Urtegia lehertu gabe baina itolarrian

  • 2.600 biztanleko herria izateko arazo finantzario larrietan dago Agoizko Udala aurreko agintariek utzitako herentziarengatik. Krisiak Euskal Herrian gehien zigortu dituen eskualdeen artean laugarrena, Itoizko urtegiko trago txar guztiak irentsi ezinda dabil.

Agoizko kultur etxea Itoizko urtegiaren konpentsazio modura eraiki zuten. Egun zama bihurtu da udalarentzat.
Agoizko kultur etxea Itoizko urtegiaren konpentsazio modura eraiki zuten. Egun zama bihurtu da udalarentzat.Gorka Bereziartua
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

"Ai ama, non sartu gara?” pentsatu zuen Unai Lako Agoizko alkateak 2011n kargua hartu, aurreko Udal Gobernuak utzitako diru-kontuak errepasatzen hasi, eta zuloa ikusi zuenean.

Azken bi hamarkadetako joerari buelta eman eta UPNk babestutako Agrupación Independiente de Aoiz (AIA) boteretik kendu zuen Bilduk 2011ko udal hauteskundeetan. Kontzejura heldu berriek susmatzen zuten 1991tik herriko jaun eta jabe izan zen plataformak ez zuela zorro publikoa modu arduratsuan erabili, baina kalkulu pesimistenak motz geratu ziren. “Orduan ikusi genuen zer nolako desastrea zegoen hemen. Ez bakarrik zuloa handia zelako, funtzionatzeko moduarengatik baizik. Erabat utzita zegoen dena”.

Herentzian jasotako zero sorta errezitatu du: 65.000 euro baino gehiago euskararen partidetan ordaindu gabe; 315.000 eurotik gorako zorra Arian eraikuntza enpresarekin ur-hornikuntzan egindako zenbait lanengatik; 8.000 euro ordaindu gabe Focsa enpresari 2010eko festetan egindako garbiketagatik... Utzikeria zenbaki txikietara ere iristen da: “Batzuk txorakeriak dira, baina garrantzi handikoak: duela lau urte txatartegira eramandako bi autoren aseguruak ordaintzen genituen urtero-urtero; zazpi edo zortzi urte eraitsita zeramatzan eraikin bateko bi kontratu genituen Iberdrolarekin; eta ortu komunitario batzuk ere baditugu eta lau urtean kuotak pasa gabe zeuden”.

Ados, ipurdiz gora gobernatu dute herria azken urteetan eta emaitza ia 400.000 euroko zorra da 2.600 biztanleko herri batean. Kudeaketa txar arruntaren aurrean bageunde, zenbaki horrek titularren bat beteko zuen eta ez zen kontatzeko askoz gehiago geratuko. Baina hemen zenbaki asko daude oraindik.

Etxebizitzak, spa zentroa eta mailegu bat

Agoizko eltzetxoa hautsik gabe uzteaz gain, aurreko agintariek burdinazko bola batekin kateatu zuten Udala zenbait urterako, 726.000 euroko mailegu bat eskatuz. Urbanizazio berri bat finantzatzeko eskatu zen diru hori, eraikuntza enpresak aurreikusi zuelako 800.000 euro inguruko diru-sarrerak izango zituela operazioa amaitzean. Mailegua eskatu, gabealdian zeuden bitartean etxeak egin, dirua jaso eta kreditua martxan jarri baino lehen gainetik kendu nahi zuten. 2009. urteko kontuak direla aintzat hartuz, ameskeria hutsa.

“Zer gertatu zen? Etxebizitzak ez zirela egin, 2010ean gabealdia pasa zela eta gu Udalera heldu eta sei hilabetera hasi behar izan garela kreditua pagatzen” azaldu du Lakok. Etxeak eraikitzeko erabili ez zen dirua herriko beste proiektu handi-mandian gastatu zen, ur termaletako spa zentroan.

Jarraitu aurretik, Agoizko alkateak gauza bat zehaztu du: mailegua Santander bankuarekin lotu zuela AIA alderdiak eta orduko alkatea, Francisco Jose Enguita, banketxe horretako langilea dela. Beste ohar bat ere bai, spa zentroaren eraikuntzaz: “Berez hori doan eraiki behar zuten, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ordaindu behar zuen Itoizko urtegia eraiki izanaren konpentsazio modura. Baina 2009an, krisiarekin, esan zuten ez zutela dena ordainduko”.

