Tubal Nafarroara etorri zenekoa

  • 1628an, García de Góngora goitizena zeraman idazle batek Historia apologetikoa argitaratu zuen, Nafarroara tubalismoaren mitoa hedatuz. Aragoik eta Gaztelak nafar erresumaren gainean zituzten ustezko eskubideei aurre egitea zen asmoa, eta ez, egungo navarrismoak defendatzen duen gisan, Nafarroako eta Gaztelako batasunari gorazarre egitea.

Historia biblikoaren arabera Tubal Jafeten bosgarren semea zen, eta Noeren biloba. Irudian, Jan Brueghel Gaztea-ren margolanean (XVII. mendea), animaliak ontzira sartzen uholde nagusiaren aurretik.
Historia biblikoaren arabera Tubal Jafeten bosgarren semea zen, eta Noeren biloba. Irudian, Jan Brueghel Gaztea-ren margolanean (XVII. mendea), animaliak ontzira sartzen uholde nagusiaren aurretik.

XVI. mendean, Nafarroan ez zen erresumako historiarik inprimatu. Idatzi bai, batzuk idatzi ziren, batez ere mendearen lehen berrogei urteetan: hortxe ditugu Juan de Jasoren eta Sancho de Alvearren liburuak, biak Genealogía de los Reyes de Navarra izenburukoak, edo Diego Ramirez Avalos de la Piscinaren Crónica de los muy excelentes Reyes de Navarra; mendearen bigarren erdian, Reta lizentziatuaren Sumaria relación de los apellidos dugu aipatu beharra. Bakar bat ere ez zen inprimatua izan: guziak eskuizkribu forman hedatu ziren. XVI. mendean inprimatu zen Nafarroako historiarik inportanteena gipuzkoar batek idatzi zuen, Esteban de Garibaik hain zuzen ere, 1571n kaleraturiko bere Compendio Historial-en.
XVII. mendean, berriz, Nafarroako historia franko dugu: Prudencio de Sandovalen Iruñeko apezpikuen katalogo-tik (1614) Jose de Moret erresumako kronikagile ofizialaren lan oparoraino, Pedro de Agramont Historia de Navarra mardula atzendu gabe –azken hau ere inprimatu gabe gelditu zen arren–. Eta, segur aski, XVII. mendeko nafar historiografiaren berritze hartan, toki berezia merezi du Nafarroako historia apologetikoak. 1628an Garcia de Góngora y Torreblanca goitizena erabiltzen zuen egile batek argitaratua, mendebaldeko probintzietan hedatuak ziren mito batzuk (tubalismoa, kantabrismoa) ekarri zituen Nafarroara, eta konkista azaltzeko –edo, hobeki erranda, hura saihesteko– eta Gaztelan eta Aragoin zabaltzen ari ziren teoria batzuei buru egiteko, estrategia berria proposatu zuen. Bitxia bada ere, zenbaitek navarrismoaren aitzindari bat ikusi dute Nafarroa euskal historiografiaren eremuan kokatzen duen Garcia de Góngoraren lan honetan.

