Sei urtetan barrena militar yanki honek 6.000 orduz pilotatu zituen erasoko hegazkin militarrak... urrundik. “Sekula ez nuen pentsatu hainbeste jende hilko nuenik”, aitortu dio kazetariari, armada utzitakoan kontatuz bere amesgaiztoak. Piloturik gabeko hegazkinen kirurgia ez da odolik gabea: biktimak urrutiko jendeen artean, biktimak etxekoetan.
Londresen maiatzaren 22an soldadu britainiar bat kale gorrian kalitu zuten hiltzaileetako batek oihuka esaten omen zuen: “Damu dugu emakumeek hau ikusi behar izana, baina gure lurraldean hauxe da gure emazteek ikusten dutena”. Eta aurreraxeago: “Zin dagigu Allah handiaren izenean beti borrokatuko zaituztegula. Egin duguna egin dugu egunero hiltzen diren musulmanengatik”.
Mendebaldeko kazetariok asko haizatu ditugu drone izenez (eulitzar edo erlamando ingelesez) ezagunagoak diren pilotu bako hegazkinen alde teknikoak. Aldiz, gutxiegi aipatu zein heinetaraino zabaldu duten izua herrialde askotako jendeen artean urrundik kontrolatutako hegazkinon erasoek. Funtsean Ekialde Hurbilekoetan, Pakistandik hasita Gazaraino, ahaztu gabe Somalian gertatzen direnak.
Joan den otsailean Lindsey Graham AEBetako Senatuko kideak ozenki aldarrikatu zuen beren armadak 4.700 jendez goiti hil dituela urrundik gidatutako hegazkinon misilez. Eulitzarron erabilera zabaldu beharra honela defenditu zuen Grahamek Easley Rotary Clubean: “Batzuetan errugabeak jotzen dituzu, eta nazka ematen digu; baina gerran gaude eta Al-Kaidako buruzagi garrantzitsuak hil ditugu horiei esker”. Pakistanen, Yemenen eta Somalian gertatu dira horietako eraso gehienak, ahaztu gabe Afganistanen, Iraken, Gazan eta beste leku askotan egindakoak. Erasook dira gau eta egun lurralde horietako populazioek beren buru gainean sentitzen duten etengabeko zaindaritza itogarriaren une gorenak.
Gerrak AEBetan ere sortu ditu bere lehen biktimak. Gerra guztietan bezala, soldaduen artean. Vietnamgo beteranoak zahartu direnean, Irakekoak adinean gora... hogeita hamar urte azpiko zaurituak daude US Armyn. Der Spiegeleko Nicola Abék eskainitako “Dreams in Infrared: The Woes of an American Drone Operator” (Infragorrizko ametsak: AEBetako droneen pilotu baten atsekabeak) erreportajeak bildu ditu bost urtez milaka kilometrotara zeuden gizakiak hiltzen aritu den militar baten kontakizunak.
“Bost urte baino gehiagoz”, hasi du kontakizuna Abék, “Brandon Bryant lanean aritu da leihorik gabeko sala batean, erremolke baten tamainakoa, aire egokitua eten gabe 17 gradutan edukiz eta segurtasun neurriengatik aterik ireki gabe. Bryantek eta bere lankideek hamalau ordenagailu pantaila zeuzkaten aurrean eta lau teklatu. Bryantek botoia sakatu New Mexicon eta munduaren beste muturrean norbait hiltzen zen. (...) Horrelakoa da eskifaiarik gabeko hegazkin baten burmuina. Militarrek ‘kabina’ deitzen dioten arren pilotuak ez dabiltza airean hegan, kontrol tresnen aurrean eserita baizik”.
Militarrak gogoan du egun hura, bere hegazkina Afganistan gaineko zeruetan, kontrol salatik 10.000 kilometrora. Ekranean ikus zezakeen ahuntzak gordetzeko etxola hura. Bryantek jaso zuen tiro egiteko agindua, txabolaren teilatua markatu zuen laserrez, alboan zeukan pilotuak sutu Predator hegazkinak zeraman Hellfire misila.
Hamasei segundo falta helburua lehertzeko. Hegazkinak kasernako monitoreetara bidaltzen zituen infragorriz hartutako irudiak, 2-5 segundoko atzerapenarekin. Zazpi segundo falta eta dena ondo. Hiru segundoren faltan ume hura agertu zen irudietan, Baghlan eta Mazari Sharif arteko herrixkan.
Leherketa. Haurraren arrastorik ez. Ondoez militarraren sabelean. “Ume bat hil al dugu?” galdetu dio albokoari. “Bai, umea izango zen” erantzuna. “Umea zen?” idatzi dute monitoreko chatean. Orduan erantzun zuen ezagutzen ez zuten norbaitek, munduko beste nonbait erasoaren jarraipena egiten zuen agintaritza militarren batetik: “Ez, zakurra zen”. Geroxeago Bryant eta bere lankideak karromatotik atera eta pantailatik begira eraso zuten herrialdekoekin zerikusirik ez zeukan paisaiak egingo zien ongi etorria.
Nicola Abéri gauzok kontatu dizkio Bryantek amaren etxeko salan. 27 urterekin armada utzita dauka. “Azken lau hilabeteotan nire ametsak ez dira infragorrietan”, esan dio kazetariari garaipen handi bat lortu balu moduan. AEBetako armadan eman dituen sei urteetan jende asko ikusi du hiltzen, gizon, emakume eta haur. “Sekula ez nuen usteko hainbeste jende hiltzerik. Egia esan, uste nuen inor hiltzeko ez nintzela gai izango”.
