argia.eus
INPRIMATU
Abortu eskubideari

Uxue Alberdi Estibaritz 2013ko ekainaren 06a

Doinua: Habanera.

Urte luzetan egina
klandestinoki, gordeka...
Prezioa: arriskua
eta milaka pezeta.
Feministen aldarriak
zartatu zuen pareta,
umetoki bakartuak
elkartu ginen taldeka:
"nik ere abortatu dut!"
garrasi bat zen, kolpeka.
Isil dezagun sotanen
ta gorbaten berriketa
bizia aitzaki jarriz
legeen baitan gordeta
gorputzaren jabegoa
negoziatzen dute-ta.

Zein da gai honen mamia?
Zein asuntoaren funtsa?
Zer dela eta PP-ren
seta, ardura, zaputza?
Betikotu nahi dutela
emearen zapalkuntza,
iraunaraziz objektu,
oztopatuz jabekuntza.
Uteroa geurea da,
izan betea zein hutsa.
Geure zulo, geure odol:
ez inoren bozka-kutxa.
Arma gaitezen: bularrez,
aluz, hortzez egin bultza!
Gudu-zelai bilakatu
digutelako gorputza.

Ez apaizak, ez obstetrak,
ez maisuak, ez senarrak,
ez juezak, ez nobioak.
ez mediku egoiliarrak,
ez aitak, ez poliziak,
ez jakintsuen biltzarrak,
ez politiko progreak,
ez sektore eskuindarrak,
ez familia plangintzek,
ez etsaiak, ez gutarrak
ez Freudek, ez Jaungoikoak
ez katedradun azkarrak,
ez ohiturak, ez legeak,
ez potroek, ez bizarrak:
geu gara zer behar dugun
ondo dakigun bakarrak..