“Jende barbaro eta ezezaguna”: euskaldunak eta godoak
Garcia de Góngoraren Historia apologetikoa liburu militantea da, polemikoa, inguruko historialari guziekin eztabaidan aritzen dena. Liburuaren onespenean, Pedro de Monreal lizentziatuak erraten zuen “erresuma honetan gertatua zela zenbait aduanetan gertatzen dena, ez baitute zaindaririk, haien eskubideak ebasten dizkietela”; eta galdutako eskubide horiek aldarrikatzeko idatzi zuen bere liburua García de Góngorak. Eta hori egiteko, ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan hedatuak ziren zenbait teoria historiko ekarri zituen Nafarroara; horietatik bat interesatzen zaigu orain: tubalismoa.
Espainiako historiografian, hainbat idazlek Erdi Aroan defendatua zuten penintsulako lehen biztanleak Tubalekin zirela etorriak, Babelgo dorreko hizkuntzen nahasmena gertatutakoan. Tubal, Bibliako kontakizunean, Jafeten bosgarren semea zen, eta Noeren biloba. XVI. mendean, Iberiar penintsulara lehen leinuak Tubalek ekarriak zirelako tradizioari bertze osagai bat gaineratu zioten Juan Martinez de Zaldibia edo Esteban de Garibai bezalako historialari gipuzkoarrek: Tubalek euskara ekarri zuen, eta hizkuntza horrek frogatzen du euskaldunak direla Espainiako biztanlerik antzinakoenak. XVII. mendean, García de Góngorak Nafarroara aldatu zuen teoria hori: “Bi hizkuntza mintzatzen dira erresuma honetan”, dio García de Góngorak, “euskara eta erromantzea, baina euskara da bertan jatorrizkoa eta lehena, Tubal patriarka erresumaren sortzaileak ekarri baitzuen”.
Tubalismoa ez zen soilik jakintsu batzuen josteta. Ondorio politikoak ere bazituen. Nafarrak Tubalen oinordekoak zirela aldarrikatzen zuelarik, García de Góngora erresumaren antzinakotasuna aldarrikatzen ari zen, eta, bidenabar, zilegitasuna kendu nahi zien Gaztelan eta Aragoin 1512ko konkista justifikatzen zuten teoriei.
Gaztelan, XVII. mendean, indarra hartzen ari zen gotizismoa izeneko azalpen historiko zaharra. Erdi Aroan osatua, teoria horren arabera, godoek, erromatarrak lekutu ondoren, historian estreinako aldiz Espainia osoa batzea lortu zuten. Musulmanen konkistaren ondorioz jatorrizko batasun gotiko hura galduta, soilik Gaztelako errege-erreginei zegokien penintsulako lurralde guztiak birkonkistatzeko eskubidea, errege-erregina gaztelarrak baitziren godoen egiazko oinordeko bakarrak. Musulmanen kontrako borrokan Nafarroako edota Aragoiko erresumen eginahala eta laguntza eskertzekoak ziren, baina godoen herentzia Gaztelako errege-erreginei zegokien. Beraz, Fernando katolikoak ez zuen Nafarroa konkistatu, baizik eta, Gaztelako errege zen heinean, zegokion godoen ondasun haren parte bat berreskuratu.
Bertze alde batetik, Aragoiko historialariek, aspalditik, bertzelako narrazio historiko bat zuten osatua, Sobrarbeko erresumarena. Narrazio horretan, musulmanak etorri ondoren, kristauek Sobrarbeko erresuma sortu zuten Pirinioetan, eta, denboraren poderioz, erresuma horretatik Aragoi eta Nafarroa sortuko ziren, baina hau beti haren menpe egona zen, eta jatorrizko Sobrarbeko erresuma mitiko horren parte zen. Nafarroako konkistaz den bezainbatean, Gaztelako gotizismoa eta Aragoiko teoria hau antzeko ondorioetara iristen ziren: Fernando katolikoak ez zuen Nafarroa konkistatu, baizik eta, Aragoiko errege zen neurrian, Sobrarbeko erresumak galdua zuen zati bat birkonkistatu, Sobrarbeko errege-erreginen herentzia berriz ere bereganatu.
XVII. mendean boladan ziren bi teoria horien aitzinean, tubalismoak bi osagai zituen nafar historialariak erakartzeko. Alde batetik, erresumari antzinakotasun berria ematen zion: bazitekeen Sobrarbeko erresuma zaharra izatea, baina ez euskal jendea –Tubalengandik heldu baitzen– baino zaharragoa. Eta, bertzetik, euskaldunen jatortasuna ziurtatzen zuen: euskaldunak, godoak ez bezala, penintsulako jatorrizko biztanleak ziren. Tubalen leinukoen ondoan, godoak, azken batean, “jende barbaroa zen, eta ezezaguna”, “Gotia probintziatik” etorritako “jende arrotza”. Antzinakotasunari inportantzia handia ematen zion kultura batean, Aragoiko eta Gaztelako ustezko eskubideak berri-berriak ziren, jatorria Tubalengan zuen herriaren aldean.

