"Dagoen proposamen unibertsalena da berdintasuna"

  • 25 urte betetzen ditu aurten Maria Maeztu Forum Feministak. Garai hartara eta atzerago ere egin dugu bidaia Bego Muruagaren eskutik, Forumaren sorreran izan baitzen. Lehena ikusi dugu, gaur eguna entenditu nahirik.

Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nola ikusten duzu zeure burua orain dela 25 urte?

Berdintasunari dagokionez, orain baino askoz ere ilusionatuago orduan, dudarik gabe. 1987an, II. Euskal Mundu Biltzarra egin behar zen garaian, emakumeen inguruko gairik ez zela izango jakin genuen. Antolatzaileekin harremanetan jarri, bilera egin, gabezia bistara ekarri, eta haien erantzuna: “Beranduegi da, aurki argitaratuko da egitaraua, ezinezkoa da”. Ez genuen etsi. “Ideiak ditugu, pertsonak ere baditugu… Di-da batean egingo dugu”. Eta berdintasunaren gaien  inguruko kongresua txertatu genuen Mundu Biltzar hartan. Kongresua giltzarri izan zen nire bizitzan, beste bizpahiru gertakarirekin batera. Hausnarketa sakona eragin zidan kongresuak. AEBetako, Norvegiako, Italiako emakumeak ekarri genituen. Bata historialaria zen, bestea soziologoa, hurrengoa psikologoa… Kongresuak mundu berri bat ireki zidan. Han entzun nuen lehenengo aldiz “androzentrismo” hitza. Norvegiako parlamentuan, adibidez, emakumeek adostasunak lortzen zituzten berdintasunaren inguruko gaietan. Tradizio handia zuten. Esaten ziguten, askotan alderdiaren kontra ematen zutela botoa.

Arabako Emakumeen Asanblada utzi zenuen…

Bai. 1975ean Bermeotik Bilbora joan nintzen bizitzera. Bi urte egin nituen han, politikan nola edo hala sartuta, baina emakumeen bileretara joateko modurik gabe. Gasteiza etorri eta feminismoaren barruan lan egin nahi nuela banekien. Baina ez nuen hausnarketarik egina, ez libururik irakurria, intuizioa besterik ez nuen. Arabako Asanbladan hasi nintzenean, 80 emakume ginen. Izugarria zen. Gehienak independenteak ginen, ez ginen alderdi politikoetako militante. Gehienok independente izanagatik ere, ordea, hura zuzentzen zutenak militante ziren, troskistak eta mugimendu komunistako kideak. Liderrak ziren, nahiz eta lidergoa ukatu. Egitura ezaren tirania zen hura. Bada artikulu bat horri buruzkoa: La tiranía de la falta de estructuras. Oso interesgarria. Bada, tirania horrek kalte handia egiten die asanblada egitura dutenei. Ni, hala ere, neure kasa ibiltzen nintzen. Horrela, asanbladan planteatzen ziren gai batzuen inguruan bestelako ikuspegia izaten hasi nintzen. Bestelako liburuak irakurtzen nituen, bestelako kezkak nituen. Asanbladan, unean unekoari erantzuten genion, zela bortxaketa, zela Martxoaren 8a, abortua, dibortzioa... baina nik neure bidea egin nuen. Ordurako, hau eta hura irakurtzen hasi nintzen: Marxismo y feminismo, El ama de casa bajo el capitalismo, El segundo sexo, La mística de la feminidad, Política sexual, Ensayos sobre la igualdad sexual…

Zer ekarri zuen horrek?

1984an Asanblada utzi eta dokumentazio zentro bat irekitzeko proiektu batean sartu nintzen. Sibilla Aleramo Ikerketa eta Dokumentazio Zentru Feminista sortu genuen 1986an, eta urte horretan hasi nintzen Zarautzeko  bileretan parte hartzen. Bestalde, Maria Maeztu Forum Feministarekin frogatu dugu posible dela alderdietako emakumeak eta independenteak elkarrekin lanean aritzea. Ia alderdi guztietako emakumeak daude Forumean, baina gehienak independenteak gara.

