Hobeto ikasten dela frogatuta dagoelako antolatzen dira ikas komunitateak (eredu horretako 33 ikastetxe daude EAEn eta 2 Nafarroan) herriko elkarte eta eragileen parte-hartzean oinarrituta. Baina parte-hartzeak benetakoa izan behar du. Elkarlan honek herri osoaren eraldaketa ekarri duen adibidea ere eman digu Maria Luisa Jaussik.
Zergatik da garrantzitsua ikaskuntzarako, herria eta eskolaren arteko elkarlana?
Gaur egun errealitatea oso konplexua da. Ezin da pentsatu ikasleen garapena eskolan bakarrik lortzen denik. Familian, auzoan, herrian garatzen da. Prozesu arrakastatsua lortu nahi badugu, inguru guztiak lotuta egon behar du, eskolako lanak jarraipena izan behar du familian eta herrian. Horregatik, ikas komunitateen proiektuan guztien partaidetza bultzatzen dugu: familiena, elkarteena, udalena... Guztiok batera indarrak lorpenetan ipintzeko.
Jendeak dena eskolari delegatzen dio ala aukera ematean parte hartzen du?
Gai konplexua da. Alde batetik, eskoletan ez daukagu parte-hartze zabalerako ohiturarik. Horregatik, nahiz eta proposamena hori izan, leku askotan gauzatzea zaila da. Nahi gabe, irakasleek eurek bakarrik ulertzen duten hizkera erabil dezakete eta gurasoek ez dute zentzurik ikusten... Orain arteko jarrerak aldatzea kosta egiten da. Gurasoei ere kostatzen zaie eraginkortasuna eta benetan parte hartzeko aukera dutela sinestea. Eta batzuetan uste dute ez dutela gaitasunik, edo ez dira ohartzen gaiaz badakitenik. Martxan jartzeko prozesu konplexua da. Baina pixkanaka lortzen da eta partaidetza benetakoa bada eta partaideek ikusten badute euren proposamenak kontuan hartzen direla eta erabakiak hartzen dituztela, parte-hartzea hobetuz joaten da.
Zertan gauzatzen da herriaren eta eskolaren arteko elkarlan hori?
Gure eskola ereduan, komunitate osoak, alegia parte hartzen duten guztien artean, erabakitzen dute zein diren eskolaren lehentasunak eta horiek aurrera eramateko batzorde mistoak antolatzen dira. Batzorde mistoetan parte hartzen dute ikasleek, irakasleek, gurasoek eta herriko eragileek. Gai askotan udaleko norbaitek edo elkarteren bateko norbaitek. Denen artean jartzen dituzte ahaleginak helburuak lortzeko. Beraz, ikas komunitateetan erakundea bera herriko eragileen partaidetzarekin dago antolatua.
Partaidetza hori zabalagoa bada, eskolak eragin handiagoa izango du herrian. Baina eskola barruan partaidetza bultzatzen denean, hor eraikitzen diren harremanak herriko beste esparruetara zabaltzen dira.
Nola bermatzen da benetako parte-hartzea?
Berdintasunezko elkarrizketa da benetako parte-hartzearen oinarria. Ikas komunitateetan erabakiak denon artean hartzen dira, baina argudioen arabera. Ez pertsonaren arabera. Ikastetxeko zuzendaria izateagatik ez dauka argudio gehiago. Kultura hori zabaldu egin behar da, eginez lortzen da, ez lehenengo unetik.
Benetako parte hartzea praktikan bideratzen zaila da baina jendeak desberdintzen du noiz egiten den hori aurrera eramateko ahalegina. Guraso batek kontatzen zuen funtzionamendu hau ezagutu baino lehen, eskola kontseilura kontrolatzera joaten zirela: “Irakasle bat beti berandu heltzen da, eta matematiketan herren dabiltza”... Eurek ere parte hartzen zutela ikusi zutenean, jabetu ziren ardurak denonak direla, eta euren jarrera aldatu zen, arazo bat dagoenean ea denon artean nola konpondu pentsatzen jarri baitziren. Eta bakoitzak bere lekutik zer ekarpen egin dezakeen pentsatzen. Hori denontzat da zaila, baina landu egiten da.
