"Errefuxiatua izatea erraietan bete ezin duzun hutsune bat etengabe sentitzea da"

  • “Aupa gizona, jeiki mutil, atzar emazte ta neskatil...”.

"Jendeak ez daki zer bizi izan dugun, zer falta zaigun, zer esperantza dugun".Dani Blanco

Etxean politikaz hitz egiten zenuten?

Sekula ez. Gogoan dut behin, lehengusina eta bioi, “zuek galtzaileak zarete!” egotzi zigutela. Ezin ulerturik, amari parte eman nionean, “eta beraiek zer arraio irabazi dinate ba!” asaldatu zen. Zurtuta gelditu nintzen. Horiek dira amari politikari buruz inoiz entzun dizkiodan hitz gogorrenak. Gurean ez zen horri buruz hitz egiten. Pentsa, pasadizo horren harira ikertzen hasi eta aitona hiltzera eraman zutela eta herritar baten esku-hartzeak libratu zuela jakin genuen. Kalean eta batez ere eskolan arnasten genuen politika. Eskola Nazionaletan ibili arren, gure maistrak gerla denboran Arbizutik ihes egin behar izan zuen, beste emazte batzuen gisan, ilea moztuta herrian umiliatu nahi zutelako. Historiako klaseetan, “¡mentira, mentira!” oihukatzen zion bere buruari, eta berak bizi izandakoa kontatzen zigun. Bestalde, ikurrina bat zeraman Oldarra dantza taldearen postala gordetzen genuen klasean. Bagenekien debekatuta zegoela, isilik ibili behar genuela, baina ordurako jakitun ginen ikurrina zela gurea, euskaldunak ginela. Zorte izugarria izan genuen maistra harekin. Atera kontuak, eskola berean, gure anaia atzamarretan erregelarekin kolpatzen zuten euskaraz egitearren.   

Ikasketak bukatu eta gau-eskolen munduan sartu zinen.

Hori ikasi arren, ez nuen enpresa kudeaketa eta ekonomia arloan lan egin nahi. Euskaltzaindiko titulua atera eta Iruñeko Arturo Campionen hasi nintzen. Orduan ez zegoen AEKrik, gau-eskolak ziren. Baztan, Sakana edo Iruñerria bezalako eskualdeetan nahiko ongi antolatuta zeuden, baina Nafarroa koordinatu gabe zegoen. Beste herrialdeekin harremanak sendotu eta AEK sortu genuen. Ni izan nintzen Nafarroako lehen liberatua. Autobusa hartu eta Tuterara, Sartagudara, Lerinera, Lizarrara... joaten nintzen bertakoekin bildu eta sarea ehuntzera. Ordurako lan anitz egiten zen baina inork ez zuen auzokoaren berri. Beldurraren beldurrez Sartagudako klaseak klandestinoak zirela esanda, dena esanda dago, ezta?

Gogoan duzu alde egin behar izan zenuen eguna?

Gaua zen, euria goian behean, eta Iruñean klasea ematen ari nintzela nire lagun baten bila joan zirela abisatu zidaten. Ikasleei ariketak jarri, irteteko arazo pertsonal bat argudiatu eta ez nintzen itzuli. 1981a zen, Tejeroren estatu kolpea gertatu berri. Banekien itzulera ez zela erraza izango, etxeratzerako urte batzuk pasako zirela, baina nola pentsatuko nuen 32 urte berantago oraindik Arbizura ezin joanik segiko nuela? Aurrera jo eta borrokatzeak merezi zuela sinetsita nengoen, eta gainera, beldur nintzen poliziak torturatu eta espetxeratuko ninduela. Ez nuen dudatu, Iparraldera etorri nintzen.

Espero zenuena atzeman zenuen bertan?

