argia.eus
INPRIMATU
Ihesaldiaren arnasa

Odei Barroso 2013ko ekainaren 21
Doinua: Harrotasunik bada.

Harrotasunik bada
jarrera xumean,
bazterrekoa ezar
dezagun gunean,
eta mintzatuko da
berdintasunean
hitza libreki hartzen
duen egunean.
Unean, unean,
etorkizunean…
zaila baita sentitzen
askatasunean
zure etxea zein den
ez dakizunean. (bis)

Herritarra deusezten
duen gizartean
zerbait galdu ohi dugu
zerbait ukatean.
Erakutsi digute
maitasun betean,
nola argia sortzen
ahal den itzalpean.
Ustezko bakean
gauden bitartean,
ainitz dabil ihesi
loturik katean
barroterik ez duen
kartzela batean. (bis)

Zer den etxean arrotz
sentitzearena
edo bizi beharra
munduan barrena.
Denboraren joanak
hau da dakarrena:
bukaeran ikusten
dugu hastapena.
Orduan zuzena
badugu ordena
bada kolektibo bat
entzun behar dena,
maitatze hutsagatik
sufritu duena. (bis).