“Zintzoa banaiz nik ez dakit zer eskatzen duen herriak... notiziak ala berriak?”.
Prozesua geldi omen dago.
Prozesu hau saihestezina bezain atzera bueltarik gabekoa izan arren, jakina da aitzina egiten ez badu azkenerako arriskuan egon litekeela. Beharrik ezker abertzalean nehork ez duen indarkeriari berrekiteko interesik. Politikoki suizidioa litzateke eta militarki ipurdiz gora jaustekoa. Hala, bi aktoreetatik batek ez badu gerra egin nahi nekezago errepikatuko dira Lizarra edo Loiola garaian ezagututako su-eten hausteak. Alabaina, egoera hau ikertzeko interesgarria bezain bizitzeko kezkagarria da. Batetik, prozesu berritzaile baten urratsetan goaz, eta bestetik, geroz eta kontraesan sozial handiagoekin egiten dugu topo. Euskal jendartea gatazkaren sustrai politikoari heltzeko prest dago, eta Espainiako eta Frantziako estatuek iritzi publikoarekin batera aitzinatu nahi ez izateak tentsio kudeagaitzak sor ditzake. Funtsean, bake prozesu bat gatazka asimetriko bat da, eta inork gutxik espero zuen iragarritako ETAren porrot militarra ezker abertzalearen garaipen politiko bilakatuko zela. Bake prozesuak westernetako dueluen alderantziak baitira: anitzetan arma gordetzen duen lehenbizikoak irabazten du. Espainia bere kontraesanen atakan dago, baina egoera ekonomikoak eragindako desorekak ez dio urratsak egiteko adorerik ematen. Hori gutxi ez eta, arrisku handi bezain zinezkoa dauka Kataluniak zein Euskal Herriak bere egituretatik askatzeko. Egun, ederki dakigu Europaren baitako independentismo erregionalaren bidea ez dela utopia bat, eta biolentziaren amaierak ezinbesteko birposizionamendua dakarrela. Horregatik, estatuentzat arlo militarra ez konpontzea beste arlo batzuei ez heltzeko modua da, etorkizun kontrolaezin baten inguruko erabakiak atzeratzea.
Zergatik negoziatu behar lukete Madrilek eta Parisek?
Egoerak kontraesanak sortzen dizkielako eta kontraesan horiek geroz eta aurkakoagoak izango zaizkielako. Desarmea/presoak binomioaren baitako negoziaketan ez sartzeak abertzaleen aldarrikapenak sendotuko ditu, eta estatuek asumitzen nekezak zaizkien jarreretara behartuko dituzte euren buruak. Giza-eskubideen Europako Auzitegiak bi aldiz kondenatu du Espainia tortura kasuengatik, Parot doktrina epai-zain dago lehen instantzian kontrako sententzia jaso ondoren... Geroz eta garbiago dago 90eko hamarkadan eta 2000. urteetan Espainiak eraikitako arsenal antiterrorista salbuespenezkoa dela, askatasun eta eskubide anitz auzitan ezartzen dituela, eta biolentziarik gabeko testuinguruan nehork ez duela halakorik onartuko. Iritzi publikoa ere mudatzen ari da. Ez dut uste Aurore Martinen auziak hainbesteko kriki-krakarik sortuko zuenik orain hamar urte. Horregatik, zenbat eta berantago negoziatu orduan eta kostu politiko handiagoa ordainduko du Madrilek. Esaterako, Otegi preso mantentzeak martiri bihurtzen du, eta politikara itzultzen denean sekulako autoritatearekin agertuko da. Hala, baliteke 2013an Moncloak desarmea/presoak binomioa negoziatzeari entzungor egin ziolako, 2015 edo 2016an Espainiatik ateratzeko erreferenduma negoziatu behar izatea. Uste dut Espainiaren interesa Ingalaterrak Eskoziarekin darabilen taktika dela: independentziari buruzko erreferenduma irabazi dezaketeno onartzea, etengabe debekatzeak independentisten bandoa indartzen duelakoan.
Parisi dagokionez, oraingoz Madrilen estrategian lerrokatzen da. Frantziako Gobernuarentzat auzi zaila baita, baina ez hain konplikatua. Auzi zaila da Gobernua gatazkan inplikatua dagoelako, armen zati handi bat Frantziako lurretan egon daitekeelako, ETAkideak Frantziako lurretan gorde daitezkeelako, presoak dauzkalako, Espainiako poliziarekin eskuz esku eraginkorki kolaboratzen duelako, eta Frantzian ere indarkeria pasarteak egon direlako. Beraz, Frantziak euskal gatazka espainolen afera dela esateak ez dauka zentzurik, baina aldi berean, ez da hain auzi konplikatua aldarrikapenenen eta biolentziaren intentsitateak Iparraldean ez dutelako sekula Hegoaldeko mailarik erdietsi.