Edonora iristen zarelarik ere integratu behar duzu. Horrek ez du esan nahi zure sustrai, kontzientzia, pentsamolde eta identitateari uko egin behar diezunik. Alderantziz. Ezin duzuna da kanpotar baten gisan bizi, bertakotu gabe, bertakoez paso eginez. Murgildu behar zara, bertakoekin bizi, bertako hizkuntza zeureganatu... Ez da samurra, ordea, norbaiti errefuxiatua zarela esatea. Batzuk fite jartzen dizute gurutzea. Orain irekiagoak gara, baina orduan ghetto moduko batzuetan bizi ginen. Heldu berritan, gure munduan ere jende anitzek ez zekiela euskaraz eta beste asko alfabetatu gabeak zirela jabetu nintzen, eta iheslari eta errefuxiatuentzat ikastaro trinkoak antolatzeari ekin genion. Bidarraien egin genuen lehena, eta Zuberoako Indauze-Mendin bigarrena. Bertan geundela desagerrarazi zituzten Lasa eta Zabala, handik jakin genuen Kattu eta Txapelaren aurkako atentatuen berri, eta GAL-en itzalari aurre egiteko neurriak hartzen hasi ginen. Bi orduko zaintza txandak egiten genituen gauero, mendi-bide galdu haietan susmatzen genituen auto arraroak zerrendatzen genituen, baina ez zen aski izan: Tigre erail ziguten. Hurrengo asteak biziki gogorrak izan ziren, orotariko poliziengandik askotariko probokazioak jasan behar izan genituen, eta beste ikastaro pare bat eman bagenituen ere, gerta zitekeenaz jakitun, barnetegiak bertan behera utzi eta Donibane Lohitzuneko AEKn hasi nintzen.

1986an, GAL desegin, baina Frantzia errefuxiatuak kanporatzen hasi zen. Korapilo estuena ere estutu liteke gehiago?

Ordura arte Frantziak paperak ematen segitzen zuenez, hiruzpalau hilabeteko kontua izango zela pentsatu genuen hasieran. Ez zen horrela izan. Gu badaezpada mendira oporretara joan ginen, eta alde batetik bestera berrien zain geundela, ohartu ginen jendea harrapatu ahala kanporatzen zutela. Ezkutatzea erabaki genuen, desagertzea. Urte batzuk egon ginen familiarekin inolako harremanik izan gabe: sei hilabete, zortzi hilabete, urtebete, komunikaziorik gabe. Ez genuen ez dokumentazio ez ezer. Etxeetan zulo batean sartuta bezala bizi ginen. Elkartasun handia jaso arren, espetxean egotea bezalakoa zen hura, ezin genuen horrela jarraitu. Hala, beste modu batera bizitzeko aukera izango genuelakoan, Ameriketara joatea erabaki genuen eta 1990ean Kubara iritsi ginen.

Zure historia ez da zurea bakarrik, zu bezala errefuxiatua den bikotekidearena ere bada, eta nola ez, Kuban izan zenuten alabarena.
Ordura arte, ez genuen sekula familia ekartzeko urratsik eman egoerak eragozten zigulako. Egonkortasuna falta zitzaigun, ez genuen lanerako aukerarik, lasai bizitzeko modurik. Hala ere, Kubara heldu ginenean, Euskal Herrira askoz lehenago itzuliko ginelakoan geunden. Gure familiak ez zekien non geunden, ez genuen harremanik. Pentsa, erditzear nintzela ere gurasoek ez zeukaten nire kokapenaren arrastorik. Halako batean, tropikoetako bero hezean izerdi patsetan nengoela, amak bidalitako haurdunontzako pana lodizko peto bat heldu zitzaidan! Urte neketsuak izan ziren. Hogei urtean, behin ikusi ditut gurasoak. Alabak, 18 urterekin Euskal Herrira lehen aldikotz etorri arte, behin baino ez zituen ikusi bere aitona-amonak. Hori bai, bikoteak bihotz-bihotzez desiratu dugu alaba, eta dena eman dugu zoriontsua eta Kuban murgildua bezain euskalduna izan zedin.

Nola bizi da norbere egoera pertsonala baldintzatzen duen egoera politikoa, itsasoaren beste aldean?

Hastapenean ez genuen Internetik eta biziki zaila zen. Hilean behin, 30-31 Egin iristen zitzaizkigun, baina jakina, denontzako ziren, eta eskutan hartzerako erabat iraungita zeuden. Gainera, sasoi hartan, Euskal Herrian egunero gertatzen zen zerbait, eta goizetik gauera aldatzen zen panorama. Radio Exterior de España ere entzuten genuen, baina probetxu minimoa ateratzekotan, dena iragazkitik pasa beharra zegoen, izenak ere oker esaten baitzituzten sarri. Zentzu horretan, Internet lortzea sekulako arnasa izan zen. Badakizu zer zen guretzat noiznahi Gara edo Berriaren webgunean sartu ahal izatea? Goizero, jaiki orduko, kafea hartu eta egunkariak irakurtzen nituen. Pentsa, alabatxoari amatxoren mimikak imitatzeko eskatzen ziotenean, kafea hartuz ordenagailua klikatzen irudikatzen ninduen. Albiste gose ginen, behar-izan bat zen.

