"Desobedientziaren bidea ere jorratu beharko dugu hezkuntzan"

  • Murgian ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jai atarian, hezkuntza arloko murrizketen aurka eta LOMCE lege-proposamenaren kontra borrokan diharduten bi elkartetako ordezkariekin bildu gara, Hezkuntzan Geu Eragileko Edu Zabala eta Denon Hezkuntzako Aitor Otañorekin. Irakasleak dira biak, Bigarren Hezkuntzan dabil Zabala, Irungo Txingudi Ikastolan, eta Lehen Hezkuntzan Otaño, Bidegoian Herri Eskolan.

Edu Zabala (ezkerrean) eta Aitor Otañoren hitzetan, hasiera-hasieratik harremana izan dute guraso eta ikasleekin, "konfiantza sortzeko, eta azaltzeko nahi duguna ez dela gure lan-baldintzez hitz egitea soilik, baizik osotasunean hezkuntzaz eztabaidatzea; haien beharra dugu eta haiek gurea".

Zein beharrek bultzatuta sortu ziren elkarteok eta zein jendek osatzen dituzue? Irakasleei baino ez daude zuzenduta ala talde irekiak dira?

Edu Zabala: Hezkuntzan Geu Eragile 2011ko abenduan sortu zen. Hiru sindikatu abertzaleek “Murrizketarik ez!” sinadura bilketa abiatu zuten, gure ikastolan erantzun polita izan zuen ekimenak eta sindikatuek berriz deitzera itxaron beharrean, gure burua antolatzen hastea erabaki genuen, erreferente gisa ikastetxea eta bertako eragile guztiak hartuz: gurasoak, irakasleak eta ikastolako langileak –gure kasuan ikasleak adin txikikoak dira–. Hainbat ekimen eta gogoeta plazaratzen hasi ginen eta bidean Denon Hezkuntza kolektiboarekin egin genuen topo.

Aitor Otaño: Irakasle ordezkoek informazioa trukatzeko Facebooken sortutako talde batetik dator Denon Hezkuntza, urrats bat gehiago eman eta murrizketen eta LOMCEren kontra egiteko nahiak batuta, ikastetxeetan irakasleen aldetik nolabaiteko mugimendu falta zegoela ikusten baikenuen eta sindikatuetatik ere aldendu samar daude irakasleak. Jendea ez dago pozik sindikatuek orain arte egindako lanarekin; gu ez goaz haien kontra eta ez gara haien alternatiba, sindikatuekin lankidetzan aritu nahi dugu, baina proiektu propio moduan, eskoletan ekimenak aktibatuz eta dinamizatuz, kexetatik harago proposamenak plazaratuz.

E.Z.: Talde irekia izanik funtzionarioak, bitartekoak, ordezkoak, jangelako langileak, garraiokoak… gaude, ikuspegi anitzekin, baina guk esaten duguna da erronka handiegia dela bakoitza bere aldetik ibiltzeko eta bultzatzen duguna ez da irakasleen aldarrikapen bat soilik, hezkuntzaren kontrako erasoan denak inplikatzea baizik, tartean gurasoak, euren seme-alabek jasango dituztelako ondorioak. Hasiera-hasieratik harremana izan dugu gurasoekin eta 16 urtetik gorako ikasle kolektiboarekin, konfiantza sortzeko, eta azaltzeko nahi duguna ez dela gure lan-baldintzez hitz egitea soilik, baizik osotasunean hezkuntzaz eztabaidatzea, eta horretarako haien beharra dugula eta haiek gurea. Guk ditugun proposamenak eta alternatibak helarazi nahi ditugu, baina bueltan ere jaso nahi ditugu.

Sigla ezberdineko jendea gaude, eta batzuetan sigla bat jartzen duzunean mahai gainean edo sindikatu batek egiten duenean deialdia, automatikoki besteetakoek ez dute bat egiten eta gurean natural atera da hainbat sigletako lagunak bildu ahal izatea oinarrizko gauzen alde borrokatzeko.

