argia.eus
INPRIMATU
Musikari bakarreko banda
  • Joseba Irazoki: Oso Banda

    Bidehuts, 2012

Joxi Ubeda Goikoetxea 2013ko apirilaren 17a
Artista da Joseba. Musikari aparta, edozein estilo jotzen primeran moldatzen da, sekulako irudimena du, eta oso gustu ona du doinuak sortzeko eta jotzeko garaian.
Jakin-min handia izan du beti. Bere sentimenduak, kezkak eta egonezina adierazteko forma, soinu eta doinu berriak bilatzen ahalegintzen da etengabe. Eta lortzen du. Beti harritzen gaitu. Bere emanaldi-performanceak ikusgarriak dira, paregabeak. Aho bete hortz gelditzen gara musika tresnak jotzeko erakusten duen trebeziarekin eta irudimenarekin, bat-batean jotzeko duen gaitasunarekin, bere gatz eta piperrarekin, eta bere umore onarekin.
Denborarekin ahotsa modu egokian erabiltzen asmatu du, eta gero eta hobeto kantatzen du edo baliatzen du ahotsa, berak sortutako doinuen eta hotsen gainean, eta bere estiloa sortzea lortu du.
Urte bukaeran kaleratu zuen Oso banda lana berak bakarrik egin du, one man band moduan. Gitarrei eta erabiltzen dituen gainerako tresnei hitz eginarazten die, hainbat soinuren efektuak eta programazioak baliatzen ditu, eta kantatu ere egiten du. Erritmoen eta soinuen anabasa neurtua sortzen du, eta lau konposizio bitxi dira emaitza: blues, folk eta psikodelia kutsuko lau esperimentu. Gordinak, indartsuak eta hunkigarriak. Hitzak bereziak dira, bere kantatzeko eta ahoskatzeko modua bezala. Halaber, aipagarria da Ramon M. Zabalegik egindako diseinu ikusgarria, eta diskoaren mamiarekin bat dator erabat.
Bere ibilibidean, besteak beste, Xabier Montoiarekin, Maixa ta Ixiarrekin, Koldo eta Arantxarekin, eta Triki Ta Ke, Tanta, Mengele Quartet, Onddo eta On Benito taldeekin aritu da. Joseba Irazoki gisa hainbat disko kaleratu ditu, Do bere bakarkako beste egitasmoarekin ere aritu izan da, eta disko ugariren grabazioetan parte hartu du.
Gaur egun, Atom Rhumba taldearekin, Pettirekin nahiz Rafa Ruedarekin jotzen du, eta harrigarria bada ere, Josebak one man band gisa aritzeko astia izaten du. Gu horrekin pozik gaude, Joseba jotzen ikusteaz eta entzuteaz beti gozatzen baitugu.
Aupa Joseba! Segi horrela!