argia.eus
INPRIMATU
Fukushimaren inguruko komunikazio kanpaina

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko apirilaren 17a
thinkprogress.com

Fukushimako zentral nuklearra lehertu zenetik etengabe ailegatzen zaizkigu haren inguruko berriak. Lehenengo hilabeteetan erreaktoreen kontrola zen informazio gai nagusia, ondoren erradioaktibitatearen jomugak, gerora pertsonen eta animalien osasun arazoak... eta orain, denak nahastuta.
Inguruko herrietan tiroide-minbiziaren hazkundea, martxoaren amaieran hozte-sistemaren etena arratoi batek sortutako zirkuitulaburrarengatik, apirileko lehen asteburuan gutxienez 120 metro kubo ur erradioaktiboren ihesa, inork ez dakiela nola...
Fukushimako informazioaren zati bat baino ez zaigu ailegatzen: isilpean mantendu ezin dena. Eta japoniarrek euren agintari eta erakundeengan duten konfiantza gero eta txikiagoa da. Hori dela eta, zentrala kudeatzen duen Tepco enpresak bertako informazioa “hobeto” kudeatzeko erabakia hartu du. Esan gabe doa “hobeto” hitzaren itzalpean zentsura dagoela.