argia.eus
INPRIMATU
Tolosa (Gipuzkoa)
Euskal Pizkundearen arrastoari segika
  • Tolosan hainbat ekintza egin dira 2011tik hona euskararentzat eta euskaldunontzat hain garrantzitsua izan zen Euskal Pizkundea gogoratuz. Proposatuko dizuegun ibilaldia aitzakia bikaina da mugimendu hura ez ezik Tolosa eta inguruko txoko ezkutuenak ezagutzeko.

Gorka Azkarate @gazkarate 2013ko maiatzaren 16a
Euskal Pizkundea plazan hasi eta amaituko da gure txangoa.
Euskal Pizkundea plazan hasi eta amaituko da gure txangoa.

Honela laburbiltzen ditu Tolosako Euskal Pizkundea plazan ageri den testuak izen bereko mugimenduaren helburuak: “Euskarari prestigioa eman. Euskararen irakaskuntzaren oinarriak jarri. Ahozko literatura duindu. Literatura idatzia bide berrien arrastoan abiarazi eta noranahikoa egin. Antzerkia dinamizatu. Prentsa sortu eta suspertu. Dantza berritu, dantza modernoarekin joan-etorrian. Garaiko korronteen araberako musika bultzatu, eta musika tradizionala ikertu, baliatu, ezagutarazi. Arte plastikoak abangoardiarekin lotu, diziplina artistikoak elkarrekin harremanetan jarri... Euskarak inoiz ezagutu zuen mugimendu kultural bizi eraginkorrena protagonizatu zuten Pizkundeko gizon-emakumeek XX. mendearen lehenengo hamarkadetan”.
Euskal Pizkundea izena jarri zaio Oria ibaia, Aranburu Jauregia, Andre Maria eliza eta Errotak mugatzen duten Tolosako txokoari. Mugimenduko kideen zerrenda ere bertan dago ikusgai. Eta guk txoko horretan hasi eta amaituko dugu bederatzi kilometroko txango zirkularra. Ibilaldia maldan gora hasiko dugu, behin Zerkausia eta Trianguloa plaza atzean utzita. Trenbidearen gainetik pasa eta gogor zutitzen da malda, Monteskue auzoko baserriak helburu. Malaka baserriaren parera iristerako hauspoa bizkorturik izango dugu, eta Tolosa, dezente behean utzia, Oria ibaiaren alde banatan barreiatua. Altuera irabazten goazen neurrian asko zabalduko da paisaia, eta haranaren bestaldean ageri den Uzturrek, besteak beste, gure arreta erakarriko du atzera begiratuz gero. Otsabio, Buruntza, Belkoain, Adarra, Jaizkibel eta urruneko tontor gehiago ere begien bistan izango ditugu.

Ernioren maldetan

Ernioko mendiguneko gailurrik garaienetara doan bide klasikoa eta Urkizura doan xenda banatzen diren puntura helduko gara bizkor. Txangoa luzatzeko aukera paregabea da Erniora igo eta jaistea, nahiz eta kilometro aldetik jauzi handia dagoela kontuan hartzea komeniko zaigun: hogei kilometro inguru, bederatzi beharrean. Erniora igotzeak desnibel handiagoa gainditzea eskatuko digu, bestalde: Olamuñoko gaina eskuinetik inguratu –antena erraldoi bat dago tontor horretan–, eta Lizarbakarrako paraje zirraragarrira helduko gara, Erniozabalen oinean. Zuzenean Erniora joatea da lehenengo aukera, Basagainzulotako lepoa atzean utziz; bestea, Erniozabal igo eta gailurreria zeharkatzen duen xenda jarraitzea, Ubeltz eta Aizpeleko tontorretatik igaroz. Aukera ederrak, biak ere, Gipuzkoako mendirik bisitatuenetakoa eta maitatuenetakoa den honetara igotzeko.

Lizardi gogoan

Erniora igo ala ez, berriz ere Urkizurako bidean jartzea eskatuko digu ibilaldiak. Olamuñora itzuli eta erraz egingo dugu behera, margo ikur zuri-horiei segika, Urkizuko kaskoa menderatzen duen Gorostizu Goikoa baserriaren paretik igaroz. Bide historikoa modu zoragarrian mugatzen duen itxitura ederra dauka atarian baserri horrek.
Behin Urkizura iritsita, txangoaren azkeneko zatia osatzea baino ez da faltako; horretarako, ezkerretara hartu eta Eguzkitza baserrira doan bidea jarraituko dugu, eta sakonunea talaia moduko bide horizontal eder bati segika inguratuz, behera egingo dugu poliki-poliki, Lizardik hain maitea zuen txokoa ezagutzeko irrikaz. Sarritan ibiltzen omen zen paraje hauetan barrena olerkari ezaguna, horren lekuko bere oroimenez altxatutako monumentua. Euskal Pizkundea mugimenduko kide esanguratsuenetakoa izan zenaren olerkiak gogoan, txango zoragarria osatu izanaren sentipenaz itzuli gara Tolosako herrigunera, San Esteban auzoko baserriak lotzen dituzten bide bihurrietan barrena. Berriz ere Euskal Pizkundea plazara iritsita, Lizardiren bertso sorta bat izango dugu irakurgai edo kantagai. Sortako azkeneko bertsoak maisuki laburtzen du Euskal Pizkundea mugimendua bera: “Egizute nerekin/ aberri-bidea/ bildu dezagun nun-nai/ asaben lorea/ ta gaurdanik goritu/ gure sukaldea/ ni nor naizen? Asmatu?/ Euskal Pizkundea!”.