Kazetari izan nahi omen zuen. Baina unibertsitatean lehen kurtsoa bukatzerako milaka dolarreko zorrak zeuzkan pilatuta. Soldadu sartzera zihoan adiskide bati laguntzera joanda enteratu zen armadak unibertsitatea badaukala, doakoa gainera. Sarrerako frogak ondo egiteagatik berehala sartu zuten informazio bilketako unitate batean.
Hogei urterekin lehenbiziko misioa, akordatzeko modukoa. Iraken egunsentia zen. Soldadu batzuk basera itzultzen ari ziren, Bryant zen haien zaindaria zeruan inguru-minguru zebilen dronearen begiekin. Orduan ikusi zuen begi hura. Gudari etsaiek [enemy combatants] errepidearen zoruan gurpil bat ipini, kiskali, horrekin asfaltoa urtu eta barruan paratzen dute leherkaria. Begia omen dirudi zerutik ikusita.
Bryantek eta lankideak ekipoko arduradunari abisatu zioten, honek zentralera. Baina konboiko ibilgailuak bazetozen, zaindariek ezin abisatu... bere begiekin ikusi zuen bost soldatuak akabatu zituen leherketa. Hartatik sartu zen lanean buru-belarri.
Eulitzar hiltzaileok inguruko base militarretatik aireratzen dituzte, ondoren haien kontrola AEBetan daudenei pasatzeko. Bryantek kontatu du nola behatzen zituzten jendeak airetik, egun osoan begira soroetan lanean ari zirenei, futbolean jokatzen zuten haurrei...
Gaua iritsitakoan, izpi infragorriz egiten da zainketa. Bero handia egiten du Afganistanen, jendeak teilatu arinaren azpian egiten du lo. “Ikusten nituen beren emazteekin amodioa egiten. Infragorrizko bi tanta dira gero bakarra bilakatzen direnak”.
Gudari talibanak aste luzez espiatzen zituen. “Azkenerako ezagutzen dituzu. Halako batean goitik agintzen dizuten arte tiro egitea”. Etxerakoan ohartzen zen zenbat haur utzi zuten umezurtz. “Ez zegoen sentimental jartzeko astirik”.
Gainez egin zuen arte. Ezin soportatu lana, ez bertako usaina, ezin lo egin lau ordu, ezin neska batekin harreman bat txukun mantendu, listuarekin odola botatzen hasi. Medikuaren diagnostikoak dio Bryant beteranoak trauma osteko estresa daukala.
Ortutik itzuli berritan erabaki nuen Twitterretik alde egitea, oraindik Twitter zenean. Auzolan batera joan nintzen, brokoliak eta azaloreak landatzera, eta mindfulness efektua zapuztu zidan algoritmoak, idazle feminista transgorrotatzaile baten txioak jaurtitzearekin... [+]
Iragana ulertzen saiatzen eta etorkizuna bideratzen, oraina joaten zaigu zenbaiti. Nire proiektuetako bat (hasi baina landu ez dudana oraindik) dudan zuhaitz genealogikoa egitea da. Horretan lagunduko didan liburutxo bat ere erosi nuen. Baina, hain da handia lana, liburutxoa... [+]
Sustatun agertutako salaketa, LaLiga futbol erakunde espainiarraren eta Movistar/Telefonicaren arteko tratuek euskarazko zerbitzuak kaltetzen dituztela Interneten (kasu hartan Egunean Behin jokoan irudiak desagertzea zen kontua), hedatu egin da. Tokikom-eko euskarazko tokiko... [+]
Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Ikerketa bat egin dute Alemanian, hauteskundeen atarian: kontuak sortu dituzte TikToken, X-n eta Instagramen, eta aztertu egin dute algoritmoak zer nolako edukiak erakusten dituen. Guztietan, algoritmoak eskuinera eta eskuin muturrera jotzen du gehien, TikToken nabarmen.
Euskorpora elkartearen eta Euskorpus proiektuaren abiatzeak hautsak harrotu ditu. Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko oposizio buruak Euskorpusena akatsa dela uste du, "ezjakintasuna edo estrategia klientelarra". EH Bilduk galdera sorta egin du... [+]
Diario de Noticias de Álava (DNA) egunkariko langileak sinadura greban daude, eta aspaldi ari dira beren lan baldintza “miserableak” eta horiek kazetaritzaren kalitatean duen eragina salatzen. 2013tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik erosahalmenaren %30... [+]
Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.
Euskorpora elkartearen aurkezpen ekitaldi jendetsua izan da asteazkenean Donostian, eta Euskorpus izeneko egitasmoaren berri eman dute bertan. Euskorpus euskarazko hizkuntza baliabide digitalen banku bat izango da, eta 5 milioi pasa inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak bertan.
Boterea eskuratzeko modu asko dago; denak ez dira politak. Bada boterea eta horrek berarekin dakarren erantzukizuna banatu nahi duenik, agintea bilatzen duenik. Beste batzuek errespetu lar diote eta pauso bakoitza hainbeste neurtuta ez dira gai erabakirik hartzeko. Boterea zer... [+]
Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.
Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]
Azken boladan gero eta gehiago entzuten dugu gazte askok etxebizitza erosteko ahalmenik ez dugula. Batzuetan, badirudi ez dagoela beste gairik; egia da gai serioa dela. Niri neuri ere, 31 gertu izan arren, oraindik pixka bat falta zait neurea izango den etxebizitza lortzeko... [+]
«I will overturn, overturn, overturn, it[…]»
Ezekiel 21:27 – King James Version
«Algoritmo guztien gainetik, algoritmo guztien azpitik»
Xabier Landabidea
Deseroso nago, deseroso gure jendarteak teknologiarekiko hartu duen jarrera kasik... [+]