argia.eus
INPRIMATU
Kanadako elebitasunaren bi zutabe ahulak: gazteak eta etorkinak

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko ekainaren 06a
Kanadako elebitasunaren bi zutabe ahulak.
Kanadako elebitasunaren bi zutabe ahulak.

Kanadan elebitasunaren (frantsesa-ingelesa) bilakaeraren ikerketa aurkeztu berri dute. 1961-2011 urte arteko ikuspegia eman dute, eta erakunde publikoak kezkatuta daude. Québec probintzia elebitasunaren irla bihurtzen ari da. Frantsesez eta ingelesez hitz egiteko gai diren hiztun kanadarren %57 Québecen bizi dira. Beste era batera esanda, Québecen biztanleen %42 elebiduna da. Bistan denez, halako proportziorik duen beste probintziarik ez da. Elebidun gehien duen bigarren probintzia Ontario da. Kanadako elebidunen %23 bizi dira Ontarion. Frantsesa eta ingelesa hitz egiten duten biztanleen %86 hiru probintziatan pilatzen dira. Québecetik kanpora, batez bestekoa aterata, %9,7 baino ez da elebiduna.

Erakunde publikoek begia bi kontutan dute jarria: gazteak eta etorkinak. Eskoletan frantsesez ikasteak indarra hartu du azken urteotan, baina elkarrizketa arrunt bat frantsesez egiteko gai diren gazteen ehunekoak behera egin du. 1996an, 15 eta 19 urte artekoen %15 zen horretarako gai, eta gaur egun %11.

Etorkin askok ikasten du frantsesa, baina bertakoen proportziora ez dira ailegatzen. 250.000 biztanle iristen dira urtero Kanadara. Etorkinen %6 da elebiduna. Aldiz, Québecetik kanpora bizi diren bertakoen %11k daki frantsesez eta ingelesez. 30 urte barru herrialdeko biztanleria hazkundearen %90 etorkinen esku egongo da.