argia.eus
INPRIMATU
Emun kooperatibak lan eremu berriak zabaldu ditu

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko ekainaren 20a

Duela hamasei urte lana euskalduntzeko kooperatiba gisa sortu zen Emun. Alor sozioekonomikoan buru-belarri ibili ondoren, lan eremu berriei helduko die hemendik aurrera, eta euskara eta berrikuntza soziala izango ditu misio. Aldaketok, euskal jendartearen behar berriei erantzuteko asmoz egin dituzte. Lan mundua euskalduntzeko bideari muzinik egin gabe, lau lan eremu banatu dituzte aurrera begira: hizkuntza, kultura, aniztasun eta immigrazioa eta parte-hartzea. Alor horiei euskaratik eta euskaraz erantzungo diete.

Ekainaren 20an, lan ildo eta irudi berriaren aurkezpen publikoa egingo du Emunek Bilbon. Ekitaldian Kike Amonarrizek hitzaldia eskainiko du galdera honi erantzun nahian: Nola lotzen dira euskara, kultura, immigrazioa eta parte-hartzea Euskal Herrian? Aurkezpen saioan ondoko agerpenak ere izango dira: Plataforma per La Llengua, Irizar kooperatiba, Fagor Taldea eta Emun aholkulari taldea.