Indarkeriaren amaierarekin gatazka bukatu dela pentsatzeko tentazioa izan dezake zenbaitek?
Ez litzateke tentazio jasangarria. Batetik, ETAren arma stock-a hor dago, kontutan hartzeko arsenala da, eta nehork ezin du imajinatu orain dagoen tokian utzi litekeenik betiko. Bestetik, epe motzeko bozketetan hautesleen %70-80 EAJ eta Bilduren aldekoa balitz, eta hauek euren desberdintasun ideologikoak bazter utzi eta erreferendum baten inguruan batuko balira, zer egingo luke Espainiako Gobernuak? Euskal gatazka ETAren indarkeria baino askoz zabalagoa da, eta paradoxikoki, auzi hori konpontzen bada, oinarrizko galdera, independentziarena, ozenago entzungo da, Madrilentzat ukagaitzak izango diren termino legitimoetan pausatuko delako. Horregatik heldu behar liokete gaiari eragile guztiek. Badakit Madrilentzat ez dela erraza, azken 30 urteetako gobernu guztiak borroka antiterroristan oinarritu direla, etxean etsai bat topatzea espainiar jendarte post-frankistaren motore eraikitzailea izan dela... Badakit deserosoa gertatuko zaiela. Badakit norbere hautesleria mobilizatu duenari uko egitea gaitza dela, eta are gaitzagoa euskal gatazka konpontzea Espainiaren egitura politikoari buruzko debatea zabaltzea denean, baina ez dago besterik. Memoriaren gaia ere hor dago. Berradiskidetzearen inguruko galderek memoria dute ardatz, eta horrek Madrilentzat okaztagarriak diren dosierrak irekitzea dakar, trantsizio osoa zalantzan jartzea.
Trantsitziorik ez dela egon diote batzuek, bigarren trantsizio bat behar dela besteek.
Espainiako trantsizioaren eredua iragana zirriborratu eta aurrera tiratzea izan da. Epe motzera balio izan die, baina orain arazoak aurpegira zartatu zaizkie, nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik batik bat. Egun, Nazioarteko Auzitegi Penala dago, justizia trantsizionala, eta ezin liteke diktadura batetik demokrazia batera pasa gutxienez gertatu denaren inguruko epairik gabe. Horregatik diot euskal gatazka ez dela soilik Euskal Herriko gatazka. Gatazka horrek Espainiarentzat oinarrizkoak diren bi gai ukitzen ditu, bere egitura eta bere iragana, eta jakina, zenbat eta afera oinarrizkoagoak zipriztindu orduan eta zailagoa da horiei heltzea.
Era berean, egingo nuke Espainiako Gobernuak hobe duela korapilo horiek orain askatzea, hemendik urte batzuetara askoz postura deserosoagoan askatu beharko dituelako. Mingarri bezain konplexuak izan arren, askoz hobea da prozesu hauek norberak gidatzea, egoera eta prozesua bera jasatea baino. Funtsean, De Gaullek Aljeriarekin egin zuena egiteko gai den estatu-buru handi bat falta zaio Espainiari.
Iraganak memoria zor du eta memoriak egia, baina horiek oro ez al daude negoziaketa uneko indar-korrelazioarekin lotuta?
