argia.eus
INPRIMATU
Gaixo larriak

Miren Amuriza @MirenAmuriza 2013ko apirilaren 18a

Doinua: Naufragoarena.

Lausotuz doan begirazuna,
lehortzen ari den behazuna,
azkar dabilen bihotza edo
motelduz doan garuna, (bis)
birika biren jarduna,
hezur arrakaladuna,
denon bidaia laguna…
Medikuaren paper bat baino
gehiago da osasuna,
falta den arte behar adina
estimatzen ez duguna. (bis)

Presoentzako goitik behera
onartezina den egoera,
lege soil bat da Espainia eta
Frantziaren arabera. (bis)
Osasuna ukatzera
helduta zer nahi dute ba?
Bi izen baina muin bera,
Parot Doktrina aplikatzea
azken finean hauxe da:
gaixo daudenak kondenatzea
heriotza zigorrera. (bis)

Euskal Herrian epeak epe,
latz joan direnez bi hilabete,
falta direnei agur ta ohore
kantatu nahi genieke. (bis)
Nahiz eta amorruz bete,
minak min, nekeak neke,
asko dugu egiteke!
Denok minutu batzuk emanez
jarraitzen badugu tente,
hamabost presok euren bizitzak
berreskura ditzakete. (bis) n