argia.eus
INPRIMATU
Hurbiltzen ari zaigun kometa, laster begien bistan

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko ekainaren 12a
Kometa bat Lurretik ikusita, 2011n
Kometa bat Lurretik ikusita, 2011n

Vitali Nevski eta Artyom Novichonok astronomoek antzeman zuten, joan den irailean, Lurrera hurbiltzen ari den ISON kometa. Orduz geroztik, Hubble eta Gemini North espazioan teleskopioak ari dira kometaren ibilbidea behatzen, lehenbizikoa espaziotik eta bigarrena Hawaiitik. Eguzki sistemaren mugetan dagoen Oort laino-multzotik heldu da ISON gure ingurura; zientzialariek uste dute milaka kometa dagoela han.

Une honetan Marte eta Jupiterren artean dago kometa. Bost kilometro inguruko diametroa du, eta segundoko mila tona material baino gehiago askatzen du. Hurbildu ahala errazagoa izango da bere osaketaren berri izatea, eta hori oso garrantzitsua izan daiteke eguzki-sistema osatu zeneko materialen ezaugarriak ezagutzeko.

Guregana hurbildu ahala errazago ikusiko da kometaren arrastoa gau garbiko zeruan, eguzkiaren eraginez gero eta tenperatura handiagoa hartuko baitu haren gainazalak. Uste da 2.000 gradu zentigraduraino berotu daitekeela, eta behin tenperatura horretara iritsita edozer gauza gerta liteke, kometa desintegratzea barne. Hala ere, hori gertatu aurretik ISON geure begiz ikusteko aukera izango dugu, batez ere urri amaieran.