argia.eus
INPRIMATU
Enbataren zirimolan
Enbata, barne-barnetik
  • Daniel Landartek mugimenduaren barne historia kontatu du Enbataren zirimolan oroitzapen liburuan. Zuzen-zuzenean bizi izan zuen garai politiko bero errearen berri xehe eman du bertan, bere bizipenak harroin harturik.

Miel Anjel Elustondo 2013ko ekainaren 13a
'Igande goizetan, mezatiarrei Enbata kazetak saldu behar genizkien'
'Igande goizetan, mezatiarrei Enbata kazetak saldu behar genizkien'Dani Blanco

Ipar Euskal Herriko historia aldatu zuen mugimendua izan zela ere idatzi izan da. Hasmentan, zer izan zen, bada, Enbata? “Burges txiki liberal zenbait, laborari eta ofiziale bakarrak, irakasle batzuk, eta enplegatuak gehixeago (…) Orokorki, Enbatako kidea eta horren aldekoa, orain ikastolen inguruan ikusten dugun jende horren irudikoa zen, nahiz urriagoa”. Jean Louis Davantek esanak dira, 1960ko hondarrean Enbata izena politikarako hartu zuten kideen berri emanez.

Enbata, sortzetik, Embata izan zen, Bordeleko unibertsitatean ikasle ziren euskaldun talde baten izena zen. Mugimendu politikoa baino lehen, berriz, aldizkaria izan zen. 1960ko urrian argitaratu zuen lehenbiziko alea eta, ondotik, hasi zen taldea antolatzen. 1963ko Aberri Egunarekin, Itsasuko Agiria hedatu zuen, herriaren soberania eskubidea aldarrikatzen zuelarik. Davantek dio: “Daniel Landart Enbatara bildu zitzaigun 1965eko udaberrian. (…) Beti gogoan eduki dut oso mutiko gaztea zela, hamazortzi urtekoa. Bozkatzeko adinik ez zuen. (…) Danielek adinaz beste berezitasunik bazuen: Enbatako eskulangile bakarretarik genuen. (…) Mutiko argia zen ordutik, ideien borrokari zinez irekia, denetarik ikasteko tirria bizian, jadanik  idazten hasia”.

Horixe Daniel Landart 60ko hamarkadaren hasieran, Donostiriko sortetxea utzirik, Baionako inprimeria baten lanean, hamalau urte zituela. Besteak beste, Côte Basque Soir kazeta egiten zen lantegi hartan eta, Daniel Landart mutikoak bazuen jakin-mina! “Ordu arte ez nuen egundaino kazetarik irakurri, baina parada neukanaz geroz, zergatik ez baliatu?”. Beste bi agerkari ere inprimatzen zituzten, ordea, Gazte kazeta eta emakume katolikoei zuzenduriko Etchea. “Inprimeriako ofizioan trebatuz nindoala, nik ere euskarazko bi agerkari haiek prestatzen parte hartzen nuen. Eta bistan dena, artoski irakurtzen nituela. Cote Basque Soir egunkariak, gero eta maizago, aipatzen zituen ‘les séparatistes basques, les nationalistes basques, les militantes d’Enbata’. Egia deblauki aitortzeko, ez nekien séparatistes eta nationalistes hitzek xuxen zer erran nahi zuten, eta hastapen hartan, iruditzen zitzaidan delako Basques haiekin ez nuela deus ikustekorik, haiek ‘beste mundu’ batekoak zirela”.

Mundu horren berri ez bazuen ere, euskalduna zen errotik Daniel Landart, eta Herria astekarian idazten zuen, Daniel Arberu izenordez. Garai hartan, Belokeko komentuan egun pasa, euskarazko liburuak irakurri nahi eta non kausitu ez zekiela hango beneditar bati esanik, Baionako Euskal Idazkaritzara agindu zion delako fraideak. Eta Idazkaritza hartara joanik ikusiko zituen lehenbiziko Jakes Abeberry, Eneko Irigarai eta Julen Madariaga.

