argia.eus
INPRIMATU
Banku eta zerga sekretuak ezabatu

Juan Mari Arregi 2013ko apirilaren 18a

Herri sektoreek eta langileek euren larrutan jasaten duten krisi hau larritzen ari den heinean, paradisu fiskalak –lapur kobazuloak– zein neurrikoak diren erakusten duten gero eta datu gehiago dago. Espainiako Estatuko IBEXean kotizatzen duten enpresen %90ak, kobazulo horietan filialak dituzte. Kazetari Ikertzaileen Nazioarteko Partzuergoak paradisu fiskalak negozioa egiteko edo dirua ezkutatzeko erabiltzen dituzten munduko 130.000 politikari eta enpresariren datuak azaleratu zituen. Era berean, Tax Justice Network ikerketa prestigiotsuak dio 21 eta 32 bilioi dolar (24 bilioi euro) zeudela 2011n paradisu fiskaletan. Munduko aberastasunaren laurdena litzateke, eta funtsean, banku eta multinazional handienek gorde dute hor. Espainiako Estatuan iruzur fiskala BPGaren %20 eta %25 artekoa da, hau da, bilioi bat euroko BPGtik 200.000 eta 250.000 milioi euro. Zifra horri batez besteko presio fiskala ezarriz gero, 75.000 milioi euro lortuko lituzkete.
Zergatik ez dira gobernuak ados jartzen lapur kobazulo horiek ezabatzeko? Londresen 2009an egin zen G-20 Gailurrak esan zuen “banku sekretuen garaia amaitu” dela. Hala ere, lapurren paradisu horiek inoiz baino indartsuago daude. Hortxe babesten ditu kapitalismoak bere lagunak, milioika lagun miseriara, langabeziara eta suizidiora bideratzen dituen bitartean. Ordua da banku eta zerga sekretuak ezabatzeko. Gobernuek, nahi izanez gero, legeak aldatuz egin dezakete hori. Baina kapitalismoaren kudeatzaile direnez, ez dute nahi. Euskal Herrian, gure foru ogasunek banku eta zerga sekretu horiek ezabatu beharko lituzkete, eta iruzurgile handien izenak publikatu. Beraiek dira murrizketa laboral eta sozialen benetako arduradunak. Herritarren eta langileen mobilizazioen helburuetako bat horrek behar luke.