Eragile guztien inplikazioaz ari garela, eskola-kontseiluaren eragina ezabatu eta zuzendariari eman nahi dio boterea LOMCE erreformak.

A.O.: Bai, gaur egun zuzendariaren gainetik dago organo gorena, eta erreformarekin alderantziz izango litzateke: zuzendariak izango luke azken hitza gauza askotan eta zuzendaria ez luke orain arte bezala klaustroak aukeratuko, klaustroak bozen erdia izango luke eta beste erdia kanpotik letorke.

E.Z.: Langileria kudeatzeko ahalmena ere izango luke zuzendariak, ikastetxe publikora gestio pribatua eramanez. Pribatutasun kontzeptua handik eta hemendik poliki-poliki sartzea da asmoa eta bertako eragileei protagonismoa kentzea, arriskutsua da hori.

“Hezkuntzan Geu Eragile”. Zein modutan izan nahi duzue eragile?

E.Z.: Gu geu izan behar gara eragile, inor ez da etorriko hau salbatzera. Erraza da sindikatuak kritikatzea, “ez dira etortzen”, “betiko eskemarekin datoz”… eta halakoekin, baina zu zeu bihurtzen zarenean eragile, ikastetxekoak bertakoak, fardela norberak hartzen du bere gain, ez etorri elkarteari galdezka zer egingo dugun guk, ardatz beraren inguruan ikastetxeak berak modu autonomoan ekitea da helburua. Hori bai, gutxieneko koordinazio baten barruan. Denbora eta inplikazioa eskatzen du horrek guztiak.

“Denon Hezkuntza”. Ez da denontzako hezkuntza bermatuko LOMCErekin?

A.O.: Denok dugu eskubidea hezkuntza eredu egokia defendatzeko eta horren alde egiteko, talde irekia eta parte-hartzailea gara.

E.Z.: Eta halaber, ildo berriek erakusten dute hezkuntza elitista nahi dutela, batzuentzako hezkuntza, eta “denon” horrekin aldarrikatu nahi dugu guztiok dugula hezkuntza jasotzeko eskubidea, faktore ekonomikoek baldintzatu gabe.

Murrizketei eta LOMCE lege-proposamenari aurre egiteko, zein bide ari zarete egiten maila sozialean, judizialen, politikoan…?

E.Z.: Arazoa bistaratzeko, inplikazioa lortzeko eta gero eta jende gehiago mobilizatzeko helburuz, hainbat ekimen ditugu martxan: hala nola, “LOMCEri ez” sinadura bilketa, sinadura horiek gero Delegaritzara eramateko; kamiseta beltzekin ateratzen gara astean behin eta eskolak ere kamiseta hauekin ematen ditugu; egun jakinetan (inauteriak, Korrika Eguna, ikastetxeen jaiak…) kontzentrazioak egin ditugu eta Bizikleta Martxa eta Elkartasun Eguna antolatzen ari gara –irakasleon soldataren zati bat herriko kolektibo kaltetuenei bideratuko diegu Elkartasun Egunean–. Topaketa informatiboak egiten ari gara eskualdeka –oraingoz Gipuzkoan batik bat–, asanblea modukoak, informazioa ahalik eta gehien eta ahalik eta gehienei zabaltzeko, jende berria ezagutzeko, proposamenak elkartrukatzeko... Blogetan ere zabaltzen dugu informazioa eta sare sozialez baliatzen gara. Maila politikoan, herri bakoitzeko udaletan “LOMCEri ez” mozioak planteatu ditugu eta dagoeneko Donostia, Hernani, Oiartzun edota Irungo udalbatzek onartu dute –PPren kontrako bozarekin–. Aipatu duzun plano judiziala handi geratzen zaigu, pausoz pauso goaz eta gainerakoen konplizitatea lortu behar dugu, epaitegiak ez dira gure bidea, ikastetxea, bertako eragileak eta ekimen egingarriak ditugu oinarri. Azkenik, desobedientziaren bidea ere jorratu beharko dugu. Finean, inposaketa hauen aurrean ditugun tresnak erabiliko ditugu, bestela dekretu bidez etorriko da dena eta ezin diogu amen esan Madrilek agindutakoari, dirudienez Jaurlaritzak egin nahi duen moduan.

