argia.eus
INPRIMATU
Feminismoaz hausnartzen

Amaia Lasa Alegria 2013ko ekainaren 13a

Ezin da ukatu mugimendu feministak izan duen garrantzia, emakumearentzat bereziki, baita gizonarentzat ere, gizarte ororentzat azken finean.

Hala ere, feminismoak nahigabea, egonezina, gorrotoa sortzen ditu oraindik ere. Gai honetaz mintzatzen dihardugunean badirudi modaz kanpo dagoen gai baten inguruan ari garela, aspaldidanik gainditu den gai aspergarri batez. Emakumeen eta gizonen arteko harremanak okertu dituen gatazka gainditu dela esan ohi da, baina ez gara ohartzen benetan banandu gaituen arazoa oraindik indarrean dagoen matxismoa dela.

Ikusi besterik ez dugu Bangladeshetik heldu zaigun berri mingarria: ehunka emakume sutan erreta, harri azpian zapalduak. El Salvadorren bururik gabeko umeki batek emakume baten bizitzak baino balio gehiago izatea, gurean gertatzen diren erailketak, tratu txarrak...
Borroka feministaren helburu nagusia gizonak emakumearen gain mantendu nahi duen agintearekin bukatzea da, andreak pertsona libreak garela aldarrikatuz, bi generoen artean luzaroan sortutako zauri samingarriei amaiera emanez.

Gaur egun, iraganean aurreratutako guztia galduta edo geratuta dagoela ematen du, ezer aurreratu ez bagenu bezala, auziak gure artean dirau oraindik. XXI. mendean emakumeak bazterturik jarraitzen duen sozietate honetan ezer ez dela aldatu dirudi, lan asko egin bada ere.

Feminismoa emakumearen garrantzia aldarrikatzen duen mugimendua dela uste du askok, baina andreek beti izan dute beren garrantziaren berri, mugimendu honek zinez nahi duena emakumea birgizarteratzea da, bera ere partaide eraginkor den sozietate honetan, eskubide eta aukera osoa duen pertsona bezala onartua izan dadin.

Azken urte hauetan emaztea ikaragarri ahalegindu da, gogor lan egin du bere burua prestatzen, heziketan sortu zaizkion ekaitz guztien aurka. Akats bat egin dugu hala ere, gizona hartu baitugu xedetzat, beti pentsatu dugu gizonek egin zezaketen guztia guk ere egin genezakeela, oker genbiltzan. Gizona bezalakoa izatea edo honek egiten duen berdina egitea ez da gure helburua, ironia eta gorrotorik gabe diot. Gure benetako helmuga pertsona izatea da.

Emakumeok zer-nolako pertsona izan nahi dugun pentsatu, asmatu, amestu beharrean aurkitzen gara, ez baitago eredurik. Egungo emakumearen ideia, kontzeptua, bizi garen gizarteko ideologia menderatzaileari loturik dago, jorratutako bide zahar, zapalgarriak atzean utzi behar ditugu.

AEBetako esperientzia handiko feminista batek zioenez “gizona boterea izan ezik beste guztia emateko prest dago”. Boterea hartu behar dugu noski, baina zerbait berria eraikitzeko, orain bizi dugunaren funtsa, muina, emakumearen bazterketan datza. Sozietate antolamendu mota honetan gizasemeak du agintea, berari bakarrik komeni zaizkion legeak egingo ditu, umekia haurra dela esango du bururik ez badu ere.

Emakumeak egoera sakonki aldatzeko asmoarekin hartu behar du boterea, indar handia izatea tokatzen zaio sakoneko aldaketak egiteko. Berdintasunean bizi nahi bada pertsona, sozietate berriak hezi, sortzea da geratzen zaigun aukera bakarra.

“...Eva beltzaren alabak.../Argiaren egarri/ bizitzaren agintari/ libertatearen borrokari/ lurralde berrien eragile/ eguzkiaren bideetan goaz/ amets berriak eraikiz”.