Borondatezko errenditzea
Berriki arte, uste izan dugu García de Góngora goitizenaren gibelean Juan de Sada izeneko idazle bat zegoela. Azken urteetan, Isabel Ostolazak, gaia ikertu eta gero, proposatu du segur aski Historia apologetikoa talde lana dela. Ekarpen interesgarri horrekin batera, García de Góngoraren liburua navarrismo aldera lerratzen saiatu da, gaurko zenbait jarreraren aitzindari bihurtzeraino. Historia apologetikoan, egileak edo egileek defendatu baitzuten konkista ez zela, berez, konkista: nafarrek borondatez eman zuten amore, eta, horren ondorioz, dinastia aldaketa gertatu zen Nafarroan. Ostolazaren ustez, interpretazio horrek “gaurko navarrismo foruzalearendako oinarri den ildo historiografiko jakin bati hasiera eman zion”. Ostolazak aurrekariak bilatu nahi izan dizkio franko berria den interpretazio historiografiko bati, hari duintasuna emateko asmoz. García de Góngoraren interpretazioa bere testuingurura eramanez gero, ordea, ondorioa nahiko diferentea da.
XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, historialari nafarrek, oro har, ez zuten onartu nahi izan konkista konkista izan zela. Konkistak errege-erregina berriei eskubidea emanen ziekeen foruak deuseztatzeko eta Nafarroan nahi zuketen gobernu forma ezartzeko. Eta hain zuzen ere hori saihesteko, erresumako historialariak bertzelako azalpenak asmatzen ibili ziren: errestaurazioa, XVI. mendean; zuzenbidearen kontrako okupazioa, XVIII. mendean –Francisco Aleson kronistaren eskutik–. XVII. mendean, Gaztelatik eta Aragoitik errestaurazio arriskutsu batzuk proposatzen ari zirela, García de Góngorak borondatez amore ematearena proposatu zuen. Konkistaren izaera ukatzearen ondorioa argi zegoen: errege-erregina berriek “aitzineko errege-erreginek bezala, nafarren foru eta askatasuna errespetatu behar dituzte”. Historia apologetikoarena, tubalismoaz ari zela edo konkistaz ari zela, diskurtso politikoa baitzen, helburu politikoak zituena. Asmoa ez zen, Ostolazak uste duen bezala, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko batasunari gorazarre egitea; asmoa zen, batetik, Gaztelaren eta Aragoiren ikuspuntutik konkista justifika zezaketen narrazio historikoei buru egitea, eta, bertzetik, konkista horretatik etor zitezkeen ondorio txar batzuk saihesteko argudio historikoak eskaintzea.
Erran bezala, García de Góngora y Torreblancaren Historia apologetikoa liburu polemikoa izan zen, eta lan militantea. Eta testuan pixka bat sakonduz gero, militantzia horren nondik norakoak ikusten ahal ditugu. Eta azaleko antzekotasunak antzekotasun, urrun dago, zinez urrun, gaurko navarrismotik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroaren Konkista
2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


2023-09-12 | Euskal Irratiak
Nafarroa bizi dela aldarrikatu dute Donapaleun

Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.


Duela 500 urte Nafarroako Estatu Nagusiak bildu zirela oroituko dute Donapaleun

Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.


Nafarroako Estatu Nagusiak Donapaleun
500 urteren ondoren, oroimena eta hizkuntza bizirik

1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]


2022-12-05 | Ahotsa.info
Aranzadi elkartea eta SF78Gogoan ekimena omendu eta Maya alkatea gaitzetsi ditu Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean

Historian Euskal Herriaren alde bizitza eman duten pertsona guztiei omenaldia eta lore-eskaintza eskaini die Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean Iruñean egindako ekitaldian.


Peio Berterretxe, taula zuzendaria
“‘Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda’ gaurko gobernatzaileen kritika da, edo bederen trufa”

Larunbat honetan dute Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda antzerkiaren azken emanaldia Hazparnen. Makear gazteek taularatzen dute Antton Luku antzerkigileak 1997an idatzitako obra. Urte horretan Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen; 25 urte geroago publikoaren... [+]


2022-07-18 | Ahotsa.info
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren 500. urteurrena gogoan izan dute

Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.


Irungo alardea eta Braveheart nafarra

Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are,... [+]


Amaiur, sinbolo baten birsorkuntza

1522ko uztailaren 19an Amaiurko gaztelua bereganatu zuen espainiar gudarosteak, euren erreinuaren defentsan erresistitu nahi izan zuten nafar gerlariak garaituta. Ez zen izan Nafarroako konkistaren borrokaldi funtsezkoena, bai seguruenik sinbolikoena. Historiak isilarazita egon... [+]


2022-06-10
Amaiurtarra

Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude