National Adaptation Forum-en aurkezpenak dio: “Garaiotan ikusten ari gara klimaren aldaketaren arrisku eta ahuleziak sartu direla baliabide naturalen kudeaketan erabakitzen duten jendeen diskurtsoetan. Herri, eskualde eta nazio mailan ari diren kudeatzaileak hasi dira erantzuten klimaren eraginei. Baina egokitzearen alorra oraindik sortu berria da”.
National Adaptation forum burutu berri dute AEBetako Denverren. Klimaren aldaketak dakarren mundu berrira egokitzeko estrategiak aztertzeaz da adaptation hori. Egokitzea, oraindik gure arteko askok eztabaidan jartzen dutenean klima aldaketarena egia ote denez? Hainbesterainokoa ote da?
Alternet gune progresistan Cynical companies are already scheming how getting rich off global warming (Enpresa zinikoak tratutan ari dira beroketa globalarekin aberasteko) kronika argitaratu du Alexander Zaitchikek, azpititulu honekin: “Lekuko funtzionarioak eta ekologistak planak egiten aritu dira beroketa globalaren ondorengo Amerikaz. Etekin bila dabiltzan negozioek gauza bera egin dute”. Zaitchik kazetari freelancea da, besteren artean Common nonsense: Glenn Beck and the triumph of ignorance liburuaren egilea.
Zaitchikek kronikan azaldutako biltzarrean, apirilaren 2tik 4a artean, 500 partaidetik gora bildu ziren, klimaren aldaketari egokitzeko AEBetako Gobernuak sortu dituen 20 agentzia federaletako ordezkariak, arriskuan diren kostaldeetako dozena bat estatuko funtzionarioak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, unibertsitateko ikerlariak...
Adaptation definizioa biltzarreko hainbat aurkezpenetan mamiturik ikusi zen: “Hirien egokitzea”, “Itsas hegiaren erresilientzia eraikiz”, “Bizidun basatien egokitzea eta espezie etxekotuen lekualdatzea”, “Dike eta olatu hormak: kosta eta itsas guneen planifikazioa”...
Erresilientzia (estresari eta ezintasunari aurre egiteko ahalmena) eta egokitzea modako hitz bilakatu dira. Zaitchiki biltzarkide batek aitortu dionez, “duela bi urte kanporatu egingo ninduten edozein bileratatik klimaren aldaketaz eta horri aurre egiteko inbertsio beharraz hitz egin izan banu”. Baina Sandy ekaitz izugarriak (super storm ingelesez) aldatu zuen giroa. Pentsa, Denverreko alkate Michael Hancockek biltzarrean iragarri zuen apirilaren 2a izendatu duela “Klimari egokitu beharraz ohartzeko eguna”.
Zaitchikek uste du horrelako keinu asko ez dela beharko aurrerantzean. “Super-ekaitzak, uholdeak eta idorteak handitu eta gogortu ahala, horiekiko babestu eta egokitu (adaptation) beharrak gaina hartuko dio negutegi gasak murrizteari (mitigation) klimaren agendan”.
Biltzarraren babesleetakoak izan dira Geos institutua (“Using science to help people predict, reduce, and prepare for climate change” dauka lelo), klima egokitzapenerako think tanka, eta Stratus kontsultora, bezero publiko eta pribatuei klimaren arriskuez aholku ematen aitzindaria. Bien jabea Daniel Kreeger da, Association of Climate Change Officers elkartearen sortzaile ere badena.
“Kalkulatu dut –esan dio Kreegerrek kazetariari– 30.000 edo 50.000 profesional ariko dela klima eta egokitzapen gaietan hurrengo hamarkadan”. Datorren irailerako Washingtonen antolatu du hiru eguneko Climate Strategies Forum delakoa. Honen babesletza 25.000 dolar pagatu behar da.
