anton zubiko arkua eta udaletxeko etxeak eraitsi zituen. Herritarrak Begoñako santutegira igo ziren babes bila.

1787, irailak 24-25. Euskal Herrian inoiz jazotako uholderik larriena izan omen zen. Presioak eraginda, Esako harrizko zubia apurtu eta Zangoza hartu zuen urak. Bi metroko altuerara iritsi zen herriko kaleetan, 465 eraikinetatik 428 birrindu zituen eta guztira 556 bizilagun hil ziren (biztanleriaren %18).

1834, ekainak 30. Gipuzkoa mendebaldean sufritu zituzten ondorio larrienak eta 39 herritar hil ziren –gehienak Debabarrena eta Debagoienan–.

1913, ekainak 2. Baztan eta Errobi ibaiaren harana izan ziren kaltetuenak, bereziki Erratzu herria. Hiru hildako utzi zituen Elizondon, bat Bidarrain eta beste bat Itsasun.

1933, ekainak 16. Oiartzun ibaiak Errenteria izan zuen jomuga. Ura 5 metroko altuerara ailegatu zen eta fabrika eta instalazio ugari txikitu zuen. Urrian uholde bortitzagoa jasan zuten eta Oiartzun ibaia behar bezala bideratzeko proiektua agindu zuten; obrak urtetan luzatuko ziren ordea.

1953, urriak 14-15. Truxuak bota zituen ordu gutxian eta Gipuzkoan izan zuen eraginik handiena: 300 litro ur baino gehiago pilatu zen hainbat tokitan eta bizpahiru metroko altuera lortu zuen. 27 pertsona hil ziren, gehienak Zestoan, autobusean harrapatuta. Trenbide, zubi eta tunelak birrindu zituen urak eta horren ondorioz Plazaolako eta Bidasoako trenak behin betiko itxi zituzten.

1983, abuztuak 26-27. Ia Euskal Herri osoari eragin zioten uholdeok, baina Bizkaia izan zen kaltetuena, bereziki Etxebarri eta Galdakao. 28 hildako eta lau desagertu izan ziren Bizkaian, sei hildako Araban eta bost hildako eta lau desagertu Lapurdin. Bilboko Aste Nagusi betean, urak hiru eta lau metroko altuera hartu zuen alde zaharrean eta triskantza eragin zuen hainbat auzotan; etxe ugari erabat deseginda geratu ziren. Euriak 6.000 hektarea hartu eta 1.500 milioi tona ur bota zituen. Kostaldeko herri ugari inkomunikaturik geratu ziren, azpiegitura asko birrinduta, eta 200.000 milioi pezetako kalte ekonomikoa eragin zuten uraldiek. Ehun udalerri baino gehiago hondamen eremu izendatu zituzten Euskal Herrian. Uholdeei aurre egin nahian, Deustuko kanala zabaltzea erabaki zuten Bilbon.

1988, uztailak 19. Deba bailara (bereziki Elgoibar) eta Arabako hainbat zonalde eraso zituen. 16 hildako utzi zituen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2025-02-24 | Behe Banda
barra warroak
Arma, tiro, pun

Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Ertzaintzak Gasteizko Salburuan egindako “sarekada arrazista” salatu dute hainbat eragilek

Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten. 


Abdallah askatzearen alde agertu arren Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu dute epaia

Baldintzapeko askatasunaren alde agertu bada ere Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu du epaia, Georges Ibrahim Abdallahk ez dizkielako kalte-galerak ordaindu AEBei. Baldintzapeko askatasunaren alde agertu zen azaroaren 15ean Frantziako Zigorrak Aplikatzeko Epaitegia,... [+]


Asko gara, etorri gurekin euskal eskola publikora

Heldu zaigu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren... [+]


Kuotak, ikastoletan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan... [+]


2025-02-20 | Irutxuloko Hitza
Eñaut eta Joseba Alvarezen aldeko elkartasun dinamika abiatu du Piztu Donostiak

Urtarrila amaieran ezarri zieten 5.000 euroko isuna ordaintzen laguntzeko txartelak jarri dituzte Herria, Marruma eta Platero tabernetan.


Leonard Peltier: “Azkenean libre naiz, gaurkoa egun ederra da”

49 urte preso pasa ondoren, libre utzi dute Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Otsailaren 18 honetan heldu da bere senide eta lagunen artera 80 urte dituen preso-ohia.


Teknologia
Hezkuntza sistemaren ahots bateratua

Boterea eskuratzeko modu asko dago; denak ez dira politak. Bada boterea eta horrek berarekin dakarren erantzukizuna banatu nahi duenik, agintea bilatzen duenik. Beste batzuek errespetu lar diote eta pauso bakoitza hainbeste neurtuta ez dira gai erabakirik hartzeko. Boterea zer... [+]


Gorputz hotsak
“Mina albo batera utzi nahi dugu, kapitalismoarentzat ez delako errentagarria”

Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]


Migratzaileak delinkuentziarekin lotu eta mugen kontrola areagotzearen alde egin du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]


Zer gertatu da DBH 2n? “Ezohiko bi jaitsiera handi” nabarmendu ditu ebaluazio diagnostikoak zientzia eta gaztelanian

Matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa konpetentzietan EAEko ikasleek duten maila neurtzen duen ebaluazio diagnostikoaren emaitza festan, 13-14 urteko ikasleek zientzia eta gaztelanian izan duten deskalabrua "zuhurtziaz" gogoetatzeko beharra adierazi... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Eguneraketa berriak daude