Ekonomia bultzatzeaz eta euskararen erabilpena sustatzeaz gain, herri osora irekitzea ere badu helburu Tolosako Laskorain Ikastolak antolatu duen Kilometroak 13k. Hori dela eta, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean Ahora! astea prestatu dute maiatzaren 19tik 25era. Txistulariak, tabernariak, kantariak, patinatzaileak, gazteak, txaranga, hizlariak, idazleak, dultzainariak, zine-kluba, artistak, dendariak… denak agertu dira Kilometroen alde.
“Kultur eta festa astea izango da, Kilometroak 13 egunaren aurrerapen modukoa”, adierazi du Irati Hartsuaga KMKko Ikuskizunak batzordeko ordezkariak. Duela hilabete batzuk KMK13ko antolatzaileak herriko eragileekin jarri ziren harremanetan eta hau izango da erlazio horren emaitza. “Era guztietako harremana sortu da: batzuengana gu hurbildu gara, eta beste zenbait kasutan berriz, haiek eskaini dituzte beren aleak”, gehitu du Hartsuagak. Adin guztietako partaideek eskaintzaren bat izango dute astearen barruan.
Irristaka hasiko da astea maiatzaren 19an, igandean. Haur, gazte eta helduentzat hainbat ibilaldi, lasterketa eta erakusketa izango da patinaje taldeekin elkarlanean, Trianguloan goizean. Gurpil gaineko kirolak indartzen ari direla ikusita, skatea praktikatzeko aukera ere izango da arratsaldean, Usabalen.
Astelehenean, hilak 20, eta asteazkenean, hilak 22, hitzaldi bana izango da Kultur Etxean. Lehena Kike Amonarrizek “Tolosa, euskararen irriburu” izenburuarekin, eta bigarrena, alkohola eta beste drogen kontsumoaren prebentzioaz, urte barruan hainbat eragilerekin lantzen ari den gaia baita. Asteartean, 21, Udal Txistulari Bandak bere urteurrenean atera duen diskoa aurkeztuko du Topic-en, kontzertu baten bidez. Ostegunean, 23, Palestinari buruzko 5 bideo-kamera apurtuta filma eskainiko da Leidor antzokian, zine-klubean, aurkezpena eta azpitutuluak euskaraz direla.
Aste osoan, Tolosako euskal idazleen lanak ikusgai egongo dira Haur Liburutegian eta Ahora! pintxoa dastatu ahal izango da herriko tabernetan, batez ere larunbatean. Ostegunetik ostegunera, 23tik 25era, sardina-jatea izango da gauetan Zerkausian, “asteari lotura eman eta giro polita sortzeko formula merkea” delako, antolatzaileen esanetan. Bertan, ostegunean, ikasleek antolatutako Bide Lehiaketako lanak jarriko dira ikusgai eta larunbatean Ze suma taldeak kontzertua eskainiko du.
Astearen bukaeran, ostiralean eta larunbatean, bilduko dira ekitaldirik garrantzitsuenak Ahora! astean: batez ere gazteak mugituko dituzten Bonberenea txaranga eta lagunen kontzertua, eta Txapin festa. Ostiralean iluntzean, maiatzak 24, Zerkausiko sardina-jatetik txaranga aterako da kalejiran Sakramentinoetara, Laskorain Ikastolako eraikin batera (bertan dago egoitza berria, KMK13ren helburu ekonomiko nagusia). Gauean Bonberenea txaranga eta lagunen kontzertua izango da. “Elkarlana aspalditik dator Bonberenearekin eta herrian emanaldi berezi hau egiteko ilusio handia zuten, kantari ezagunen laguntza izango dute gainera”, dio antolatzaileak. Kontzertuaren aurretik, Ikasle Batzordeak antolatutako Bideo Lehiaketako lan finalistak ikusi eta sari banaketa egingo da.
Larunbata, maiatzak 25, ekitaldiz beteta helduko da. Goizean, Argitxoren bila jolasa antolatuko da haurrentzat, herriko denda batetik bestera. Box A arte taldearen eskutik murala pintatzeko aukera ere izango dute Trianguloan. Eguerdian Tolosa Kantari aterako da Giro arte dultzainari taldearekin batera. Eta orduantxe hasiko da Txapin festa, urtero gazteen lokalek antolatutako ekimena, aurten KMK13ren egitarauarekin bat eginda. “Jai honek ez du egun finkorik, baina astea antolatzen ari ginela jakinda, hor sartzea eskaini ziguten eta onartu egin genuen”, azaldu digu Irati Hartsuagak, “Urtero gazteak lokaletatik atera eta elkarren artean erlazionatzea izan dute helburu. Aurten adin guztietara zabaldu nahi dugu eskaintza eta partehartzaile kopurua handitzea espero dugu”. Baltsa jaitsierarekin hasiko da Txapin festa, eguerdian bazkaria plaza Berrian, ondoren jolasak, Ahora! mosaikoa, kalejira, eta eguna bukatzeko, Ze suma taldearen emanaldia izango da Zerkausiko sardina-jatean.