Bestalde, argudioen arabera erabakitzeak esan nahi du, ez duela balio norberari bururatutakoak, hori arrakastatsua dela frogatuta egon behar du. Bai eskola barruan eta bai herri mailan egin behar diren aldaketak ebidentzietan oinarritu behar dira. Non dago frogatuta proposamen hori ongi doala? Irizpide hori zabaldu behar da, eskola barruan eta eskolatik kanpo.
Badago esperientzia bat Albaceten [Gaztela-Mantxa, Espainia], eta bertan ebidentzia zientifikotan oinarritutako esperientziak ari dira aurrera eramaten herrian eta eskolan. Gurasoen parte-hartzea bultzatzen dute eskolan, asteburutan aisialdirako eskaintza sortu dute, enplegua, etxebizitza... Mondragon Kooperatibaren esperientzia arrakastatsutzat hartu dute eta hara eraman dute euren adibidea. Eraldaketa handia egiten ari dira, elkarlanean.
Herrian lehendik dauden harremanak txarrak direnean zer lan egiten du eskolak?
Euren arteko harremana errazten du. Eskolan elkarrizketen arreta-gunea umeen arrakasta da. Proiektu honetan iritzi desberdin guztiak onartzen dira, baina denon adostasunean oinarritzen da. Gauza batzuetan denok gaude ados, eta elkarrizketa hor oinarritzen da, ez gure diferentzietan. Bat euskararen alde egon daiteke eta bestea ez, baina umeen arrakastarako beharrezkoa da? Bada nola landuko dugu?
Noski, horretarako prest egon behar gara. Batzuetan diferentziak mugatzen du parte-hartzea (alegia, batzuek parte hartzeari uko egiten diote) eta eskolak horren eragina jasotzen du.
Krisiak elkarlana bultzatu du?
Orain guraso gehiagok du denbora gehiago parte hartzeko. Espainiako Estatuan ikas komunitate batzuk egoera txarrean dauden familientzako laguntzak bultzatzen ari dira alokairurako eta abar. Aukera hor daukagu, baina EAEn oraindik ez dugu ezer martxan jarri.
Helduen formakuntza bultzatzen duzue, eraldaketarako tresna garrantzitsua baita. Baina lantzen duzuena ez da haurrak nola hezi.
Horretarako ere eskolak eta udalak dituzten zerbitzuak bateratzen baditugu baliabide gehiago lortzen dira. Batez ere ikaskuntza instrumentala garatzen da: Oinarrizko titulua duenak hurrengoa lortu dezan, matematika, hizkuntza... Pertsonak bere formaziorako behar duena, lan aukera gehiago izateko. Ikusi baita hori dela umeen eskola arrakastan eragin handiena duena.
Ikerketek ondorioztatu dute ikasleen arrakastak lotura duela gurasoen ikasketa mailarekin. Baina sakonago aztertuta, ikusten da gurasoen ikasketa mailarekin baino gehiago dagoela lotua formakuntzan parte hartzearekin. Formakuntzan parte hartzeak eragina du zure seme eta alabengan, nahiz eta ez loturarik izan eurak ikasten ari direnarekin. Jarrera bat ikusten du, irakurtzen dela, ikasten dela... Giro akademiko bat sortzen da etxean. Baina normalean nork hartzen du parte horrelako formakuntzetan? Lehendik maila bat daukanak. Ikasketa maila baxua dutenak normalean ez dira animatzen. Denen parte-hartzea bultzatu behar dugu ume guztientzako giro akademikoa lortu nahi badugu.
Herria eta eskolarekin elkarlana ez da erraza hezkuntza publikoan irakasleen mugikortasuna hain handia denean.
