argia.eus
INPRIMATU
Amorrua bideratzeko ere emankorra
  • Anger: Hirugarren azala

    Bonberenea Ekintzak, 2013

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko apirilaren 24a
Arrasateko –barkatu, Musakolako– Anger taldea Brutal Melodyk, Anestesiak eta Ktulu-k, besteak beste, liluratuta zituzten 15 urteko gaztetxo batzuek sortu zuten orain dela hamarkada eta erdi. Musika gogorra egin nahi zuten, zuzena, eta metal eta hardcoretik edaten zuena. Instrumentuak jotzen ikasi artean, abestiak idatzi eta tanatorio azpian –uzten zietenean– entsegatuz, zuzenekoak egiten hasi ziren. Erreferentziazko taldeak errebindikatu, bidegabekeriak salatu eta espresatzeko beharra… Zerrenda oso luzea zen eta hastapenetako emaitza gordina, iragazi gabekoa. 2000an Zuhaitz lehorra ereiten maketa kaleratu zuten; eta bi urte geroago, Gara-k musika talde berriei bultzada emateko ekimenaren baitan, Jarraitzen dugun itzala.
Beste beharrizan batzuen ondorioz, taldearen erritmoa motelduz joan zen, baina Angerrek beti erakutsi du nortasun propioa eta ingurukoek zer egin bost axola haiei; zer esanik ez Arrasateko giro punk-Oi! zein rockeroan. Hala, El Corazón del Sapok, Bap!-ek, At The Drive In-ek, Dut-ek eta Bonny M-ek, besteak beste, gero eta leku handiagoa hartu zuten beraien DNAn. Biluztu diskoan Arrasateko eta Euskal Herriko gazteriari zuzendutako (auto)kritika gupidagabe eta egiazkoa egin zuten. Hortik aurrera bidea aukeratua zuten, egitekoan erabat asmatu zutelako: gizartearen eta gizakiaren (auto)manipulazioa sakon landu, metalaren irmotasuna, melodia borobilak, eta post-hardcoreak ahalbideratzen duen intentsitate eta giroen joko aberatsa lagun dutela. Sedukzioak bide horretan disko are eta trinkoagoa izan zen, indartsuagoa eta landuagoa.
Eta orain Hirugarren azala erakustera datoz. Bada “metala traizionatu zuen taldeak Van Halen eta Pink Floyd-en estiloko logoa aukeratu duela” dioenik, baina txantxetatik haratago laukotearen beste disko kontzeptual baten aurrean gaude. Beste batzuek ezarritako gidoiaren pean aritzen garen ‘itxurako’ agertokia deskribatzen dute, norbanakook norbanako izateari uzten diogula. Eta musikaz janzterakoan Portugal Txikiko estudioan inoiz baino gehiago esperimentatu, arakatu eta mimatu dute emaitza –oraingoan ere– Josema Linazisororen laguntzaz. Metalaren indarrak riff-etan datza oraindik –Beñato bizi den artean–; baita post-hardcorearen adieretako asko ere, baina tenpo-erdiko giroak eta emo-arekin koketeoak ere nagusituz doaz, eta bada pieza jostariago –Angerren marka– zein eroagorik ere –At The Drive In Musakola–; eta gai izan dira kantu bakoitzari intentsitate sakonagoa gehitzeaz gain, ehunka erritmo, kolore eta giroz janzten. Funtsean haserrea, komunikatzeko nahia, behatzeko modua eta urteek emandako jakituria ezinhobeto kanalizatzen dakite!