argia.eus
INPRIMATU
Feminismoa modan

Clara Wolfram 2013ko ekainaren 06a

Horixe esan zidan lagunak: “Feminismoa modan dago”. Nire begirada eszeptikoa ikusita, argudioak botatzen hasi zen. “Internetera sartu eta begira zenbat blog feminista dauden. Egunkariak irakurri eta ia egunero topatuko duzu ikuspuntu feministarekin egindako ikerketa berri bat. Saltseatu emakumeei egindako elkarrizketetan eta berehala konturatuko zara, gehienek helburu feministak dituzte, eta boterean daude asko! Azken mende erdian feminismoak ereindako haziak loratzen eta zabaltzen ari dira. Hirigintza, zinea, ekologia, ekonomia, ekografia... edozein errealitate berraztertzen ari dira emakumeen ikuspuntutik”.

“Baliteke”, erantzun nion nik, kontrako argudioen munizioa prestatzen nuen bitartean. “Modan egon daiteke, baina modara ez da heldu feminismoa. Bestela, nola da posible arropa ekoizten den herrialdeetan emakumeak eta haurrak esklabutza baldintzetan lanean aritzea? Zenbat emakume eta haur hil dira Bangladesheko fabrikaren istripuan? Benetan axola al zaigu non eta nola ekoizten den arropa hori? Noiztik dugu urtero gure arropak aldatzeko beharra? Zergatik ari gara etengabe dieta egiten arropa horietan sartu ahal izateko? Eta zergatik eman ditzakegu orduak erakusleihoak eta modako aldizkariak begiratzen? Ez al dugu beste ezer hoberik egiteko medikuaren itxarongelan edo harategiko ilaran?”.   

Adierazpen horietan nenbilela, nire oinen ahotsak buru barneko gogoetan agertu ziren. “Eta zu, buru jakintsu hori, zertarako ari zara juaneteak elikatzen takoizko plataforma gogor hauetan? Zergatik ez diguzu lurra lasaitasunez zapaltzen uzten, gizon guztiek egiten duten modura? Ez al ditugu guk gizonezkoen oinen eskubide berberak? Akuilu-makuiluen gainean gabiltza. Gu, oinak, ez gaude konforme! Oinutsik nahi dugu! Juanete madarikatu hauez gain, bizkarra ere kexuka hasi zaigu, takoi horiek mina eragiten diotelako...”. “Zapata horiekin oso sexy nago”, erantzun nien nik, mantra kexati hori moztu nahian. “Gainera orain ohitu naiz altuagoa izaten, eta takoiak kentzen ditudanean txikia, potoloa eta arrunta sentitzen naiz”. Oin-buru arteko elkarrizketa hau ez zen, noski, nire ahotik atera. Lagunak begiratu ninduen, nire bat-bateko isiltasunaren esanahia harrapatu nahian. Adio esan nion, presaka nenbilela eta, oraindik harategitik pasatu behar nuela medikuarenera joan baino lehen. “Medikura?” galdetu zidan. “Bai, juanete hauekin ez dago lasai bizitzerik eta”.