Hain juxtu, desobedientzia zibila pil-pilean dago orain. Ekintza zehatzetan nola islatzen da desobedientzia hezkuntzaren arloan?

E.Z.: Eztabaida sendoa eskatzen du gaiak, baina gurera egokituta balio dezaketen adibideak badira. Sevillan diagnostiko-frogak aldez aurretik filtratu dituzte eta balioa galdu dute. Edo guraso batek lehengoan komentatzen zuen aurrerantzean funtsezkoak izango direla haiek, irakasleak nahiko lotuta egon daitezkeelako, baina gurasoak erabaki dezake seme-alaba eskolara ez bidaltzea errebalida frogaren egunean. Eta gurasoen konplizitatearekin lortzen badugu ebaluazio diagnostikoari boikota egitea, oso inportantea izango da, errebalida froga horietan oinarrituko baita LOMCE. Curriculumaren aurkako desobedientzian, Ingalaterran administrazioak Historia Garaikidea ikasgaiko edukiak aldatu zituenean, Batxilergoko hainbat irakaslek erabaki zuten, Katedra Eskubidearen izenean, eduki horiek ez ematea. Ez dakigu horrek gero zigor administratiboak ekarriko dituen, Ikuskaritza gerturatuko den eta abar, baina ziur gaude leku askotan halakoak egin direla eta informazioa biltzea eta jasotzea da gakoa. Formulak badaude, baina jakin behar da zein indar dugun eta nolako ondorioak izan ditzaketen; ez dakigu noraino eman dezaketen.

Ikastetxeen autonomia aipatu duzue, borroka beraren barruan dinamika propioak sortzeko. Sei puntuko manifestuak batzen zaituzte eta lehenengo puntuaren arabera, harro zaudete egungo euskal hezkuntza publikoaz. Zein eredu defendatzen duzue?

E.Z.: Publikoa izan behar duen hezkuntza sistema euskaldun eta laikoaren alde egiten dugu. Publikotasuna defendatzen dugu horrek bermatu behar duen heinean denok, aukera berdinekin, hezkuntza jasotzeko dugun eskubidea. Hortik aurrera hezkuntza publikoa zer da, instituzionala ala herritartasunetik zedarritzen dena? Bigarrenaren aldekoak gara gu, bestela adibidez Nafarroako eredua publikoa delako, baina instituzioek egurra ematen diote euskarari eta euskal kulturari.

Manifestuan hezkuntza komunitateko langileen kontrako desprestigiatze kanpaina salatzen duzue, “pribatizazioaren mesedetan”.

E.Z.: Manifestua sortu genuenean, Patxi Lópezen garaiko Jaurlaritzak kaleratu zuen gure kolektiboan absentismo maila handia zegoela eta hori esanik, iritzi publikoa prestatu ondoren, bajen dekretua etorri zen eta ordezkoa bidali arteko egun kopurua handitu zuten. Halako kanpainekin, irakasleak eta hezkuntza desprestigiatzea bilatzen dute, informazio hori ez delako %100 egia.

A.O.: Bai, desprestigiatze kanpainak langile publiko guztiengana zabaldu dituzte jada eta hedabideetan herritarrei galdetzen diete ea uste duten langile publikoek lanordu gutxiago dituztela, soldata jaitsi beharko al litzaiekeen… Gainera, absentismo datuak desitxuratu egin dira, administrazio publiko osoko datuen batez bestekoa emanez, eta ez hezkuntza eremuari dagozkionak bakarrik.

Lan-baldintzen murriztea ere nabarmentzen du zuen manifestuak. Nola daude ratioak hemen, irakaskuntza pertsonalizatuaz hitz egin daiteke ala masifikatzen ari dira gelak? Baliabideak falta zaizkizue?