Urtean egin diren ekitaldien ondoren, aste honekin borobilduko da egitaraua eta urriko lehen igandera begirako prestakuntzetan murgilduko dira erabat Kilometroak 13ko antolatzaileak.
Bonberenea aski ezaguna da musika munduan. 1997an Tolosako gazteek suhiltzaileen egoitza abandonatua okupatu zuten eta geroztik ehundaka kontzertu eta makina bat disko egin dira Bonbereneako aretoan, azken urteotan beste etxe batean. Laster hamar urte beteko ditu Bonbereneak sortutako txarangak. Ion Altuna du zuzendaria, saxoa jotzen lasaiago arituko litzatekeela onartu digun arren. Berarekin hitz egin dugu Ahora! astearen barruan eman behar duten kontzertuaz.
Nola sortu zen kontzertu honen ideia?
Kilometroak 13ko antolakuntzarekin harreman estua dugu beraien kanta egin zutenetik, gure etxean grabatu zutelako, oso gertukoak ditugun Glaukomakoek egin zutelako eta guk ere parte hartu genuelako. Elkarlan horretan zer egin genezakeen galdetu zigutenean kontzertu hau eskaini genien eta onartu egin zuten.
Nolakoa izango da kontzertua?
Inauterietan kaleratu genuen 10. urteurreneko DVDa. Betidanik kantari kolaboratzaile batzuekin aritu izan gara, adibidez azken diskoa Pirritx eta Porrotx pailazoekin egin genuen. Bi faktore horiek elkartuz zerbait handiagoa egitea pentsatu genuen, alde batetik gure piezak eta bestetik kolaboratzeaileekin egindako lanak eskainiz. Eszenatoki handi batean egingo dugu, aire librean, argi eta soinu egokiekin. Behingoz txaranga eta publikoa eserita egongo da. Bestelakoa izango da. Euskal Herrian gutxitan egin izan dira horrelako kontzertuak. Garai batean Tirritarrak egin zituen antzeko muntaiak.
Zein izango dira beste partaideak?
Aspalditik gurekin harremana dutenak: Su ta Garreko Aitor Gorosabel, Zea Mayseko Aiora Renteria, Glaukomako Juantxo eta Jokin, Dr. Deseoko Francis, Humuseko Natalia, Pirritx eta Porrotx… Eta aurkezle Txoan Ormazabal, gurekin ari dena azkenaldian. Goseko Inesek ere etorri nahi zuen, baina ezingo du kanpoan direlako egun horretan. Kantariak sartzeak konplikatu egiten du lana, baina entseatzen ari gara eta ahotsekin emanaldi intentsoagoa lortuko dugu. KMK13ren Ahora! kanta ere eskainiko dugu noski, harizko instrumentu eta kantariekin.
Zein izan da txarangaren bilakaera hamar urte hauetan?
Bonberenearen urteurren batean musika eskolako ikasle batzuk elkartu eta kalera atera ginen Eguberri batzuetan. Gustatu zitzaigun, giro ona genuen gure artean eta jarraitu genuen. Sanjoanetan berriz atera ginen, gero beste leku batzuetatik deitu digute. Deabruak Teilatuetan taldearen Bonberenea kantaren bertsioa egin genuen. Gero maketa atera genuen eta jada hiru disko eta DVDa ditugu. Espero ez genuena gertatu da: hamar urte betetzea. Pausoz pauso joan gara, urtetik urtera ikasten joan gara. Bonbereneak azpiegitura eta babesa eman digu entseatzeko eta grabatzeko.
Musikariak aldatu al dira urte hauetan?
Ez gehiegi. Hasi ginenek, gehiago edo gutxiago, jarraitzen dugu nolabait. Eta jende berria ere sartu da. Baina denok osatzen dugu txaranga. Musikalki asko hobetu dugu, baina esentzia mantenduz. Estilo berezia eta propioa dugu.