Jakina, ez dute alferrik historia garaileek idazten. Dena den, memoriaz hitz egitea eraginkortasun behar bat da, ez behar moral bat. Pragmatikoak izan behar dugu, ezin dugu prozesua etikan oinarritu, kontzeptu erlatiboegia da. Memoria behar-izan bat dela diodanean, trantsizio demokratiko edo memoria ariketa kolektiboetatik pasa ez diren baketzeak epe luzera herren gelditu direla frogatuta dagoelako diot. Zentzu horretan arras interesgarria da euskal gatazka, atipikoa baita frankismopean hasi eta gaur arte iraun duen neurrian. Hori ez da trantsizio faltaren seinale, trantsizioaren mugen adierazle baizik. Trantsizio hori ez da gai izan bere iraganari aurre egiteko, frankismoari kontzesio gehiegi egin dizkio. Beraz bai, memoria ariketa hori ezinbestekoa bezain konplexua da, aldi berean jendea epaitu eta zigorgabetzea eskatzen duelako. Eredu hegoafrikarra, adibidez, garbia da: egindakoa aitortu, oker zegoela esan, eta barkamena eskatzen zuena zigorgabetzen zen. Oso eredu eztabaidagarria da, hutsune handiak izan ditzake, baina nehork ezin dezake memoria ariketa hori ekidin zela aldarrikatu. Denek dakite zertan oinarritzen den egungo Hego Afrika. Euskal Herriari dagokionez, konplikazio erantsi bat dago: alde bien arteko desoreka nabarmena. Nehork ez du ETAren biktimen kalbarioa gutxiesten, denak gara min horren jakitun, baina askoz zailtasun handiagoak daude presoen senideen gurutz-bidea ikusarazten. Ezertan hasi aurretik ezinbesteko orekatzea eman beharko da, eta memoria ariketa hori izango da alde bietako partaideak euren buruak galdekatzera, jokabide makurrak izan dituztela onartzera, eta euren gudari ohiak hainbeste ez idolatratzera eramango dituena. Hori da baketzea, gure aurrekoek egin dutenaz harro gaudela esan ahal izatea, euren kuraia eta kemena onartzea, baina martiri izatea bokazio bihurtu eta idealizazioan erori gabe.
Oihartzuna isilaraztea ahotsa mututzea baino nekezagoa da, alta.
Funtzionatu ahal izateko hiru erro behar ditu biolentziak: materiala, estrukturala eta kulturala. Biolentzia legitimizatzeko gure etsaia munstroa dela eta beste erremediorik ez daukala zabaldu ohi da, baina hori negoziazioarekin hausten da. Norbaitekin negoziatzea bere gizatasuna onartzea da. Bestalde, indarkeriaren legitimizazio hori ongiaren bandoa gure egiteak hauspotzen du. Soldadu naziek “jainkoa gurekin dago” zeramaten gerrikoetan idatzita. Memorian arakatzen hasten zarenean ordea, jabetzen zara ongiaren bandoa izango zinela baina kaltea galanki egin duzula, zure ekinbide zenbait ez zirela legitimoak, eta zure saldoak akatsak eta erruak dituela ohartzean, baketze eta normalizazio prozesu batean enagaiatzen zara, bidea oso arantzatsua izan arren. Normaltasunera itzultzea den heinean, oso gauza konplikatua da bakea. Beti da nekeza normaltasunera buelta. Gerrak alde exaltanteak ditu, elkartasun hari indartsuak saretzen daki, sentimendu nobleak pizten... Ez da erraza IRA-ko komandoen buru izatetik parking bateko zaintzaile izatera pasatzea. Biolentzia ekitaldi baten ostean ez duzu jendartean zure lekua hola eta hola berreskuratzen. Horregatik lagundu behar dira gudari ohiak, komandokideak eskutik eraman, preso ohiak egoki bideratu... Baina baita borreroak ere. Tortura erregularki eta bortizki praktikatu baduzu, edo Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil bat bazara eta hogei urte pasa badituzu auto azpira begiratzen nehorekin fidatu gabe, ezin zara alegia deus ez jalgi. Ulertzen dut borreroak edo bonba-jartzaileak sendatu behar direla esatea txokantea dela batzuentzat, baina helburua ez da jende hori osatzea, bakea eraikitzea baizik. Bakerako ezinbestekoa da jendarte baretua, eta gatazkaren aktore guztiak ezin direnez kanporatu edo deuseztatu, bizimodu normala ahalbidetu behar zaie. Bai, gaixotasun soziala da gerra, errezeta aktibo eta boluntaristekin sendatzen den eritasun soziala.
Zeintzuk dira, beraz, negoziazio baten printzipioak?
Hiru aurre-baldintza daude. Bata, protagonistek argi izan behar dute negoziaketa gatazka konpontzeko dela, eta gatazka konpontzea ez dela eurek amesturiko garaipena, alde guztiek onartzeko moduko irtenbidea baizik. Negoziazioaren bidez nehork ez lezake armen bidez lortzeko gai izan ez dena erdietsi. Bigarrenik, negoziazioa zure etsai gaiztoenekin egin behar duzu, ez lagun-minekin. Terroristekin ez dela negoziatu behar esatea lerdokeria izugarria da, denek egiten dutelako batetik, eta zurekin ados daudenekin negoziatzeak ez daukalako zentzurik bestetik. Hemen, beste paradoxa bati egin beharko dio aurre Espainiak. Nola esan dezake ez dela terroristekin negoziatu behar frankistekin negoziatu duelarik? Are gehiago, espainiar demokraziaren indar handienetakoa izan da frankistak errekuperatu eta berriz integratzen asmatu izana. Beraz, 100.000 pertsona baino gehiago hil dituztenekin negoziatzeko gai izan badira, kapable dira terroristatzat jo zuten erakunde batekin esertzeko. Azkenik, negoziazioa norberekiko traizioa da berez. Negoziatzera zoazenean, errotik gaitzetsi eta borrokatu dituzun printzipio batzuk onartu beharko dituzu, eta nola ez, zure bandoari onarrarazi. Kontraesana dirudi, baina helburuak hala eskatzen duenean, norbere burua traizionatzen jakin behar da.
