argia.eus
INPRIMATU
Kuttun-gai

Edu Zelaieta Anta 2013ko ekainaren 13a

5a eta 7a ditugu etxean zenbaki kuttun. Badakizue, umetan hartzen diren ohitura horietako bat. Izan ere, haur guztiek aukeratzen dute noizbait haien zenbaki kuttuna, eraikitzen joaten diren identitatearen beste zati txiki bat, beste piezaño bat. Konplizitateak suertatzen ohi dira adiskideen artean: horrako horrek halako zenbakia duelako, nik ere zenbaki bera gustuko. Kontu pertsonala dela pentsatzen badugu ere, hautu soziala dugu funtsean, inguratzen gaituen jendarteak bultzatzen baikaitu zenbaki bat –ez bi, edo lau– geureganatzera. Nork bere zenbaki kuttuna edukitzea beharrezkoa da berdinen artean homologatua egoteko.

“Aitatxo, zein da zure letra kuttuna?” galdetu zidan xalo-xalo lehengoan 4 urte eta erdiko semeak. Ezustean harrapatu ninduen galderak. Hasieran, irri egin nuen, ume txiki baten ateraldi xelebrea zelakoan. Ondotik, baina, umeek baliatzen duten logika logikoaz ohartu nintzen: zenbaki kuttunik baldin badago, letrak ere izaten ahal dira kuttun-gai.

Neure letra kuttunaren bila nabil. Inoiz ez da berandu norberaren puzzlea osatzeko.