argia.eus
INPRIMATU
Iparraldeko politikaren mirail zartatua

Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko ekainaren 13a

Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioan (Baionan, ekainaren 1ean) egonezina sumatu zen hastapenetik: “Jendea ez da usaian bezala heldu”. Bati galdetu besteri galdetu, baikortasun aire bat antzeman zitekeen alabaina.

Manifestazioaren biharamunean galdera bat jalgi zen: zein izan da ohi baino jende gutxiago bildu izanaren arrazoia? Datu ofizialaren arabera bildu ginen 6.000 lagun beharrean, ohiko 10.000 lagun izan bagina, ez litzateke horrelako galderarik jalgiko.

Egonezinak galdera, ihardespen eta burutapen zenbait iradoki zizkidan:

– Deialdia inoiz baino eragile politiko gehiagok egina zen, gizartearen sektore guztiak zeuden inplikatuak. Alta, beharbada, horregatik berarengatik, orain arte eginak izan diren helburu bereko manifestazioen antolaketa ez da beti bezala bururatu. Tokian tokiko herri elkarteen inplikazioa ez da aski barneratu izan. Eragile politikoen zeregin soila bailitzan agertu da ekitaldia. Argazkiak eite instituzionalegia ote zeukan, naski.

– Iparraldeko instituzioaren aldeko borroka, politikagintzaren mirail bihurtu da hegoaldekoen begietara. Azkenaldion, abertzaleek politika egiteko mirail gisara aipatzen dute; ezker abertzalekoek bereziki. Alta, ezker abertzalekoek –guztiek– beren burua eroso ikusten al dute frantses banderola paparrean daramaten politikarien ondoan?

– Euskal preso politikoen aldeko manifestazioa herritarrak hunkitzen dituen deiadarra da. Gai bakarra. Estatuek presoen eskubideak bete ditzaten egiten da aldarri, legearen araberako espetxe politika ezartzeko aldarrikatu ohi da. Gisa berean, AHTren aurkako edo euskararen aldeko deialdiek bestelako erakarpena daukate. Hots, oraingoan, deialdiak edota deiaren zioak ez du aski zirrararik eragin populuaren baitakoan. Bestalde, Hegoaldeko jende multzo zabala heldu ohi da. Manifestazio honek tokiko jendea bildu zuen.

Horiek horrela, manifestazioaren ondoren beste egonezin bat ere zabaldu da. PSko senatari Frédérique Espagnac-ek sortu du nahigabea. Lurralde Elkargoaren sustatzaile honek Senatuan emendakin bat aurkeztu du bere kasa. “Antolamendu eta kooperazio polo” egitura galdetzen dio Gobernuari Iparralderako. Estatuaren Deszentralizazio ministro Marylise Lebranchuk adostasuna ekarri(ko) bide dio Espagnac-en asmoari.

Manuel Valls Barne ministroaren oniritzia baino ez zaio falta proposamenari. Boterearen ahalmena mugagabea da. Inongo politikaren miraila zartatzeko ahalmen infinitua du Estatuak. Aro politiko berria heldu omen da gurera. Edo zaharrak berri ote Euskal Herrian?