Beti izan duzu garbi Euskal Herrira itzuli nahi zenuela? Kuban 20 urtez bizi izanak ez zizun bertan gelditzeko tentaziorik sortu?

Beti izan dut argi. Behin, bertako lagun batek “hemen ongi zaudete, lasai bizi zarete, alaba bat duzue...” konbentzitu nahi ninduen, baina zerbait eskas nuen, ez nengoen erabat trankil, eta Euskal Herrira itzuli arte ez dut benetako sosegu hori sentitu. Herri handira bueltatu naiz, sosegu oso-osoaz gozatzeko ordea, herri txikira joan ahal izatea falta zait. Kuban, lo hartu aurretik, gauero akordatzen nintzen herriaz, gurasoez, familiaz, lagunez... Alabarekin itsasoari so jartzen ginenero hatzarekin Euskal Herria seinalatzen nion, egun batean itzuliko ginela zin eginez. ET bezalakoa nintzen, egun osoa “ene etxea” gogoan.

Jendeak badaki iheslari bat zer den?

Jendeari iheslariaren bizitza ez zaio hain gogorra iruditzen. Ongi ikusten gaituzte, batzuk lanean, eta ez dute imajinatu ere egiten zer diren distantzia, herrimina, familiarekin ez egotea, lagunak ez ikustea, nahi duzuna ezin besarkatu ahal izatea... Jendeak ez daki zer den errefuxiatua izatea, ez daki zer bizi izan dugun, zer falta zaigun, zer esperantza dugun. Errefuxiatua izatea erraietan bete ezin duzun hutsune etengabe bat sentitzea da. Badakizu zerbait falta zaizula, ezinegonez bizi zara, etengabe hutsune hori betetzeko ahalegin mingarrian.

Jendarte honetan zer da paperik gabeko pertsona bat?

Lana aurkitzeko, etxe bat alokatzeko, sendagilearengana jotzeko... eskatzen dizuten aurreneko gauza izena da. Hona itzuli naizenetik harrituta nago bete behar den paper kopuruarekin, urrats txikienak eskatzen duen burokraziarekin. Edozertarako behar dituzu paperak. Edozertarako behar duzu kontu korronte bat, edozertarako erakutsi behar duzu zure txarteltxoa. Erabat kontrolatuta zaude, ezin duzu pauso bakar bat eman paperik agertu gabe. Harrigarria zait. Soldata kobratzeko, gizarte laguntzak jasotzeko, osasun arazoak konpontzeko... Denerako kontu korronte bat ukaitera derrigortzen zaituzte. Kontu korronterik ez daukazula esaten baduzu, dena zailtzen da, ezin duzu gabe bizi. Hala, badakite zer jaten duzun, nola janzten zaren, non ibili zaren... Dena. Lehen dirua patrikan bizi zen jendea. Pentsa, berriz Euskal Herrira itzuli arte ez dut sekula kreditu txartelik izan. Nahitaez erabiltzen ikasi behar izan dut. Ez zait ahaztuko lehen aldiz ezantza txartelarekin ordaintzen den postu automatikoan gizon bati nola funtzionatzen zuen galdetu behar izan genionekoa! “Nondik arraio atera dira hauek?!” pentsatuko zuen. Baina bai, guk ere birziklatze bat behar dugu, gu ez garelako horrela bizi izan, eta gu egon garen tokietan ez direlako horrela bizi.

Nola irudikatzen duzu Arbizu? Nola, itzuliko zaren eguna?

