Denis Diderot jaio zela 300 urte beteko dira aurtengo urriarean 5ean. Hainbat arlotan nabarmendu zen arren, urtean zehar egingo zaizkion omenaldiek Encyclopédieren aita izan zela gogorarazi digute bereziki. Baina Diderotek paperezko entziklopedia hura sortu baino gehiago egin zuen; bi mende eta erdi geroago sortuko ziren baliabideekin amets egin zuen, Internekin, Googlerekin, Wikipediarekin…
“Gizakia ez da aske izango azken apaizaren erraiek azken erregea estrangulatzen ez duten artean” esan zuen Denis Diderot (Langres, 1713-Paris, 1784) frantziar nobelagile, filosofo, editore, antzerkigile eta arte kritikariak. Argien Mendeko protagonista nagusietakoa erregeak eta apaizak fisikoki mehatxatuko zituen Frantziar Iraultzak eztanda egin baino bost urte lehenago hil zen, baina bizi zen artean hitzen bidez, ezagutzaren bidez, ahalegindu zen monarkia absolutistari eta eliza katolikoari lepoa estutzen, gizakia askatzen. Hala, Dideroten curriculum oparoan Ilustrazioko obra gailena nabarmentzen da: ahalik eta ezaguera handiena bildu eta gizartearen eskura jartzea xede zuen Encyclopédie.
1747an André Le Bretonek lan mardularen edizioaz arduratzeko enkargua egin zien Dideroti eta Jean Le Rond D’Alemberti. Diderotek 25 urtetan jardun zuen proiektuaren zuzendari. Hainbat alorretako 160 adituk parte hartu zuten bilduman: Voltaire, Montesquieu, Jean-Jacques Rousseau, Adam Smith… eta Diderotek berak ekonomiari, mekanikari, politikari, filosofiari edo erlijioari buruzko hainbat sarrera idatzi zituen, besteak beste, “Encyclopédie” hitzari zegokion artikulua.
1751n, kontzeptua azaltzeko 80 orri inguruko testu luzea prestatu zuen idazleak. Baina testu hura ez zen 17 liburukiz, 18.000 orrialdez eta 44.632 artikuluz osatutako bildumaren deskribapen hutsa (besteak beste, 1772a arte Diderotek berak ez zekielako emaitza zein izango zen). Izango zena baino gehiago, izan behar zuena azaldu zuen: “Gizakien jakin-minarekin, lanekin, beharrekin eta plazerekin zerikusia duen guztia bilduko duen lana”.
Diderotek eta D’Alembertek zuzendutako proiektu horren ondoren etorri ziren entziklopediek geroz eta zehaztasun handiagoa bilatu zuten, geroz eta sarrera gehiago bildu zituzten, baina Dideroten ikuskeratik aldenduz joan ziren. Diderotek amestutako entziklopediak “argia, ulergarria eta eskuragarria” izan behar zuen. Baina argitaratzen ziren entziklopediak “egia absolutuaren” jabe zen elite intelektualeko kideek prestatzen zituzten, testu haiek ulertzeko herritar gutxiren eskura zegoen kultura maila behar zen, eta gainera produktu garestiak ziren. Gutxi batzuek gutxi batzuentzat egindako lanak ziren eta, beraz, ilustratuek defendatzen zuten herritarren emantzipazio intelektuala sustatzeko baino gehiago, eliteen eta herritarren arteko harresia indartzeko erabili zituzten liburuki astunak. XX. mendean entziklopedien prezioa asko merkatu zen eta produktua demokratizatzea ekarri zuen horrek, baina edukiak ez hainbeste; Britannica, Larousse, Encarta edo Espasa itxurakeria eta dekorazio elementu bihurtu ziren.
Dideroten ikusmoldea askoz gertuago dago Wikipediatik (eta, oro har, internetetik) urrezko letradun azal gogorreko liburu sortetatik baino. Hala ere, gaur egun, paperezko entziklopediak egiaren eta zehaztasunaren gordailutzat jotzen ditugu oraindik eta Wikipediaren (eta interneteko eduki askoren) fidagarritasuna eta erabilgarritasuna zalantzan jartzen dugu, teorian behintzat (Wikipedia asko kritikatzen baitugu, baina askoz gehiago erabiltzen).
Wikipedia paperezko entziklopediak baino askoz osoagoa da. Britannicak, esaterako, 100.000 artikuluko muga jarri zuen eta Wikipediak ingelesezko 3.321.000 sarrera ditu (guztira 15 milioi sarrera 250 hizkuntzatan). Horrek ez du esan nahi giza ezagutza “guztia” biltzen duenik, baina paperezko entziklopedia prestigiodunena baino 33 aldiz gertuago dago helburu horretatik. Gainera, entziklopedia klasikoek jakintza esparru akademikoak jorratu ohi zituzten nagusiki eta internetek “beharrekin eta plazerekin” zerikusia duena sartzeko aukera handiagoa ematen du.
Bere artikuluan, Diderotek etengabe aipatzen du obraren izaera “bukatugabea”. Zientziaren edo artearen bilakaerak entziklopediaren baliagarritasunean eragina duela dio eta “ondorengoei” (entziklopedia osatzeko lan etengabean jarraituko dutenei) sortzen diren hutsuneak betetzeko aholkuak ematen dizkie. Hau da, informazioa etengabe eguneratzearen beharraz jakitun izan zen hasieratik. “Ahalik eta zehaztasun mailarik handiena lortuta ere, argi dago, bere izaeragatik, entziklopediak ez duela perfekzioa lortuko” idatzi zuen. Beraz, Wikipediaren aurka egiteko erabili ohi den “zehaztasun entziklopedikoaren” kontzeptua ez zuen Diderotek sortu, ondorengo entziklopedia ustez akasgabeek baizik.
Entziklopediak definizioz erabat zehatzak ezin direla izan onartuta ere, Wikipediak askoz akats gehiago eta fidagarritasun gutxiago duela pentsatzeko joera dugu, bertan edonork idatzi dezakeelako. Giza jakintza guztiak biltzen saiatzen denez, entziklopedia pertsona bakarraren lana ezin zitekeela izan zioen Diderotek duela 250 urte baino gehiago, akademia guztietako pertsonek eraiki behar zutela. Eta ondoren, akademiez haratago ere bilatu zituen egileak: “Orotariko pertsona askoren laguntza, beren maila soziala medio akademietako ateak itxita dituzten balio handiko pertsonen laguntza ere beharko dugu”.
Horrez gain, Encyclopédieren editore nagusiak ez zuen botere politikoak proiektuan parte hartzerik nahi: “Gobernuak horrelako obra batean parte hartzen badu, obra ez da egingo”. Haren esanetan, gobernuak bere eragina bere interesen alde erabiliko zuen eta aginteari ez zitzaion interesatzen entziklopedistek helburu zuTen gizarte letraduna. “Entziklopedia ezin da goitik agindu”.
Denis Diderot bi mende eta erdi geroago berriro jaioko balitz, galbidean nahi zituen espezieak (erregeak eta apaizak) bizirik topatuko lituzke. Baina giza jakintzaren bilduma inperfektua, herritarrek herritarrentzat egina, etengabe aldatzen, eguneratzen eta zabaltzen ari dena, teknologia berriei esker egingarria dela ikusiko luke. Eta, beharbada, “entziklopedia askea” deituko lioke.
Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]
Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]
Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]
Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.
EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]
Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]
Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez.
%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]