argia.eus
INPRIMATU
Herri Harresiari jarriak

BeƱat Gaztelumendi 2013ko maiatzaren 08a

Doinua: Neska zahar bat tentatzen

Askegunean bistan
gure gabeziak:
kazetariak kolpez,
mehatxuz heziak;
Lander Arbelaitzentzat
tratu bereziak,
kamerak ekintzatik
ondo bereiziak…
hemen nork eraikitzen
ditu harresiak?

Ertzainen harresia
ez al da zentsura
egia makurtzean
bortxaren zentzura?
Zein da kazetari on
baten sinadura:
egia bat bertsio
baten zerbitzura
edo dena zalantzan
jartzen duen hura?

Zer dio ETB1
zein ETB2ak?
Ikusia markatzen
du ikuspegiak,
kiosko ertzak edo
harresi erdiak
kolore desberdina
baitauka egiak
segun nondik zuzentzen
zaizkion begiak.