argia.eus
INPRIMATU
Naturaren aniztasuna zaintzeko aldarria
  • Richard Leaky, Roger Lewin ::Seigarren iraungitzea

    Gaiak, 2013

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko maiatzaren 16a
Pentsamendu obra garrantzitsua ipini digu eskuartean Gaiak argitaldariak. Bizitzaren jarraibidea eta gizadiaren etorkizuna ditu gogoeta gai, eta estreinakoz plazaratu zenetik –dagoeneko badira ia 20 urte–, zeresan franko eman du.
Egileen ustez suntsiketa orokor baten baitan gaude, gure planetan gertatutako seigarrena izango litzateke –bosgarrena orain dela 65 milioi urte gertatu zen, eta beste zenbait espezierekin batera, dinosauroak desagertu ziren–. Aurreko bost aldietan ez bezala, gizakia genuke iraungitze orokor honen errudun. Zenbait kalkuluren arabera, 30.000 espezie leudeke etorkizun ez oso urrun batean galtzeko zorian.
Seigarren iraungitze-aldi hau duela 100.000 urte hasi zela argudiatzen zaigu. Esan nahi baita, lehen gizakiak planeta osoa kolonizatzeari ekin ziotenean, eta bidean, bizi-mota ugari suntsitu zituztenean, gizaki-espezie batzuk tarteko. Geroztik, joerak okerrera egin du eta horrela jarraituz gero, Homo sapiensaren patua ere berbera izango da.
Gizakiok naturaren aniztasuna babesteko behar etikoa dugula ozen aldarrikatzera dator Richard Leakey eta Roger Lewin antropologoen Seigarren Iraungitzea.