1988an Emakunde sortu zen. Lorpen handitzat jo zuten garai hartako emakumeek.

Emakume batzuek! 1986an Zarautzen biltzen hasi ginen zenbait emakume, Legebiltzarrari eskatzeko berdintasun politika garatuko zuen erakunde bat sor zezan. Bilera pila egin genituen ondoko bi urteetan, Emakunde sortu arte. Aho batez onartu zuten legebiltzarkide guztiek. Bertan izan nintzen egun hartan. Hunkitu egin nintzen. Hitz egiteko txandan, uste dut Rosa Diezek esan zuela Legebiltzarra osatu zenetik bigarren aldiz hartzen zuela Gasteizko parlamentuak erabaki bat aho batez. Botere publikoak berdintasun politikak garatu behar dituela eta feminismoak harekin kolaboratu behar duela defendatzen genuenok pozik geunden. Beste batzuek berriz, “feminista instituzionalistak” ginela leporatu ziguten, leporatzen digute, erakundeekin lan egitea defendatzeagatik.

Zuzen daude, ala oker?

Arrazoi zuten neurri batean. Baina berdin gertatu da gainerako mugimenduekin. Horrek ez du kuestionatzen borroka hori, hau da, erakundeei legeak exijitu behar zaizkie, eta legeak bete egin behar dira, askotan ez dira-eta betetzen. Berdintasun legea beteko balitz, askoz hobeto egongo ginateke. Hortaz, Emakunde sortzea aurrerapauso izugarria izan zen. Batzuek, oraindik, diote botere publikoak patriarkalak direla, eta botere patriarkalak ez duela sekula berdintasun politikarik sustatuko. Ez nator bat iritzi horrekin. Europa iparraldeko herrietan zertan diren ikusi besterik ez dago. Boterea patriarkala da han eta hemen eta mundu guztian. Patriarkatua besterik ez dago, bai, baina Norvegiak berdintasun maila handiagoa garatu du guk baino.

Emakunde sortzeaz batera, hainbat emakume elkarte ere sortu ziren.

Perretxikoak bezala. Baina horixe, “emakume elkarteak”, ez elkarte feministak.

Ezberdina da…

Oso, oso ezberdina! Askotan esaten dut: ez genuke “emakumeen alde”, esan beharko, “feminismoa eta berdintasuna” aipatu beharko genituzke beti, zeren eta gizon matxisten ondoan emakume matxista pila dago.

Zein girotan eratu zenuten Maria Maeztu Forum Feminista?

Emakunde sortzea lortu genuenean, zera esan genuen: “Batzorde bat osatuko dugu, erakundeak zer politika gauzatzen dituen aztertzeko. Jarraipen batzordea izango da, eta proposamenak eta beste egingo dizkiogu”. Horretan ari ginela, eztabaidan, batek: “Eta zergatik ez dugu elkarte feminista bat sortzen?”. Nor bere bidea egiten ari zen talde hartan, eta proposamena ez zitzaigun gaizki iruditu. Hurrengo bilera baterako deia egin genuen, estatutuak, izenak... aztertzeko, eta horrela egin genuen.

Maria Maeztu, izena.

Idoia Estornesek ekarri zuen izena. Aitortu behar dizut garai hartan ez nuela Mariaren berririk. Ramiro Maezturen berri bai, eta geroago jakin nuen nor izan zen Gustavo. Bileran asko ginen Maria Maeztu ezagutzen ez genuenok. Eta berak: “Baina zuek ez duzue Auñamendi Entziklopedia aztertu?”. Idoiak azaldu zigun haren biografia. Forumaren ideia berriz, guztioi gustatu zitzaigun. 1987an Madrilen sortua zuten foro feminista bat, eta bagenuen kezka biak nahastuko ote zituen jendeak, baina ez zen horrelakorik izan. Maria Maeztu izenak ez zuen horretarako biderik eman. 1988an bertan estatutuak osatu, eratu eta legezko izaera hartu zuen Maria Maeztu Forum Feministak. Nahiz eta urtebete lehenago Maria nor zen ez nekien!

