argia.eus
INPRIMATU
Datorren ongizate estatua: zubirik gabeko igaroaldia

Gorka Moreno Márquez 2013ko ekainaren 06a

Ongizate estatu tradizionalaren gizarte-hitzarmenaren arazo estrukturalak pobrezia eta gizarte-bazterketa dira. Hartara, gizarte-politikak gizartearen elkartasunaren adierazle dira eta hiritar bakoitzaren eskubide. Azken urte hauetan ikuspegi hau zalantzan jartzen ari da “aktibazio” ereduaren bidez. Aktibazioak prestazio ekonomikoa edota gizarte laguntza jasotzen duten pertsonen lan merkaturatzea ahalik eta azkarren sustatzea planteatzen du. Hori lortzeko, besteak beste, zigorrak, behartzeko neurriak edota prestazio horien diru-kopuruen murrizketak aplikatu dira.

Aldaketa horrek zalantzan jartzen du orain arte nagusi izan den eredua. Izan ere, pobreziarekiko gizarteak duen arduraren eta hiritarren gizarte-eskubideen aurrean, orain nagusitzen ari den gerturapenak norbanakoaren ardura azpimarratzen du, eta hortaz, norbera da bere egoeraren erantzule. Era berean eskubideen jabe da, baina baita betebeharrena ere. Mutazio horrek isla nabarmena du hizkeran bertan. Horrela, gero eta gutxiago erabiltzen da “enplegu falta” –egiturazko faktorea– eta gero eta gehiago “enplegugarritasun falta” –norbanakoaren kualitatea–. Gero eta gutxiago ziurgabetasunaren aurrean babesa eskaintzea –ardura kolektiboa– eta gero eta gehiago norberak aldaketarako dituen ahalmenen laudorioa –norberaren izaera–.

Hizkeraz gain, eredu aldaketak hainbat ondorio sorrarazi ditu errealitatean. Lehen, gure gizarteetan gehiengo zabala integratuta bazegoen ere, gero eta gehiago dira integrazio horretaz disfrutatzeko gai ez direnak eta gizarte-zaurgarritasun egoeran kokatzen direnak, gizarte-dualizazioa gero eta nabariagoa izanik.

Orain arte gizarte-politikek zubi gisa jokatu dute, horren bidez, ertz okerrean zeudenek bestaldera igarotzeko aukera izaten zuten. Momentu hauetan zubia leherrarazi dute, eta lehenengo aldiz azken 200 urteetan, belaunaldi bat aurrekoa baino okerrago bizi daiteke etorkizunean, 40 urte azpitik daudenak –gaudenok– alegia. Eta okerrena, aktibazioak testuinguru honetan planteatzen duen salbaziorako bidea hau izaki: bilatu ezazu txalupa bat, arraun egin ezazu ahal bezainbeste eta horrela lortuko duzu beste ertzera ailegatzea.

Eredu honek ahaztu egiten du jende askok txalupa erosteko aukerarik edota arraunean aritzeko indarrik ez duela. Beste era batera esanda, norberarengan eta dohain indibidualetan oinarritutako soluzioek ez dute inongo aukerarik gure gizarteen ongizatea eta kohesioa bermatzeko. Dena den, hauxe da etorkizuna... eta oraina.