argia.eus
INPRIMATU
Plako eta lodi
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 23a
Tomatea, Solanum lycopersicum.
Tomatea, Solanum lycopersicum.Böhringer Friedrich-CC By SA 2.5

Tomatea, Solanum lycopersicum, euskaldunon erregina bihurtu da. Sasoi honetan baratzean, lore tartean, balkoian, leihoan, non ez da jartzen egun? Udako beste barazkiekin aspaldi abiatutako norgehiagokan nagusitzen ari da. Gailurreratu eta buruntzatu dugu. Koittauok!

Tomatea Ameriketatik ekarritako fruitua dugu. Ehunka urte kosta zaio euskaldunon konfiantza eta gure mahaietan normaltasunez ikusteko ohorea irabaztea. Geure amak, umetan tomatea jaten ikas genezan, olio-ozpinez beharrean, azukrez jantzita jartzen zigun. Kanpotarra dela-eta sekula jan ez duenik ere ba omen da gure aurreko belaunaldi horretan.

Kaktusek arantzak dituzten bezala, tomateak ileak ditu hosto, txorten eta zuztar, fruitua ez beste guztian. Lehor-zale amorratua dela adierazten du horrek, giro idorreko ingurunetako landarea. Ileak izateak ur gehiena lurretik hartuko duela adierazten du. Ameriketatik ekarri eta Euskal Herria atlantikoko giro umelean jarrita, hezetasun horrexek hauspotzen dituen onddo gaitza sortzaileen erasoekin erdipurdi bizi da. Hau da, iraun. Eta bizi, ondo bizi ez denak ezin fruitua oparo eman. Plako bizi denak ezin lodi eman. Euskal Herria mediterraneoko giro agorretan, aldiz, ederto biziko da eta gogotik emango du. Hegoaldean tomateari makilarik ere ez zaio jartzen, lurrean herrestan zabaltzen da, hezetasunari hedetuta datozen gaitz horien beldur handirik gabe. Iparralde atlantikoan lanak ditugu tomatearekin. Nonahiko hezetasunari ihesi eraiki behar dugu tomate saila baratzean. Hezetasun bikoitza, lurrekoa eta airekoa.

Aldatu aurretik bi buelta eman arazo bikoitz honi. Eta, adibidez, honelakoei ekin: lur bero, eguzkitsu eta harroena aukeratu. Paretaren kontrako txokoak dira onenak; lehorrak eta horma beroen altzoan. Lurra harrotzeko hondarra, karea edota sutako hautsa eman lurrari. Baratzean ilara arteko eta ilaran landaretik landarerako tartea bikoiztu; airea errazago mugituko da eta eguzkiak landare guztia berotuko du, baita lurra ere. Gainera, geu tomate artean mugitzen garenean ez dugu hosto edo adarrik hautsiko eta gaitzei atea irekiko dien zauririk eragingo. Bestetik, aldatzeko lur ttonttorrak egin. Lur-arrasean kapilaritatez behetik igo den uraren maila dago; koska bat eginez ur horri ihes egiten zaio, zainei lur lehor zatiaren arnasa emanez. Ikusi, bestela, olibondoak nola koska baten gainean jartzen diren. Eta bukatzeko, aldatu berritan, itsasteko soilik ureztatu. Hortik aurrera tomatea ez ureztatu. Urak landarea gaixotze bidean jartzeaz gain, kilotan haziko ditu tomateak. Eta, tomate goxoa ala ura jan nahi duzu?