argia.eus
INPRIMATU
Ozeano Artikoa, gero eta azidoagoa

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 16a
U.S. Geological Survey-CC By

Gauza jakina da isurtzen dugun CO2-aren zati handi bat itsaso eta ozeanoek xurgatzen dutela. Xurgatutako karbono dioxido horren parte bat azido karboniko bihurtzen da, baina itsasoko beste elementuei esker azido horren portzentaje handi bat neutralizatu egiten da, edo beste era batera esanda, ez du eraginik itsasoan.
Ozeano Artikoan ez da hala gertatzen, ordea. Batetik, ur geza asko isurtzen ari da izotza urtzearen eraginez, eta bestetik, uda partean, urtze horrek berak ozeanoaren tamaina handitzea eragiten du; ondorioz, karbono dioxido gehiago xurgatzen da.
1960. urtetik gaur artean Artikoko uren pHa 0,02 txikiagotu da hamarkada bakoitzeko, eta ondorioak erabat ezagutzen ez badira ere hainbat espezie desagertzeko zorian daudela uste da, batez ere kanpoko hezurdura dutenak, koralak adibidez. Gertatzen ari dena itzulezina da, Richard Bellerby ikerlari norvegiarraren ustez.