E.Z.: Ez dituzte ratioak igo baina ez dituzte ikasle errepikatzaileak kontuan hartu eta 25 ikasle baino gehiagoko gelak ugaritu egin dira, nahiz eta topea berez 25 ikaslekoa den EAEn eta 30ekoa Nafarroan. Datozen urteetan okertu egingo da egoera, lehenengo mailak topera datozelako. Horrez gain, gure soldatetan murrizketak eta izozteak ezarri dituzte eta lan karga handitu digute, burokrazia pila bat tarteko.

A.O.: Administraziotik hori ere ongi neurtu dutela uste dut. Irakaslea lanez zamatu dute, pentsatzeko denbora gutxi dauka eta eskolatik kanpo ekimenak egiteko ere nekatuta dago.

E.Z.: Bai, eta bajak hartzea gero eta konplikatuagoa dela gehituta, ebaluazio bukaerara oso erreta iristen da jendea. Lanorduen barruan gai hauetaz elkarrekin hitz egiteko denbora eta aukera desagertzen ari da, karga burokratikoek eragozten dute bestelako kontuetan sartzea, baita batzuetan eskola behar den bezala prestatzea ere. Ez gara iristen jartzen dizkiguten erronka guztietara, baliabide gehiago behar ditugu, eta ordezkapenak ondo betetzea.

A.O.: Ordezkapenetan sumatu dira murrizketak eta ikastetxeko irakasleek bete behar dituzte lankidearen bajako lehenengo egunak. Eta funtzionamendu gastuetarako %30-40ko murrizketa ekonomikoa izan dute hainbat ikastetxek; gutxien gastatu duenari ez zaio dirurik emango. Edo Eskola 2.0 bezalako adibideak ditugu: ordenagailuak sartu zituzten, baina irakasleak urte horretan baino ez zituzten formatu, hurrengo urteko irakasleak ez, eta Hirueledun proiektuarekin berdin, proiektu berria sartzen da baina ez dago formakuntzarik ezta prestatutako materialik ere.

“Eraso honek ez du krisiaren arazoa konponduko eta aitzakia besterik ez da, gizarte solidario eta soziala birrintzeko” ere badio manifestuak. Zer nolako gizarte eredua bultzatu nahi du LOMCEk?

E.Z.: Neoliberala, elitista eta baztertzailea da legea, emaitzetan motzen dabiltzanak kanporatu nahi dituelako DBHn eta horrela esan ahal izango dute 4. DBHn eskola-porrota txikia dela. Hezkuntza negozio gisa ikusten dute eta gu eredu sozial eta solidario baten alde gaude, baina beste norabide batean datoz, orain arte egin duguna eta etorkizunean egin nahi duguna suntsitzera. Pedagogikoki, ikasleak errebalidarako prestatu behar badituzu, ez zara haiek hezten ari, akademia gisa jokatzen duzu, azterketa baterako prestatzen dituzu, eta errebalidak ikaskuntza-ibilbide guztian jarri nahi dituzte.

Nola baloratzen duzue Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriaren orain arteko jarduna?

A.O.: Egia esan apenas ezagutzen dugun, ezer gutxi esan du, eta isiltasun horrek ez digu konfiantzarik ematen. Areago, Jaurlaritzak LOMCErekiko duen jarrera salatzen dugu, prest daudelako akordioetara iristeko eta Jaurlaritzaren erantzun horren beldur gara, Katalunian adibidez zuzenean ezezkoa esan diote lege-proposamenari.

E.Z.: Jaurlaritzak helegitea jarri du hizkuntza eskuduntzen inguruan, baina LOMCEri bere osotasunean ez, eta susmoa dugu euskararen trataeran nolabaiteko aurrerapausoa lortzen badute, Jaurlaritzak lege-proposamena onar dezakeela, eta LOMCEn beste gauza asko dago hezkuntza publikoa pikutara bidali dezakeena. Sistema publikoa orokorrean desegin nahi dutela uste dugu, eta zehazki gure kasuan, hezkuntza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Aldaketak LOMCEn: erlijioak eta itunpeko ikastetxeek pisu gutxiago izango dute

Hezkuntzako eta lanbide heziketako ministroak LOMCEri egingo dizkion aldaketak zehaztu ditu Diputatuen Kongresuan.