Bainu lasaiak hartzeko lekua edukitzea ez da garestia maileguarengatik bakarrik, mantenuak ere patrika gizena eskatzen du. Bankua diru eske hasi gabe ere, 213.000 euroko defizita sortu zuen; bestela esateko, 2010ean agoiztarrek Udalari ordaindutako zergen %69 igerileku beroetako lurrun bihurtu zen.

Nafarroako Gobernuak dirua zor du

Zorra eta mailegua beraz. Beste ezer? Ba bai, hara, tiradera bat geratzen da zabaltzeko, kobratu gabeko diruz betea. Martxoaren 21ean Agoizko Udalak prentsaren aurrean salatu zuen Nafarroako Gobernuak 700.000 euro baino gehiago zor dizkiola. Hori da herri honek bizi duen ekaitz finantzario perfektuaren hirugarren osagaia.   

Apirilean, Nafarroako Legebiltzarrera eraman zuten gaia. Gobernu Foralak udalei eman behar zizkien partida askoren berririk ez dute 2013. urteko erdira iritsita. 0-3 urte bitarteko haur eskolak martxan edukitzeko euro bakar bat ez dute jaso aurten eta ez dute espero kurtso berria hasi arte jasotzerik. Ordurako Agoizko Udalak 220.000 euro aurreratuak izango ditu zerbitzu hori eten ez dadin. Gizarte zerbitzuekin beste hainbeste: Agoitzez gain beste hainbat udal biltzen dituen Izaga zerbitzu sozialen mankomunitateak ia 100.000 euro aurreratu ditu eta finantzazio konbeniorik ez dago oraindik.

Gehiago: gastua egin ondoren Barcinaren exekutiboak diruztatu gabe utzi ditu hainbat obra. Itoizko urak Agoitz, Longida, Irunberri eta Urraulbeitira eramateko oinarrizko hornikuntzako lanengatik 154.000 euro zor dizkie udalei Nafarroako Gobernuak; Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin bazkidetzan duen Itoiz-Nafarroako Ubidea Fundazioak 2011ko aurrekontuetan 130.000 euro aurreikusi zituen Agoitzentzat, Alde Zaharreko bi kale eta bide bat berritzeko. Berritu dituzte kale-bideak eta sartu ditu artaziak Gobernuak, agindutako sosak ez dira inondik ageri. Zorra zorraren gainean: 2012ko BEZaren itzulketarengatik Gobernuak 60.000 euro eman beharko lizkioke Agoitzi; 2008 eta 2009koengatik, beste 240.000 –urte horietan eraiki zen spa zentroa–.

Udalak dira “banku ustela”

Diru-laguntza txiki batzuk jaso ondoren, maiatzaren amaieran exekutibo foralaren zorra 650.000 eurotan dagoela azaldu du Lakok. “Imaginatu guretzat zer den hori, diru horrekin urte oso bateko soldatak, gizarte asegurantza eta denak ordainduko genituzke”. Problema konpondu dezakeen pertsonaren izena ere azpimarratu du: José Javier Esparza, Agoizko alkatea 1999tik 2007ra eta orain Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilaria. “Aukera polita du berak sortutako arazoa, berak konpontzeko”.

Aferaren adarrak Iruñeraino iristen dira, zorraren kontuak bai baitu beste irakurketa bat ere: Nafarroako Gobernuak dio betetzen duela Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei exijitzen dien defizit helburua, %1,47koa dela datu hori Foru Erkidegoan. Baina Agoitzekin daukan zorra beste hainbat udalekin ere badaukala kontuan hartuz, galdetu liteke defizitaren kalkulu hori zenbateraino ez ote dagoen faltsutua.

“Seguru bikoitza dela”, dio Agoizko alkateak. Hori ere salatu zuen Legebiltzarreko saioan eta orduan egindako konparazioa errepikatu du: “Gu bankua gara Nafarroako Gobernuarentzat. ‘Banku ustel’ famatua. Nafarroako Gobernuak dio: ‘Zuk aurreratu diru guztia, ordaindu momentu honetan nik ordaindu ezin dudana, gehi zure partea; dena justifikatuta bidali nik diru-laguntza emateko, noski; eta nik, posible dudanean, ordainduko dizut’”.

