argia.eus
INPRIMATU
Zaldibartarren %22k erabiltzen du euskara kalean

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 24a
Wikipedia.

Bizkaiko Zaldibar herrian ia erdiak, %46k, badaki euskara. %22k erabiltzen du kalean, eta etxean %27k. Herriko haur guztiak D ereduan daude matrikulatuta. Ez ditu ezaugarri bereziak Zaldibarrek, beste herrietan ere halaxe gertatzen da, hitz egiten dutenak baino dezente gehiago dira euskara dakitenak.

Alabaina, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murrizteko asmoa du Zaldibarko Udalak, eta Elhuyar Aholkularitzaren eta herritarren laguntzaz Euskararen Plana prestatu dute datozen lau urteetarako. Planak bi helburu nagusi ditu: euskara prestigiatzea eta eremu guztietara zabaltzea. Zaldibarko Udalaren eskariz, euskararen egoeraren diagnostikoa zuzendu duen Elhuyarko Nerea Zubiaren ustez, bi helburu horiek lortzeko bi gauza ezinbestekoak dira: euskara hautu kontzientea izateko herritarrak ohartaraztea eta gazteei euskarazko erreferenteak ezagutaraztea.