Chamalières-en (Frantzian) sortua 1961eko uztailaren 13an. Zuzenbide publikoko irakaslea Baionako unibertsitatean, nazioarteko aditua da bake eta trantsizio demokratiko prozesuetan. Europar Kontseiluaren aholkulari, Lokarrik Baionan antolatu zuen bake foroan partaide, beste liburu anitzen artean Faire la Paix au Pays Basque idatzi du.
Elkarrizketatu batzuk argitaratzen dena baino askoz mami gehiago ematen diote kazetariari. Horietakoa da Jean-Pierre Massias. Asko dira hemen agertzen ez diren erantzunak. Aritu gara zuzenbideaz, Frantziaz, Alsaziaz, euskaraz, Lurralde Elkargoaz... Azken honi dagokionez, arazoa politikoa zela, ez juridikoa, azpimarratu digu. Erantzun batzuk sartuz eta besteak baztertuz neu ere politika egiten ari nintzela pentsatu dut. Nork esan zuen inoizko gizarte apolitikoenean bizi ginela? Politikaren arazoak al dira arazo politikoak?
Garai batean, zain zituzten aita eta ama. Gaur egun, presoak aita eta ama dira, baita aitona-amona ere.
700 inguru dira. Hauetako batzuen seme-alabak espetxean sortu dira. Asko oso gaixo daude. Badira hogei urte baino gehiago kartzelan daramatenak. Horietako askok, legea... [+]
Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako tortura salaketen gainean egindako txostena. Eta gaineratu du ez dagoela ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 tortura kasuak eman direla esaten duenik.
Etxerat elkarteak "urgentziazko balorazioa" plazaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean. Osorik eskaintzen dizuegu jarraian:
Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.
Jose Ricardo de Prada epaileak “neurriz kanpokotzat” jo ditu ETAko presoei ezartzen zaizkien kondenak. ETAkoak ez diren presoek betetzen dituzten zigorrekin alderatuta, aldea “handiegia” dela adierazi du.
Presoen espetxeratzea urtebete edo bi luzatu ahalko dute neurri berriaren ondorioz. “Parot doktrina” delakoarekin alderatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko bi magistratuk.
Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak ‘Parot doktrina’ ezeztatzearekin batera 30.000 euroko ordaina ezarri zuen Ines Del Riorentzat. Espainiak uko egin dio ordaintzeari.
Estrasbusburgoko Giza Eskubideen epaitegiak 197/2006 doktrina baliogabetu ostean, 20 preso askatu dituzte aste honetan: hamalau hilaren 26an eta sei 27an.
Auzitegi Nazionalak beste bederatzi preso askatzeko agindua eman du, 'Parot doktrinaren' aurkako Estrasburgoren ebazpena aplikatuta.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur markatuko du Estrasburgoren ebazpenaren gaineko irizpidea, Iñaki Fernandez de Larrinoa presoaren auziari buruzko erabakia hartzean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak beste 13 euskal preso askatzea erabaki du, Estrasburgoren epaia aplikatuta. Hemendik aurrera, ebazpenaren inguruko erabakiak ez dituzte Zigor Salaren osoko bileretan hartuko, eta horrek preso bakoitzaren prozedura azkartzea ekarriko duela espero... [+]
Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak 197/2006 legearen zenbait praktika baliogabetu ostean, asteartearekin hitzartuko du Espainiako Auzitegi Gorenak nola aplikatu sententzia, Europa Pressen arabera.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/2006 doktrina aplikatu zitzaien bederatzi preso aske uztea erabaki du. Ondorengoak dira presoak: Txomin Troitiño, Isidro Garalde, Iñaki Urdiain, Jon Aginagalde, Jokin Sancho, Elías Fernández Castañares,... [+]