Zer diozu hasiera hartaz?

Oso indartsu sortu zen Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ahulago Araban. Emakume asko ginen, eta 25 urte gazteago! Hori ere bai. Niri, behintzat, gorputzak ez dit orduan bezala laguntzen, baina buruak bai, eta ari gara. Azkenaldian aldatu egin dira kontuak: Bizkaian eta Gipuzkoan ahulago dago Foruma, eta aldiz, indartu egin dugu Araban. 30 urte inguruko zenbait gazte inguratu dira. Horiek indarra dute izugarria, eta oso jantziak daude teknologia berrietan, sare sozialetan… Facebook-en profila irekitzea planteatu dute… Espazio berriak dira, haiek horren alde daude. Ni beste joera batekoa naiz, paperari oso lotuta bizi naiz oraindik, baina gazte horiek bestela datoz, eta errespetatzen dut haien bidea. Esaterako, mugimendu feministaren barruko joera berriak, queer eta beste, hobeto ezagutzen dituzte nik baino; ni orain ari naiz horretan trebatzen.

Genero indarkeria da feminismoak gaur egun duen problemarik handiena?

Ez. Inolaz ere ez. Are gehiago, botere publikoek gai horren inguruan hainbeste ekimen gauzatzeak beste arazo batzuk ez planteatzea dakar. Arazo larriak ditugu lan munduan eta ardurakidetasunean. Bestalde, Mendekotasun Legea izan da aspaldi eman diguten egurrik handiena. Emakumearen lan egoera eta soldata, esaterako, ez dira gizonarenak. Ezta pentsatu ere. Horri dagokionez, ospitaleetako zerbitzu asko kanpora ateratzea ez dut uste kasualitatea denik. “Zerbitzu ez propioak” izena ematen diete: sukaldeko lana, garbiketa…

Emakumeak dira hor.

Emakumeak. Lana non da ezegonkorren? Emakumea ari den zerbitzuetan. Ez da kasualitatea. Historikoki frogatuta dago, datuak ditugu. Sistemak jarraitzen du pentsatzen soldata nagusia gizonarena dela eta emakumearena osagarria dela. Horrela pentsatzen du sistemak, inork esaten ez badu ere.  Gizonezkoak eta emakumezkoak ez dugu lan egiteko eskubide bera.

Non da irtenbidea?

Gizartearen arlo askotan.

Feministek boterea hartzea da irtenbidea?

Boterean feministak egoteak lagunduko liguke, noski. Bada alderdi feminista bat 1979an legeztatu zutena, baina feminista asko ez gaude haien bidearekin ados, eta ez diogu botorik ematen. Gure Forumean, esate baterako, independente izatea dugu lehentasuna. Irtenbidea non den? Gauza asko egin behar ditugu: jendearen mentalitatea aldatu, ze ez da aldatu uste dugun bezainbeste. Gizonak parte-hartze eskasa du bizitza pribatuan: haurrak edota nagusiak zaintzeko baimen gutxi hartzen dituzte; lanean bere burua promozionatzeko aukera baldin badu, gizonak nekez egingo dio uko horri; emakumeak, aldiz, uko egingo dio kasu gehienetan, familiari lehentasuna emanez. Zerbitzu publikoetan berriz, Europako iparraldera begiratu behar dugu oraindik, Finlandiara kasu. Hango eskolak eta beste. Bestalde, hor dira hedabideak, izugarrizko eragina dute rol sexualak indartzean.

Maria Maeztu Forum Feministak garrantzi handia ematen dio hezkuntzari.

Bai, baina gurean ez da nahikoa egiten. Irakasleek ez dute berdintasunaren inguruko prestakuntzarik, ez dira konturatzen gelan adibide sexistak jartzen ari direla etengabe, eskolako liburuetan zein eredu agertzen den ez dira jabetzen… Hezkuntzan asko aurreratu da, gaur egun neskak mutilak beste doazelako unibertsitatera, baina beste arlo askotan, irakasleen jarrerak, eskola-liburuak, emakumearen presentzia, gurasoek jasaten duten bonbardaketa mediatikoa… Horietan oso urruti gabiltza oraindik.

