argia.eus
INPRIMATU
Mondragon Korporazioa ez da Bankia

Juan Mari Arregi 2013ko ekainaren 20a

Bankiaren “lehentasunezko” akzioen aurrean, txoko honetan duela hilabete batzuk esaten genuen Mondragon Korporazioak argitu behar zuela hainbat bankuk komertzializatutako Eroski eta Fagorren “menpeko ekarpenen” egoera. Oraingoz, Korporazioak erabateko isiltasuna mantentzen du. 2002 eta 2007 urte artean 40.000 lagunek egindako ekarpen horiekin 800 milioi euro ingresatu zituen bere kutxan. Urte hauetan guztietan interes gozoak izan dituzte milaka pertsonek (%5 eta %7 artekoak) ekarpen horien bidez. Hilabete batzuetatik hona, ordea, ekarpen horiek egin zituztenek beren balio nominala %60 murriztu dela ikusi dute, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren aginduz. Bankiak eta beste hainbatek komertzializatutako “lehentasunezko” akzioen kasua ikusita, badago bere aurrezkiak pixkanaka galduko dituela uste duenik. Halakorik ez zuten aurreikusi ekarpenak egin zituztenek, Eroski eta Fagorrek kiebra jo ezean behintzat, eta hori pentsaezina zen Korporazioak duen indarra jakinda.

Kontua auzitegietan eta Eusko Legebiltzarrean dago. Mondragon Korporazioak irtenbide bat lortzeko apustua egin beharko luke serioski. Bere onerako, eta baita Eroski, Fagor, eta Korporazioarengan sinetsi eta aurrezkien bidez hura finantzatu zuten guztien hobe beharrez ere. Ekarpen milioidun horiek gabe Eroskik eta Fagorrek ezin izango lukete biziraun. Ez dirudi auzitara jotzea soluzio onena denik aurreztaileen arazoa konpontzeko. Mondragon Korporazioak, Eroskik, Fagorrek, ekarpenak merkaturatu zituzten erakundeek eta aurreztaileek beraiek, adostasuna bilatu behar lukete. Hasierako balio nominala bermatuko lukeen adostasuna, esaterako, bi eta bost urte arteko arrazoizko epe batean aurrezkiak itzultzea.

Mondragon Korporazioa ez da Bankia. Bere barruan ez da izan eta ez dago lapurrik edo iruzurgilerik. Orain aukera dauka hori erakusteko, bera bezala, badaudelako kapitalista ez den “negozioa egiteko beste modu baten” alde egiten dutenak.