Uste dut ez nagoela hain galdua. Jendearekin egoteko parada izaten nuenean, etxez etxe pasatzen nuen herria bataz eta besteaz galdezka. Orain, hurbilago nagoenez, jendearekin harreman gehiago daukat, eta Udalaren webgunearen bidez herriko etxeei erreparatzen diet, ezagutzen ez ditudan auzo berriei. Egiari zor, beste herri bat dirudi baina nik berdin-berdin ikusten dut, itzuliko naizen eguna geroz eta hurbilago ikusten dudan gisan. Badakit joango naizela, une hori biziko dudala. Ez dakit noiz izango den, ez dakit nola, baina gustatuko litzaidake inori ezer esan gabe isil-isilik joan, etxeko tinbrea jo, eta sorpresa ematea.

Hainbeste urteren ondoren, ikusten duzu zure burua Arbizun bizitzen?

Etxera itzuli nahi dugula diogunean ez gara baitezpada bertan bizitzen jartzeaz ari. Guk gure herriko edozein txokotan ibili eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Ez besterik. Nik, pertsonalki, espero dut berriz Arbizun bizi ahal izatea, bertako biztanle eta herria aurrera ateratzeko partaide bat gehiago izatea. Niretzat pertsonek merkantziek baino gehiago balio baitute. Ez dut nire burua diru asko duen jendearekin konparatzen, nahiago dut lagunez aberatsa izan eta harreman horiek elikatuz bizi. Egia da, herria dugu arnas, eta nik ez daukat herriarekiko esker ona besterik.

Nortasun agiria

1958ko otsailaren 12an sortu zen Arbizun. Enpresa eta ekonomia arloko ikasketak egin zituen Oñatin, eta Nafarroako AEK-ko lehen liberatua izan zen, 1981ean Iparraldera ihesi joan behar izan zuen arte. Bertan urte gogor batzuk pasa eta Kuban hartu zuen lur 1990ean, antzeko egoeran zegoen bikotekidearekin batera. Hogei urtez hantxe bizita, orain hiru urte itzuli ziren Lapurdira, Arbizura bueltatzeko ametsa egunetik egunera hurbilago dagoela sinetsita.

Medioetatik at

Geroz eta garbiago daukat: kazetariok ez gaude medioetan agertzen ez den jendea elkarrizketatzeko formateatuta. Elkarrizketa proposamenari “hau niretzako marroi bat da!” erantzuten digutenean hitzik gabe geratzen gara, galdera eta erantzunen arteko isiltasunak urduritzen gaitu, elkarrizketatuaren pudoreak gure lekuan jarri... Baina zer nahi duzue esatea, bizitzaren harribitxiak medioetatik kanpo daude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal gatazka
Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-16 | ARGIA
Bakegileek ETAren armagabetzeari buruzko Jaurlaritzaren bertsioa gezurtatu dute, aktak erakutsiz

ETAren armagabetzean 2017ko urtarriletik apirilera gertatutakoen beren bertsioa eman dute bakegileek, Baionan astelehenez egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzak armagabetzeaz egin zuen kontakizuna “faltsua eta interesatua” izan zela adierazi du Noel Etxeberri Txetx... [+]


Ateratzeak, elkartasunaren zirkua eta alzheimer politikoa

Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.

Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


2024-11-11 | Patxi Azparren
Euskal prozesu konstituziogilea

Dakigunez, Hego Euskal Herriko Independentismo Instituzionalak ibilbide-orri jakin bati ekin dio. Espainiako Estatuarekin itun berri bat sinatzea. Bide horrek zenbait aldagai ala premisa nagusi erabiltzen ditu. Hala nola: PSOE ezkerreko alderdia da; Espainiako Estatua... [+]


Estatuaren biolentziaren beste 93 biktima aitortu ditu EAEko Balorazio Batzordeak

Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen... [+]


2024-10-29 | Leire Ibar
Baldintzapeko askatasunean aske geratu dira bi preso iruindar

Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.


Hilberria
Juanje, gero arte bakarrik

Juanje Soria abokatua urriaren 26an hil da, Iruñean. Foro Sozial Iraunkorreko kide ohiek Soria oroitu dute gutun honetan.


Baionako Adierazpenak gatazkaren konponketaren alde egindako “ekarpen handia” azpimarratu du Bake Bideak, hamargarren urteurrenean

Iritzi ezberdinetako aktore politiko eta sindikalak "kontsentsu batera iristeko" ariketa egin izana eta "Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean duen ardura" agerian ezarri izana dira Bake Bideak azpimarratzen dituen ekarpenak.


Eguneraketa berriak daude