argia.eus
INPRIMATU
Bere kabuz disfrutatzen dakiena
  • Puto amoak matematiketan::5!

    Autoekoizpena, 2013


Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 22a
Ermua ez da Gipuzkoa, baina ezta Bizkaia ere, esango nuke. Luzaroan heavyen herria zela esan bada ere, ez da apenas heavyrik aurkitzen. Agian, asko jota, disko honek gordeta duen palindromoen pista satanikoa da horren arrasto bakarra. Izan ere, Puto Amoak Matematiketan edo PAM taldea osatzen duten lagunek ez dute konfesatzeko –ezta ezkutatzeko– moduko iragan heavyrik. Inongo mugako herri horretan halako zeresana izan zuten Julio Kageta, Kubanakhan, The Pepe´s eta Dantzut taldeetan ibilitakoak dira hauek. Eta, gerora, aspaldi Puto Amoak Matematiketan sortu zuten, rockaren eta matematiken arteko ezinezko ezkontza gauzatuz… A ze erronka! Zer aspergarria den rocka, eta zenbat duten deskubritzeko matematikek…
Luzaroan lozorroan egon ohi da eta tarteka kantuak sortzearen aitzakiaz berpizten da zenbakien itsas-piztia hau. Oraingoan ere zenbakiek, palindromoek eta puzzleek liluratuta, etorri dira (h)onera. Eta ni liluratzen nau jakiteak oraindik taldeaz, musika egiteaz eta horren guztiaren inguruko gauza txiki-handiez hainbeste disfrutatzen duten taldeak badirela jakiteak. Hala ere, beraiei bost beste guztia. Bost faktoriala! Seguruenik horregatik, beraien bosgarren lan luzea bi kantuz osatutako binilo singleari itsatsita jarri dute eskuragarri CD formatuan. Taldeak badu beste ezaugarri bat niretzat oso deigarria dena eta bere alde nabarmen egiten duena: Euskal Herriko talde gehienen kontran, hemen taldekide guztiek abesten dute. Txalotzekoa!
Matematiketan Puto Amoak direla aspaldi erakutsi ziguten eta zenbakien arima jendartean erakusteko egindako bide luze eta dibertigarri honetan orain arteko lan interesgarriena osatu dute. Lokalean urtebetez idatzi, jolastu, sortu eta moztu-itsatsiz puzzle ederra sortu dute, iraganeko euskal taldeen usaina, pop-rockaren erabateko errebindikazioa, intentsitatearen joko ia amaigabea eta askatasuna barra-barra dariona.
Egiazko hitz existentzialista hauek janzteko tonaka disko entzuten dituzten lau lagunok askatasun osoz jokatu dute, eta gorputzak eskatzen zielako omendu dituzte oharkabean (nire ustean) Itoiz, Ama Say, Julio Kageta bera, Political Asylum, Fugazi, Münsterland zein Safety Pins, beste askoren artean. Rockaren baitako estiloen paleta ia osoa igaro baitute lan hau egiteko. Gainera, Carlos Balseirok eta Markos Gimenok espresuki abesteko dituzten estilo bereizgarriek emaitza gehiago aberastu dute. Pablo Cabeza hilezkorrak Anger taldeari buruz orain gutxi aipatutakoaren hein berean, Puto Amoak Matematiketan gaur egun dagoen talde-uholdeen artean galduta jendeak deskubrituko ez duen beste altxorretako bat da. Baina haiei horrek ez die axola.