Itoizko urtegiak du errua

Kalera jaitsi eta argazkia ez da hobea. Gaindegiaren datuen arabera krisiak gogorren jo dituen Euskal Herriko eskualdeen artean Agoitzaldea laugarrena da. Maiatzean 303 pertsona zeuden lanik gabe, %17ko tasa. Sei urtean beste hainbeste fabrika itxi dira eta martxan daudenetako hainbat Enplegu Erregulazio Txostenarekin ari dira.

Horri aurre egin nahian sortu zen Agoitzaldea Bizirik! herri mugimendua. Talde horretako kide da Pello Lusarreta; David Ardanaz berriz, Babespean hipotekak kaltetutako agoiztarren batzordean ari da. Agoitzen egoera esplikatzeko krisi ekonomikoaz eta eskuinaren kudeaketa txarraz gain, Itoizko urtegirantz seinalatu dute, hura eraikitzeko asmoa publiko egin zenetik ia dena baldintzatu baitu.

Nafarroako agintarientzat ezinbestekoa zen proiektu erraldoi horren aldeko indarrek gobernatzea Agoizko Udala, Lusarretak azaldu duenez. Horretarako sortu zuen José Manuel Gárrizek AIA plataforma 1991n. Iritzi publikoaren bataila irabazteko berriz, urtegia eraikitzeagatik herriak jasoko zituen konpentsazioak kantatu zituzten lau haizetara: spa zentroa, igerilekuak, kultur etxea, kirol instalazioak…

"Ematen zuen azpiegiturak sakratuak zirela. Konplexuz beteta geunden. Kultur etxe bat egiten badizute, nola esan ezetz?”, dio Ardanazek. Epe luzera baino ez da lortu, Lusarretaren ustez, azpiegiturak eta ongizatea automatikoki lotzen dituen ikuskera desarmatzea, konpentsazioak orain zama gehigarri bihurtu baitira: “Ezin dira mantendu”.

Lanpostuak, milioiak eta beste zenbait engainu

Ez dute asko lagundu eskualdean enpresak ezartzeko egindako inbertsio publikoek. Gamesak 5,6 milioi euro jaso zituen eta 170 langiletik 35 baino ez dira Agoizkoak. Beste 20 milioiko inbertsioa egin zen bioerregaien alorra ikertzen duen Cener Agoitzera eramateko. “Herriaren irudi oso okerra ematen du” dio Lusarretak. “Irakurtzen duzu ‘Agoitzen ez-dakit-zenbat milioi inbertitu dira Cenerren’ eta ematen du garapenerako positiboa izaten ahal dela, baina herriko pertsona bakarrak egiten du lan bertan”.

Eta aurrerakuntza, non dago? Aspaldikoak diruditen titular, promesa eta adierazpenez beteta daude herenegungo egunkariak. “Gamesak 440 lanpostu sortuko ditu Agoizko haize-errota plantan” (Diario de Noticias, 2008-V-14); “Kanpoko langileak etorri beharko dira eta errepidea hobetu beharko da” (Francisco José Enguita alkate ohiak esana, Diario de Navarra, 2008-V-14); “Agoitzeraino bi errepide egin behar badira, egingo dira. Eta hiru behar badira ere bai” (Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak esana, Diario de Noticias, 2008-V-14); “Itoizko hidroelektrikoak 33.000 tona petroliok adinako energia sortuko du urtero” (Diario de Noticias, 2009-III-03); “Itoizko presaren azpiko zentral berriak urtero 7 milioi euro sor ditzake” (Diario de Navarra, 2009-III-3).

Hizki txikiagotan argitaratu zen Diario de Noticiasen José Manuel Gárriz eskuineko alkate ohiak iaz idatzitako gutuna. “Agoitz-Itoiz, engainua” titular argigarriaren azpian salatu zuen, herriari agindu zitzaizkion hainbat kontu –argindarra doan izatea, adibidez–, agendatik desagertu direla urtegia martxan jarri ondoren. “Egunero ari gara 100 metroko altuera duen hormatzarraren azpian bizitzen presiopean. Noizbait katastroferik balego, nor akabatuko du? Politikari jaunak, epaile jaunak, lagun nafarrak, uste al duzue hau bidezkoa dela? Beti pobrea eta txikia zapaltzen, aski da. Azkenean, hainbeste urtez sufritu ondoren, Itoiz engainua zela esan zutenei arrazoia eman beharrak izorratzen dit”.

