argia.eus
INPRIMATU
Garoña

Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2021eko ekainaren 30a

Doinua: Ternua.

40 urte luzetan
mehatxu bat nabarmena,
Gu eta gure ingurua
guztiz suntsi lezakeena,
ez die axola izateak
kontra jendarte gehiena,
noiz eman behar digute
Garoñakin su-etena?
Batzutan erretzen denez
suakin jolasten dena,
ez dadin pasa gurean
Fukushiman pasa zena,
“istripua” izan aurretik
segurua omen zen dena
“istripua” izan ondoren
alperrik da azalpena.

Itxita beharko luke
Garoñak dagoeneko,
sekula ireki ez balitz
litzake askoz hobeto,
espaniar estatua
dago argindarrez lepo
alde horretatik ere
Garoña ez da beharrezko.
Lanposturik galtzen bada
bailara horren kalteko
lana sor dadila baina
ez nuklearren menpeko,
eskubiderik ez dute
gu arriskuan jartzeko
ta are gutxiago soilik
bada batzuk loditzeko.

Galdera normalena da:
zergatik ez duten eten,
erantzuna da: “begira,
eskumena nortzuk duten”
morroi gorbatadun batzuk
orain sartu gero irten,
bulegotik bulegora
alderik ez da ikusten,
gobernu baten dagona
traje garestia janzten,
trajea aldatu ta gero
dago elektrika baten,
Iberdrola edo Endesan
berdin PSOE ta PPn
orain ulertzen dut ondo
zergatik ez duten ixten.