argia.eus
INPRIMATU
Isiltasunaren naturaz

Angel Erro @angelerro 2013ko maiatzaren 23a
Antton Olariaga

Litezkeen eta akaso ez litezkeen materia guztien artean isiltasuna dugu azkenaldian gehien aldatu duenetarikoa.

Gai hau paradoxa deigarriak eta poetikoak begietaratzeko erabili da gehienbat. “Isiltasun adierazgarria” edo “isiltasun gorgarria” bezalako espresioak ohikoak dira eguneroko jardunean zein literaturan. Schopenhauerren ustez, konparazione, isiltasuna garrasirik indartsuena da. Isiltasun esanahitsu honen gailurra seguruena maitasunezko poesian aurki daiteke. Remix liriko bat egin nahi bagenu (Espainiako Urrezko Mendearen bi egileren bertso-lerroak besterik ez nahastuta) honako arrazoibidea eskura genezake: “Nire isiltasunari galde egiozu, zeina ni baino dotoreago mintzo baita; isiltasunak isilik asko esaten du, maitaleen hizkuntza horixe baita eta nire isiltasunak ez badu txintik atera nik ez dakit zer gehiago esan(1)”.

Iraganeko isiltasun honen ezaugarririk behinena unibokoa edo adiera bakarrekoa dela litzateke. Isilik dagoenak gauza bat eta bakarra esan ohi du. Egun, berriz, Postmoderniaren sagarrondoaren fruitua dastatu dugunetik hona, errugabetasuna ezinezkoa bihurtuta, isiltasuna askotariko esanahiez bete da, norberak ohartuki esan nahi lukeenetik haratago(2).

Konpromisoaren gaia ateratzen denean nabarmenagoa da hori. Denok argi daukagu, norberak esaten duena esaten duela, zerbait esaten ari garela dena delako gaiaren inguruan. Diogunak bezainbeste salatzen gaitu zer uzten dugun aipatu gabe. Botereek askotan omisioz dihardute (ikusi, adibidez, eta besteak beste, AskeGunearen inguruan EiTBren isiltasun politika).

Isiltasunaren natura polimorfoa denez, Laboak abestutako galdera, “zer dio isiltzen denak isiltzen denean?”, ez zaigu inondik inora nahikoa. Zabaldu behar dugu.

Denok gauza bera esaten dugu isiltzen garenean? Uxue Apaolaza parafraseatuz, zer (ez) dio isilik dagoen bakoitzak, isiltasuna askorena denean? Zeinek, zer botere-gunek, erabakitzen du zertaz isiltzen ari garen isiltzen garenean? Berdin isiltzen gara denok? Posible da hizkuntza ezberdinetan ere isiltzea? Hots, dakizkigun hizkuntza guztietan gauza bera ari gara ez esaten, haietako batean zerbait esatea erabaki (konpromiso jakin baten aldeko hautua egin) dugunean? Tokiaren araberako isiltasunik ere badago, esanahiaz aldatzen dena? Eta denboraren araberakorik? XVI. mendeko Sevillan gaztelaniaz zertaz ari ziren zehazki ez idazten? Arraza beltzekoen zapalkuntzaz(3)? Bekatu aipaezinaz(4)? Zer esaten ariko naiz bihar gaur esaten ez naizenarekin?

Ez dit inork zertan erantzun.

*   *   *

(1) Consultad a mi silencio / que hablará en mayor estilo. / Harto el silencio con callar responde, / que el silencio es retórica de amantes. / Porque si mi silencio no ha hablado / no sé deciros más. Erdiko bi lerroak Calderón de la Barcarenak dira; gainerakoak Gabriel Bocángelenak; osotara, hiru lan ezberdinetatik hartuta.

(2) Mentura ninteke esatera (seguruenik oker eta handinahiegi; hortaz, oin-ohar batean hobeki) gizaki postmodernoaren tragedia (komunikazio-) nahiaren mugatu eta esanahien mugagabean datzala. Lehenago, norbanakoaren tragedia, berriz, desira edo nahi mugagabea eta materia mugaduna talka egitearen ondorioa zen. Lehen, ezin esana. Orain, ezin isildua.  

(3) Garai horretan Sevillako biztanleen %10 esklabo edo liberto beltzak omen ziren.

(4) Pedro de León jesuitak, Sevillako kartzelako konfesoreak, 114 sodomia kasu ezagutu omen zituen lehen eskutik.