argia.eus
INPRIMATU
Ni jaio nintzen urtean hil zen nire ama
  • Jamaica Kincaid: Nire amaren autobiografia

    Alberdania-Erein-Igela, 2012

Amaia Alvarez Uria 2013ko apirilaren 17a
Hitz horiekin hasten da liburua.
Nola idatziko zenuke zure amaren autobiografia? Nola harilkatuko zenuke haren memoria? Nola eraikiko zenituzke zure izatearen sustraiak? 1996an argitaratu zen lan hau, bost urtez egon zen hura idazten, eta kritikari batzuek esan zuten ez zela egiazko autobiografia, Alberto Martinez de la Cuadra itzultzaileak esan bezala, lehen pertsonako bakarrizketa bat da liburu honetan duguna, fikziozko pertsonaia batek bere bizitza kontatzen digu literatur genero honen konbentzioei muzin eginez.
Britainiar Handiko kolonia izandako Karibeko irla bat da bizitza honen testuingurua, kolonizatzaile eta kolonizatuen arteko harremanak agertzen zaizkigu bertan, eta egoera postkolonial honen ondorioak aletzen dizkigu protagonistak. Bere hildako ama karibekoa zen, ia desagerrarazita dagoen herriaren ondorengoetako bat, eta bere aitak afrikar jatorriko ama eta eskoziar jatorriko aita izan zituen polizia diruzale handinahia, garaileen alde lerratzen dena. Hauek dira haren jatorria.
Bere emakume izaerari ere erreparatzen dio, eta honek ezartzen dizkion baldintzei. Gainera, aipatu berri dugun egoera postkolonialean egonda, emakume klase desberdinak daudela agerian uzten digu: “andere bat asmakizun landuen konbinazio bat dela, itxurakerien, aurpegiko eta gorputz atalen apainketen, distortsioen, gezurren eta alferrikako ahaleginen bilduma bat. Ni emakumea nintzen, eta emakume gisa banuen definizio labur bat: bi bular, irekidura txiki bat nire hankartean, umetoki bat”.
Gayatri Ch. Spivak ikertzaileak idatzi zuen “Can the subaltern speak?” testua gogorarazi digu liburu honek. Kincaidek hori egiten duelako, subalternoari, historiak isilarazi duen subjektu zapalduari, ahotsa ematen dio, bere historia konta dezan. Hala, bere bizitzaren kontakizunean gogoetak tartekatzen ditu, eta galderak botatzen ditu bere egoeraz: “Eta nik zer galdetzen dut? Zein galdera egin dezaket nik? Ez daukat ezer. Ez naiz gizona. Zerk birarazten du mundua nire aurka eta nire antza duten guztien aurka?”
Emakumea izanik senarra topatzea eta seme-alabak izatea litzateke haren patua, baina berak goiz erabakitzen du ez duela haurrik izango eta berandu ematen du ezkontzeko pausoa. Hona hemen honi buruz esandakoa: “Etsi-etsian gizonekin ezkondu nahi izatea, jakitera heldu naizenez, ez da emakumeek egiten duten hutsegite bat, baizik eta, bakarrik, tira, beste zer uzten zaie egiten?”.
Bere bizitza kontatuz bere amari bizia ematen dio, ahotsa, izena eta izana, bere iragana eta etorkizunaren artean zubia eraikitzen du eta bere identitatea, bizirik den bitartean, argitzen saiatzen jarraitzen du,“inoiz ezin maitatuko zuen jendez beteriko leku batean”.