25 urte atzera egin dugu elkarrizketaren hasieran, eta 1988an orain baino ilusionatuagoa zeundela esan diguzu. Eta gaur egun?

1987ko Mundu Biltzarretik nentorren orduan, mundua jateko moduan nengoen! Gaur egun, Espainiako Gobernua desager dadin beharko nuke berriz ilusionatzeko. Oker kudeatzen ari dira krisia, gezurretan ari dira. Gizarte zerbitzuak etengabe murrizten ari dira. Zapateroren lehen agintaldiko garaira itzuli beharko genuke: homosexualitatearen gaia, dibortzio lege berria, abortua, mendekotasun legea onartu zen, zerbitzu publikoak indartu ziren… Zerbitzu publikoak indartu eta dauden legeak bete. 2009an dokumentu bat sinatu genuen, beste elkarte feminista batzuekin, Feminismo frente a la crisis izenekoa, eta bertan esaten genuen enplegua beste era batera planteatu behar dela, zergak aldatu behar direla, ardurakidetasuna bultzatu behar dela eta zerbitzu publikoak indartu. Ardurakidetasuna dugu: neurri politikoak hartu izan diren arren, gizonezkoak ez du txipa jarri. Gizonezkoak eta emakumezkoak, sakon-sakonean pertsona berdinak gara: gure adimenak, zaintza beharrak, sentimenduak… berdinak dira. Gizartea beste era batera antolatu behar dugu hori horrela izan dadin. Feminista batek esaten zuenez, dagoen proposamen unibertsalena da berdintasuna. Gizon eta emakume guztiek aukera berdinak eta askatasun bera izatea, ez da besterik.

Nortasun agiria

Begoña Muruaga Laka (Bermeo, 1953). Batxilergo eta Administrari ikasketak egin zituen lehenengo, eta aitaren ontziolan hasi zen gazterik lanean, Bermeon. Ondoren, Bilbon jardun zuen beharrean, eta Gasteizko AEK-n gero; idazkari, lehenengo urtean; irakasle, hurrena. Euskal Filologia egin zuen geroago, 80ko hamarkadan. Emakunden lan egin zuen 1991tik 1998ra, eta Arabako Foru Aldundian ari da, Kulturan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan egin zuen lan, Euskara Sustatzeko zuzendari. “Oso gogorra izan da, erantzukizunagatik. Eskerrak zuzendaritzako teknikariei: oso onak!”.

Azken hitza
Erabakiguneak

“Gizartean, oro har, erabakiguneetan dagoen jendeak, izan gizon zein emakume, ez du batere sentiberatasunik berdintasunari dagokionean. Egia da botere gune horietan gizonezkoak direla nagusi, baina zoritxarrez, emakume gehienek ere eredu maskulinoa jarraitzen dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea
“Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko”

Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.


“Menopausia patologizatu beharrean, etapa baten parte gisa bizi behar dugu”

Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Iranen heriotza-zigorra jaso duen Pakhshan Azizi feminista kurduaren espetxekideek justizia eskatu dute

2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]


Gorputz hotsak
“Bidea moztu da eta hutsune batean gaude”

Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Garbiñe Larrea "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburuaren egilea:
“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]


2024-11-05 | Euskal Irratiak
Debrien Figurak, feminismoaren eta transfeminismoaren inguruko egun arrakastatsua Oztibarren

Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.


2024-11-04 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Zer irabazi dugu Errejónekin?

Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


Gorputz hotsak
“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]


2024-10-28 | ARGIA
Maixan Arbelbide militante feminista heletarra hil da

91 urte zituela, urriaren 27an hil da Heletan jaio eta Baionan bizi zen militante feminista, abertzalea eta ekologista. Ehorzketa urriaren 30ean izango da Heletako elizan.


Oraindik ere nabarmen gutxiago dira seme-alabei lehenengo abizena amarena jartzen dietenak

Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua... [+]


Eguneraketa berriak daude