2018-06-05
Gazteok Euskal Herrian ikasi nahi dugu!

Erlojuaren orratzek egunari hasiera eman diote. Apunteak hartu eta korrika irten zara etxetik. Urduritasuna. Ordua da, heldu da azkenean. Tik-tak. Aurrera begira, lerro zuzenean eta bakarrik eserita. Isiltasuna. Hasi da azterketa, hasi da selektibitatea.


2018-04-20 | Topatu.eus
Azterketa arrotzen aurka Bilboko kaleak hartu dituzte ikasleek

Ikasleok Zorrotz dinamikak deituta manifestazioa egin dute Arriagatik ehunka ikaslek 'Azterketa arrotz, ikasleok zorrotz' lelopean. Azterketa eta erreforma arrotzen aurrean eta Euskal Herri burujabearen bidean hezkuntza "herritik eta herriarentzat" eraikitzea... [+]


Sexu bereizketa egiten duten eskolak diru publikoz laguntzea ontzat eman du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

Espainiako Estatuko Konstituzio Auzitegiak atzera bota du PSOEk LOMCE legearen aurka aurkeztutako errekurtsoa, eta ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolei diru-laguntza publikoak ematea zilegitzat jo du.


2018-03-07 | Hala Bedi
LOMCE eta Heziberrik “inposatutako” azterketari planto egiten hasi dira Arabako zenbait zentro

San Ignacion, Luis Elejalden, Aresketan… planto egin diote LH 6. mailako kanpo ebaluazioari. Hezkuntza Plataformen Topagunetik kalifikazio sistema “inposatu” honi planto egiteko deia luzatu zuten eta elkarlanean ari dira ikasleak, irakasleak eta... [+]


2018-02-28 | Hala Bedi
LOMCE eta Heziberrik “inposatutako” azterketa Arabako 27 ikastetxetan egin nahi dute

Luis Dorao, San Martin, Lukas Rei, Barandiaran, Umandi… Arabako 27 ikastetxe hauetatik 19 publikoetan egin nahi ditu frogak Eusko Jaurlaritzak martxoaren 5etik aurrera Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasgeletan. DBHn ere Pisa azterketa egitera deituko dituzte 4. mailako... [+]


Euskal eliteen menpe

Berriki jakin ditugu euskal hezkuntzaren emaitza kezkagarriak. Duela luze ez dela, PISA txostenak (Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programak) eman zigun lehen zaplaztekoa, emaitza oso kaskarrak lortu zituztelako gure ikasleek. Izan ere, sinetsarazi ziguten Eusko... [+]


Kanpo azterketen “negozioa” salatu eta baliorik ez dutela esan du Steilasek

Ebaluaketak "merkatu eta politika neoliberalen menpe" daudela kritikatu du sindikatuak eta proba "jarraitu eta hezigarrien" aldeko dokumentua aurkeztu du.


Itxialdiak, greba egunak, borroka asteak eta elkarretaratzeak hezkuntzan

Hezkuntza arloan bero bukatu zen ikasturtea EAEn eta indartsu ekingo diete berriz murrizketen aurkako mobilizazioei: abendura bitartean, greba orokorra eta arloz arlokoa, itxialdiak, elkarretaratzeak, solasaldirako tarteak, salaketa egunak, borroka asteak eta manifestazioak... [+]


2017-06-20 | Unai Brea
Hiru ikastetxetik batean ez dituzte Jaurlaritzak ezarritako kanpo-probak egin

Maiatzaren bigarren hamabostaldirako Lehen Hezkuntza eta DBH amaierako ebaluazio-azterketak deituta zituen Eusko Jaurlaritzak 90 ikastetxetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian jakinarazi duenez, 27tan ezin izan dute proba egin,... [+]


Eguneraketa berriak daude