argia.eus
INPRIMATU
Semente eskola
Naturari lotua, asanblearioa, eta galizieraz
  • Orain dela 50 urte, hainbat gurasok erabaki zuten euren seme-alabentzat eskola euskalduna nahi zutela. Eta ikastolak sortu zituzten. Orain dela bi urte, hainbat gurasok erabaki zuten euren seme-alabentzat eskola galiziarra nahi zutela. Eta lehen Semente sortu zuten, eskola galiziarraren hazia.

Txerra Rodriguez Eider Palmou 2013ko ekainaren 20a
Naturarekin harremana Sementeren bereizgarrietako bat da. Ortua eta oilategia dauzkate.
Naturarekin harremana Sementeren bereizgarrietako bat da. Ortua eta oilategia dauzkate.Josu Gaintza

Gentalha do Pichel zentro sozialean sortu zen ideia. Compostela (Coruña, Galizia) inguruko jendarte mugimendurik biziena batzen da haren inguruan. Administrazioek zer emango itxaron barik, eurek erabaki zuten eskola galiziarraren lehen hazia ereitea. Sentitu, pentsatu eta egin.

Izan ere, Galizian ez dago bermatua galiziera hutsezko irakaskuntzarik, 0 eta 6 urte bitartean. BNG eta PSGren gobernupean jarri ziren martxan galescolak, baina PPk 2009an programa ordeztu eta egun ez dago murgiltze eredurik irakaskuntza publikoan. Are gehiago, hirietan eskolak umeak erdalduntzen ditu. Alvaro Mera, Sementeko –galizieraz hazia esan nahi du sementek– hezitzailearen ustez, “Santiagon, ohikoa da umeek eskolan etxetik dakarten galiziera galtzea. Beraz, Sementek nahi du etxetik galiziera dakarten umeek hizkuntza ez galtzea. Baina baita etxetik ez dakartenei galizieraz bizitzeko espazioa eskaintzea ere”.

Euskal Herritik 13 pertsona, soziolinguistak, irakasleak, artistak –Porrotx eta Marimotots besteak beste–, haraino hurreratu ginen Santiagoko Semente eskola ezagutzeko asmoz. Baita hemengo ume eta ez hain umeei hango errealitatea erakusteko ere. Hizkuntza gutxituen arteko zubiak eraikitzeko, edo hobeto esanda, hango eta hemengo hiztunen artean zubiak eraikitzeko. Kulturen arteko igurtziak egiten ibili gara hangoekin, kulturen arteko zirriak eta laztanak. Ideiak eta emozioak trukatzen, alegia.

Eta zer da Semente? Galiziera hutsez diharduen eskola da, bi eta sei urte bitarteko umeentzat. Baina hori baino gehiago da. Pedagogia eraldatzailea darabilte. Ume libre, arduratsu eta kritikoak sortu nahi dituen eskola da. Eta, horretarako, hainbat ezaugarri ditu haien pedagogiak: eskola laikoa da, hezkidetza praktikara eramaten du, asanblea bidez zuzentzen da, naturarekin bat egiten du –kanpo aldean ortua eta oilategia dute– eta komunitateari irekitako eskola da, besteak beste. Alvaro Meraren iritziz, “guk ez dugu nahi umeak eskolari egokitzea, baizik eta eskola umeei egokitzea”.

Gurasoen parte-hartzea ere nabarmendu beharrekoa da. Sementen hartzen dute parte, asanbladetan, eguneroko bizitzan eta dirua batzeko ekimenetan. Hezkuntza komunitatea osatzen dute, hezitzaile eta umeekin batera.

Lehen urratsak egin ditu Sementek. Bi umerekin hasi eta etengabe handitzen ari da. Bigarren urtea du, 13 ikasle ditu, eta hirugarren urterako plaza kopurua gainditu dute. 25 haurrek izango dute Sementen ikasteko aukera. Vigo aldean lanean hasi dira beste Semente bat egiteko asmoarekin, eta Ferrol inguruan ere, bada mugimendua; galiziera hutsezko avoaescola bat sortuko da hurrengo ikasturtean.

"Galizierazko eskola nazionalaren lehen hazia izan nahi du"

Zergatik erabaki zenuten zuen alaba Sementen matrikulatzea?

Motiborik indartsuena hizkuntza izan zen. Lagun eta senideekin ikasi genuen eskola gure seme-alabak erdalduntzeko tresna zela. Sementek, ordea, bermatzen digu gure alabak jarraituko duela galizieraz egiten eta, gainera, kalitatez. Hori izan zen arrazoirik garrantzitsuena. Baina, horrez gain, badaude beste arrazoi batzuk ere: hezkidetza, naturarekin eta ekologiarekin harremana izatea, eskola laikoa izatea, eta abar.

Zelan hartu dute zure familian, lagunartean eta abarretan erabakia?

Oso ondo hartu dute, familiak behintzat. Familiaren muina garen Marta, Joana eta hirurok pozez zoratzen gaude. Umea ikaragarri pozik dago. Asteburuak ez zaizkio asko gustatzen, Sementera etorri nahi duelako. Aitita-amamek, osabek, izekoek eta abarrek ere oso ondo hartu dute. Azken finean, eurek ikusten dute umea zein pozik dagoen bere eskolarekin eta horrek egon zitezkeen muga guztiak apurtzen ditu. Horietako gehienak Sementeko bazkide egin dira, familia ia osoa etorri da eskola ezagutzera eta pozarren ikusi dute espazioa. Gainera, proiektuak ilusioa pizten du eta hori igarri egiten da.

Semente ezagutzen ez duen bati, zelan azalduko zenioke zer den?

Nik animatuko nituzke hizkuntzarekiko eta beste heziketa mota batekiko kezka duten guztiak proiektua ezagutzera, espazioa ezagutzera, hezitzaileak ezagutzera. Aurreiritziak bertan behera uztera, alegia. Semente proiektu irekia da, proiektu herritarra, komunitarioa. Eta hazteko bokazioa duena, gainera. Galizierazko eskola nazionalaren lehen hazia izan nahi du.

Hasten den proiektu oro bezala, ilusio asko pizten du, nahiz eta garai zailetan egon, bai hizkuntzaren aldetik baita ekonomikoki ere. Baina Sementek lortu du umeak poz-pozik egotea. Horregatik, jendea etortzea nahi dugu, probatzea, eta gustukoa badute, parte hartzea.