argia.eus
INPRIMATU
Ikasgelan denak gaztelaniaz, batek hala nahi duelako

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko apirilaren 18a

Kataluniako Auzitegi Gorenak esan du: guraso kataluniarrek haien seme-alabek gaztelaniaz ikastea nahi badute ikasgela osoak gaztelaniaz egin beharko du. Autoek ez dute auzitan jarri 30 urteko ibilbidea izan duen murgiltze eredua (dena katalanez), baina era berean, ikasgela osoa gaztelaniaz egitera behartuko dute ikasle bakar baten eskubidea bermatzeko. Generalitateak ezetz esan du, ez duela esandakoa beteko, eta eskola katalanaren aldeko ehundik gora elkarte biltzen dituen Som Escola plataformak ere gauza bera dio. PP eta Ciutadans izan dira auzitegiaren autoak txalotu dituzten bakarrak, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP alderdi politikoek kontrako iritzia eman dute.
Orain arte, gaztelaniaz aritzea eskatu duten haurrek gainerako ikasleengandik bereizita ikasi dute. 10 ikastetxetako 17 familia baino ez dira eskaera hori egina dutenak.
Josep Maria Cervelló Som Escolako kidea da, eta haren ustez, hiru hamarkadatako murgiltze ereduak arrakasta baino ez du izan. Katalana ikastetxe guztietako hizkuntza ardatza bihurtzeak ez du gatazkarik sortu, alderantziz, elkarbizitzarako eta bake soziala lortzeko giltza izan da. Gaztelania hiztunei eta milaka eta milaka etorkinei katalan hiztunen aukera berak izateko oportunitatea eman die katalanak. Cervellóren iritziz, eskolak ezin du espazio neutroa izan. Esate baterako, ezin du guraso bakoitzaren gustuaren araberakoa izan, “nik katalanez nahi dut”, “nik gaztelaniaz”. Hanka-sartzea litzateke horrela jokatzea, eta katalanaren bidez gizartearen kohesioa lortzeko egindako ahalegina pikutara joango litzateke.