argia.eus
INPRIMATU
Zarama: arazoa edo aukera

IƱaki Barcena 2013ko maiatzaren 23a

Patata beroa. Halaxe da benetan Gipuzkoako udal instituzioek –eta herritarrek– dutena etxeko zaramen kudeaketarekin. Badirudi, gaurko koiunturan, zaborraren inguruko antagonismoa punturik gorenera heldu dela. Hasieran, Zergarbi errauskailuaren proiektua atzera bota zenean, duela 20 urte, Roman Suduperen garaian, esan genezake aitzakia ekonomikoa izan zela. Harrezkero, luzea izan da etxeko hondakinen gaineko eztabaida. Egun, ez dago aste bat zaramaren inguruko berri berorik gabe. Lehia handia dago, joan diren urteetan izandako errauskailuaren aurkako mobilizazioen ostean, “kontramugimenduak” ari baitira sortzen Atez ate ereduaren kontra. Legazpi lekuko.

Arazoa. Pentsa daiteke gipuzkoarren arazo berezia dela eta partiduei dagokiela irtenbide politikoa aurkitzea. Baina ez dut uste Bizkaian edo Nafarroan arazoa txikiagoa denik, nahiz eta momentuan iskanbila handirik ikusi ez. Zaramarena arazo globala da, sostengarritasunari loturikoa, ditugun baliabide energetiko eta materialak mugatuak direlako eta ekosistemek ezin dutelako sortzen ditugun hondakinen kopurua jasan, batez ere.

Batzuentzat aldiz, arazoa ez da sozio-ekologikoa. Estetikaz, usainaz, askatasun pertsonalaz edo intimitateaz ari dira. Eurek ere ekologiaren aldekoak dira, noski, baina inposiziorik gabe. Asuntoa da, herri, auzo eta hiri guztietan zaramaren kudeaketa arazo sozio-ekologikoa dela, batzuetan gatazka bihurtzeraino. Eta gatazkak batzuentzat gizartearen gaixotasun sintomak badira (Parsons, Merton...) beste askorentzat (Simmel, Darhendorf, Hirschmann...) bizitza sozialari loturikoak dira, ez beti negatiboak.

Edo aukera? Nepalen eta Napolin, Rio de Janeiron eta Zarautzen zaramaren kudeaketa erdigune politikoan dago. Brasilgo faveletan ere empresa multinazionalek muturra sartu nahi dute zarama biltzaileen kooperatiben kalterako. “O problema do lixo é o lucro” (Zaramaren arazoa etekina da) esaten dute han eta bat nator horixe bera dela berton daukagun auzia. Gipuzkoan ematen ari den eztabaida sozial zabala nahiko nuke nik Bizkaian ere eta Euskal Herria osoan. Azken 30 urteetan, zarama negozio aukera ezin hobea izan da EAEko ingurumen karguetan egon direnentzat, eta ez Xabier Garmendiarentzat soilik. Zarama-politikak bere garrantzia hartzen badu, eta ari da hartzen, gero eta zailago ikusten dut eliteen negozioentzako aukera.