Denverren bilduak mintzatu dira jendeak, aziendak eta etxeak lekualdatzeaz, arriskutan diren eremuetan salbatu daitekeena sendotzeaz eta ezin dena abandonatzeaz. Grafikoki esanda, AEBetako bizilekuen mapak zaharberritzeaz. “Duela hamar urte egokitzea hitz itsusia zen, berde profesional eta ekintzaileen artean amore ematea esan nahi zuen. Gero, klimari buruzko nazioarteko negoziaketen poderioz eta klimaren aldaketak atzerabiderik ez duela erakusten duen zantzuak ikusirik, nazka galdu diote”.
Zaitchikek eredutzat aipatu du Lara Hansen. AEBetako Ingurumen Agentzian eta beranduago World Wildlife Fund erakundean ibili ostean, 2008an EcoAdapt sortu zuen, klimaren aldaketa ikertzeko, Washington estatuko itsas hegian uharte txiki bat erosi eta han eraiki egoitza. Kazetariari esan dionez, “EcoAdapten ideia da jendeari bultza egitea kontzientzia hartzetik haratago egokitze neurriak hartzera”.
Bill McKibben, 350.org erakundekoa, zen beste biltzarkide berezietakoa. Eaarth liburua plazaratu berri du, azaltzeko gutako gehienak bizi garen planeta dagoenekoz ez dela gu sortu ginen hura bera. “Aztertu behar dugu gure bizimodutik eta gure ideologietatik zein zati utzi behar ditugun atzera, gure gizarteen eta zibilizazioen muinak babestu ahal izan ditzagun”.
AEBetan gai hau lantzeko Global Change Research Act legea 1990ekoa da, George W. Bushen garaikoa, baina 15 urtez paper artean lozorroan eduki dute, Barack Obamaren administrazioak biziberritu duen arte. Honek abian jarri du Adaptation Task Force, klimaren aldaketaren arriskuak aztertu eta proposamenak egiteko.
Ultraeskuineko kristau kreazionistek luzaz oztopatu dute gai honen aurrerabidea. Hondamendi naturalek hartu dieten arte gaina, esaterako Ipar Dakota estatuak bost urtetan lau aldiz jasan dituen uholde izugarrien bidez.
Biltzarrean, Zaitchikek Alterneten esan digunez, eten gabe mahairatu da klimaren aldatzeak ekar ditzakeen iraultza sozialei buruzko beldurra. Horrekin batera, gizarteak berdetu eta deszentralizatu beharra, leku askotan industriaren intentsibotasuna arinduz jarduera ekonomikoa eta hondakinak murriztu beharra... “Baina galdera da ea aipatzen diren trantsizioak burutuko ditugun garaiz ala beranduegi”.
Denverren ba omen ziren hirietako funtzionarioak arazo zehatzen konponbide bila joanak; Zaitchikek aipatu du Chicagoko bat, kezkatua ur zikinen hoditeria gero eta sarriagotan butxatzen delako, uholdeen kausaz. Lara Hansen bezalako beste askok planteamendu holistikoagoa egin nahi zuten, kaltetuenak izango diren jendeen babes ekonomiko eta soziala hobetzeko.
Beste biltzarkide batek, Jacqueline Pattersonek esan bezala, “klimaren aldaketak larriagotu egiten ditu lehendik dauden bereizketa sozialak, osasungintzan, zabortegi toxikoen hurbiltasunean, poliziarekiko eta hedabideekiko harremanetan, larrialdi zerbitzuetan, ahalmenean oro har”.
Aldiz, enpresa handiek inbertsio, oportunitate eta arriskuak ikusten dituzte aldaketotan. Nazio Batuen Erakundeak kalkulatu du 130.000 milioi dolar mugituko dituztela alor honetako konpainiek. Urak eta laborantzako lurrak garrantzia berezia hartu dute. Prezioak gora datoz. Petrolio konpainiek sortutako Global Adaptation Index bat bada jadanik burtsan kotizatzen dena, Natural Gas Partnersek 11.000 milioiko portfolio daukalarik. Baten negarra dakarren euria, bestearen pozgarri.
AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea: Elena Diaz.
Zuzendaritza: Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]
Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.
Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.
Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]
Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]
2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.
Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.
Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.
Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]
Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.
Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.
Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.