Aldaketa beti oztopo da horrelako harremanak eta proiektuak aurrera eramateko. Baina eskolak egiturak sortzen baditu, horrek emango dio egonkortasuna proiektuari. Esaterako, orain Lea-Artibaiko haur-eskolako proiektua lantzen ari gara, eta arazoa da bai hezitzaileak eta bai gurasoak asko aldatzen direla, soilik bi urtez egoten baitira umeak haur-eskolan. Baina finkotasuna proiektuak eta egiturak ematen dute, batzordeek eta abar.
Gauzak ez dira hainbeste aldatzen, guk lehentasun batzuk jartzen baditugu, horiek lortzean beste batzuk jarriko dira, eta guk ez baditugu lortu hurrengoak saiatuko dira horiek lortzen.
Herriko gaiak eta errealitatea eskolan ikasgai dira? Curriculumak ematen du horretarako aukerarik?
Ikastetxe bakoitzak erabakitzen du zer eta nola landu. Partaidetza handia denean, berez sortzen da. Eskola tradizionalean, irakasleak liburutik azaltzen duenean, liburuan ez bada herria agertzen ez da deus azaltzen. Baina taldeka lan egiten denean, edo liburu tertuliak egiten direnean, ikasleen partaidetza bultzatzen duen edozein ekintza egiten ari zarenean, herria eskolan sartzen da, berez. Edozein gai azaltzen denean, ikasleek euren esperientzia hartzen dute erreferentziatzat, beren herriko errealitatea, eta denetik hitz egiten da. Edo gurasoek parte hartzen dutenean eta euren esperientzia kontatzen dutenean... Teoria praktikarekin elkartzen da horrela, eta abstrakzioa norberaren kulturarekin. Hori oso ongi ikusten da tertulia literarioekin. Eraldaketa lortzen da norberaren esperientzia testuarekin lotzen denean. Eskolako parte-hartzea zabaltzen duzunean berez gertatzen da: nekazaritza lantzen ari bazara, guraso bat etortzen da eta bere baserrira gonbidatzen du gela, edo ikasle batek proposatuko du bisita egitera joatea...
Egungo eskolak eragile aktiboak dira herrian ala burbuila?
Herriak eta herriak daude. Herriak aukera ematen badu, bai. Hau da, parte-hartzea bultzatzeko egiturak baldin baditu, bai. Hirietan zailagoa da, auzo mailan egiten da. Gertutik ezagutu nuen San Antonio de Txabarri ikas komunitatea, eta bertako elkarbizitza batzordean apaiza eta guzti elkartzen ziren! Auzo mailan oso antolatuta zeuden, asteburutan egiten zena ere lotuta zegoen... Hurbiltasun handia zegoen. Lekeition esaterako eskolatik oso hurbil dago EHNE nekazaritza sindikatua, eta beste hainbat elkarte ere bai eta ondorioz eskolan lehentasun bihurtzen da elikadura lantzea, inguruko baserrietako produktuak erosten saiatzen dira...
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]
Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]
“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]
Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie.
Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
Doako unibertsitatea aldarrikatu eta EHUren erantzukizuna seinalatu dute 10.549 ikaslek, Unibertsitateko Indar Batasunak abiatutako sinadura bilketaren bidez.
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Guraso elkartean mugikorren inguruan bigarren hezkuntzarako protokoloa lantzen dabiltzala eta, protokoloaz galdetu dit Bilboko guraso batek.
Jaurlaritzaren webgunean irakurri dudanez, EAEn, 2024ko urtarrilean ikastetxeetan mugikorren erregulazioaren inguruan adierazi zena... [+]
Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]
Azken hamarkadotan euskalgintzan jardun izan dut, dela helduen euskalduntzean AEKn, dela hizkuntza-eskubideen defentsan Behatokian, dela euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluan. Den-denetan egokitu zait euskalgintza edota herrigintza auzitan jartzen zutenen... [+]
Modu iraingarri eta mespretxagarrian, komunismoari loturiko ustezko atxikipen-politikoak egozten zizkion, besteak beste, Guillermo Quindós egungo errektoreordeak eta Eva Ferreiraren hautagaitza zerrendan dagoen kideak hauteskundeetara aurkeztuko den beste taldeari,... [+]