argia.eus
INPRIMATU
Odolkia eta sugea
Jakoba Errekondo 2013ko apirilaren 17a
Ezkioko Igartubeiti baserriaren atari aurreko zumeak.
Ezkioko Igartubeiti baserriaren atari aurreko zumeak.Jakoba Errekondo

Euskaldunok gurgai genituzkeen hamahiru landareen zerrendari hurritza, maspila edo basagurbea, hagina, lizarra, mihura, sagarrondoa eta haritza aipatuz ekin genion. Aldarearen osaerari segida emanez...
Hurrengoa zumea, Salix sp. Ongi esanda zumeak. Zume asko baitugu. Eta denak gure bizimoduan behar larri bat bete dute, lokarri izatearena. Lihoa eta kalamua garestiak zirenean eta nylona eta plastikoak utopiatik harantzagokoak, zumeak lotu zituen gure zaku, fardel, pakete, bilgu eta sortak. Inoiz ez dut ahaztuko amona Joxepa zenaren sukaldean, txerri hiltze egunean ekonomikaren gainean pertza izugarri handi batean zume adarrez lotutako odolki sortak ur irakinetan nola sartzen zituzten, egin berritan egosteko. Adarraren lodiena uretatik kanpora, sartu eta atera sorta nahi eran ibiltzeko. Errioz beste aldeko Zaldierreka aldameneko Olanoenea baserrian ere sekula ahaztuko ez dudan imajina grabatu nuen garunean: dolarerako bidean matxakan jotzeko zain, sagastitik ekarritako sagarra zakuetan, etxeko atarian; zakuak zumez lotuak! Ohorezko txokoa izan du, baita, saskigintzan. Garai batean ia etxeero urrutira gabe ikusten zen zume landarea, neguan nabarmenago, adar gazteen azal koloretsu distiratsua agerian. Beste mende bateko kontuak, seko adierazgarriak, ordea. Landare genero berekoak izanagatik, Salix generokoak, euskarak ederki bereizten ditu sahatsak eta zumeak, hegoalderagoko hizkuntzek ez bezala.
Intsusa ere, Sambucus nigra, zumea bezain senide izan dugu. Bata eta bestea katuaren mugarrien barrukoak ditugu. Oilategiko intsusa arbolaren irudia, txerri hiltzeko odolki sortaren argazkia jasota dagoen karpeta berean daukat. Intsusak etxea babestu izan du. Apo, suge eta tankerakoak uxatuz, gure imaginarioa eta alegiazko mundua elikatu du. Sugea behiaren errapera ez hurbiltzeko ukuiluko azpien azpian intsusa adarrak jartzen ziren. Bizitza alegiazkoa soilik ez denez, bi intsusa ditut nik etxe ondoan. Sugeen beldur lehena, aspaldi ezagutu nuen egunerokorako garagardoa intsusaz egiten zuen moja komentuaren gurtzan eta inbidiazko laudorioan, bigarrena.