Baina arrazoi zuten. Itoiz ez da bideragarria. Charo Brinquis fisikariak Zaragozako Unibertsitatean egindako ikerketa batek agerian utzi du urtegia egiteko inbertitutako diruen berreskurapena %27koa izango dela 30 urteko epean. Bitartean, presaren azpiko zentral hidroelektrikoak hiru urtean 13 milioi euroko irabaziak eman ditu, zentimo bakar bat ere ez inguruko herrientzat. Herritarrek Itoiztik jaso duten ongizate nagusia urtegia eraiki bitartean herrian sortutako jarduera ekonomikoa da. Eta behin urtegia bukatuta, txorrota horretako tantarik ez du inork edan.

Agoitzen lan eta bizi

“Eta historia errepikatu liteke Abiadura Handiko Trena egiten dutenean, geldiarazten ez badugu. Eraikuntza enpresak eta politikari ustelak aberasten, obra publikoen aitzakian. Ez dugu beste irtenbiderik. Horrexegatik, Agoitzaldetik antolatzeko deia luzatu nahi dugu”. Nobela honen epilogoa diruditen hitz horiek komunikatu batekoak dira, Agoitzaldea Bizirik!-ek aurtengo martxoan Iruñera oinez egindako martxa bukatzean irakurritakoak.

Herria eta eskualdea putzura bota duten politikak baztertu eta bestelako irtenbideak bilatzen dituzte orain. Energia burujabetzari buruzko hitzaldia antolatu dute erreportaje honetarako material bila hurbildu garen egunean; Udaleko diru-kontuak nola dauden ikusita, herritar batzuk hasi dira herriko txokoak txukuntzen eta konpontzen –2012rako egina zuten lehenbiziko auzolana–; autoenpleguaz hitz egiten da, dauden lanpostuak ahalik eta jende gehienaren artean banatzeaz, ez baita aspaldian entzuten enpresa berriren batek herrian plantaren bat irekiko duenik.

Larrialdi sozialaren aurrean Herri Sarean ere sortu da, agoiztarren elkargune izateko bokazioarekin. Elikagaien bankua, arropa-elkartrukea, bilera lekua, denetik egiten ari dira udaletxean martxan jarri duten lokalean. Premiak agintzen du. Itolarrian dago Agoitz, burbuilaren eztandak bete-betean harrapatutako beste hainbat herri, eskualde eta estatu bezala. Baina norabidez aldatu du, deriban jarraitu beharrean. Nafarroako herri txiki honetan gertatu denak zer ikasia emango al die porlanaren dependentzia zainetatik kendu ezinda dabiltzan Euskal Herriko beste agintariei.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita

Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


Valentziako presidentearen aurkako salaketa jarri dute, eta haren dimisioa eskatu

Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.


2024-11-05 | ARGIA
Berriz ere medikurik gabe egon dira Amurrioko larrialdietan

Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku... [+]


Banketea

Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]


Hobari fiskalak gazteei: ‘On falling' filmaren eragina?

Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]


Oinarrizko elikagaien BEZa igo egin da Hego Euskal Herrian

2023ko urtarriletik indarrean da oinarrizko elikagaiei –duela hiru hilabetetik, oliba olioa talde horretan dago– BEZik ez aplikatzeko neurria.


Europak 15.000 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Google multinazionalei

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.


Hiru medikuetatik bi falta dira Elizondoko osasun etxean

Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.


2024-06-19 | ARGIA
Mediku eta pediatrak falta dituzte Bortziri eta Baztanen ere

Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.


Etxebizitza merkantzia bihurtuta, ultraeskuinari atea ireki dio Europak

Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]


Interes tasen beherakadak, nola eragingo dio etxebizitza krisiari?

Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko ditu ostegun honetan, bi urtetako etengabeko gorakadaren ondoren. Diruaren garestitze edo merkatzeak zuzeneko eragina du Euriborrean eta herritarrek ordaindu behar duten hipoteketan. Baina nola nabarituko da aldaketa hori?


Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Europako Banku Zentralak “erreforma estrukturalak” iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


Eguneraketa berriak daude