Daniel Landartek laster egin zuen bat mundu ezezagun harekin, Idazkaritza hartan bertan Xabier Elosegi iheslaria adiskide eginik. Hark lagundu zion begiak irekitzen, euskal nortasunaz kontzientzia hartzen. “Abertzaletasunaren mundu sutsuan sartzen ari nintzen (…) Jakes Abeberry ikusi nuen aldi batez, ene herabetasuna gaindituz, deblauki galdatu nion zer egin behar nuen Enbatan sartzeko. Hark berehala: ‘Hator bihar arratsean gure kazetaren plegatzera harpidedunei igortzeko’”.

Kazeta plegatzea izan zuen Landartek “lehen urrats garrantzitsua”. Handik goiti ezagutu zituen Enbatako militanteak, haietarik bat izan zen. Liburuan ari dela, garai hartan Enbatan gurutzatu zituen pertsonen izenak ematen ditu, sekulako galeria da mugimenduaren historia osatu nahiko lukeen ikerlariarentzat (ikusi koadroa). Izenekin batera ageri dira egitateak, Christian Etchalus Iruñean preso altxatzea, lehenbiziko kartel ezartzea, artikulu idaztea, jendeek erakusten zien behako gaiztoa… Errealitatearen gordina bizi ukan zuten: “Igande goizetan, herri batera gindoazen eta eliza atean, mezatiarrei Enbata kazetak saldu behar genizkien (…) Hasieran, jendeek erosten zizkiguten. Baina gero, ikusten gintuzteneko, presaka alde egiten zuten, eritasun kutsagarri bat ukan bagenu bezala, ausartenek noiz behinka botatzen zigutela: ‘Enbata zikinak!’, ‘Enbata zikinak!’”.

Daniel Landartek Enbata barnetik kontatzen ditu guziak liburuan. Paretetan eta errepideetan tindaketak egiten zituzten, Ximun Haran eta beraren familiaren Hôtel des Basques-en iragan gaua, 1966ko Aberri Eguna eta han egin mintzaldiak, Telesforo Monzon, frantses legebiltzarreko hauteskundeetan esku hartu ez hartu betiko galdera eta betiko tirabira, Enbata baitako urrako eta haustura, iheslari politikoekin izandako harremanak, Meliton Manzanas hiltzea… “Abuztuaren 2a zen, asteazkena, Baionako pesten irekitze eguna. Nik, delako berri sinesgaitza Denek bat ostatuan jakin nuen. Bospasei iheslari bertan zeuden, zerbait arraro ospatzen balute bezala, pozez algaraka. Gonbidatu ninduten, eta haiekin batera, kopa bat edo bi edan nituen. Lehenengo aldia zen ETAk erabakitzen zuela pertsona bat garbitzea. Eta ez nornahi. Patxi Noblia gure laguna haren atzaparretarik pasatua zen!”.

Landartek 2013 honetaraino irauten duen kronika, oroitzapen bilduma zehatza egiten du, mende erdiaren historia bizia osatuz. Berrogeita hamar urtez Ipar Euskal Herriko lekuko izan da, aldaketa eta aitzinamenduak ikusia, Enbata mugimenduaren barnetik hainbat eta hainbat osagai eskaini dizkio historia osatu nahi duenari.
 

Izen katalogoa

Jean Louis Davant, Jakes eta Koko Abeberry, Ximun Haran, Ramuntxo Camblong, Argitxu Noblia, Filipe Bidart, Mikel Hiribarren, Julen Madariaga, Eñaut Etxamendi, Xabier Elosegi, Eneko Irigarai, Marzel Etchehandy, Jean Hiriart Urruty, Patxi Noblia, André Galant, Yannick Aramendy, Michel Burucoa, Anne-Marie Ithurralde, Michel Ithurbide, Paul Etchemendy, Peio Uhalde, Annie Dunat, Lucien Etchezaharreta, Christian Etchalus, Piarres Xarriton, Eustakio Mendizabal, Txomin Iturbe, Martxalin Arbelbide, Pettan Elisalde, Jean Etcheverry-Ainchart, Arño Héguiaphal, Christian Laxague, Dominique Davant… hainbat eta hainbat izen-deitura. Ipar Euskal Herrian ere bada aski historia, nork kontatu eta idatzi zain...