Orain dela urte eta erdi Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan doktore-tesia irakurri zuen Aiora Jaka irakasleak Euskal Herriko Unibertsitatean. Argitalpenak iaz ikusi zuen argia, Euskaltzaindiaren IKER atalean.
Joseba Sarrionandiak itzulitako lanetan barna abiatu gara Jakarekin, itzulpengintzaren historia eta teoriak lagun.
Diozu euskaraz ari den lehenengo itzultzaile postmodernoa dugula Sarrionandia…
Batzuk ados izango dira postmoderno izendapen horren inguruan, eta beste batzuk ez. Izan ere, gauza konplexua da. Diziplina bakoitzak bere modura erabili du postmodernismoa, esanahi ezberdinak ditu hitzak. Nik, modernoa eta postmodernoa ezberdindu nahi izan ditut tesian, nahiz eta mugak ez diren garbi. Azken finean, modernitatearen jarraipena izango litzateke postmodernitatea, haren garapena, eboluzioa. Lotuta daude biak, eta zail da bereiztea. Arriskutsua izan liteke banaketa, eta postmodernismoak berak zalantzan jartzen ditu banaketa bitar horiek. Hala ere, kontraesan guztiak hor diren arren, eta lana errazteko asmotan, bien arteko bereizketa egin dut. Horrela, itzulpen modernoa, itzulpengintza bera zientzia egiten dutenean hasiko litzateke. Mende askoan oso diziplina enpirikoa izan da itzulpengintza, norberak ahal zuen bezala jardun ohi zuen, esperientzia beste teoriarik gabe. Modernitatean, XX. mendearen erdi aldera, itzulpengintzak zientzia autonomoaren maila hartzen du: itzulpen arauak, itzulpenaren ezaugarriak, fideltasunari buruzko eztabaida, jatorrizkoa errespetatu beharra… Itzulpenari buruzko gogoeta da. Postmodernoek, berriz, esango dute arau emate hori ez dela gauza zehatza, preskriptibo izan ordez nahiago dute deskriptibo jardun, zientzia perfektuaren ezintasunak bistara ekartzen dituzte, itzultzeko modu bakarra, testua ulertzeko modu bakarra, dagoela ukatzen dute. Itzulpengintza ez dela zientzia absolutua diote.
Joseba Sarrionandia, zure iritziz, gure “lehen itzultzaile postmodernoa” genuke…
Komatxo artean, betiere. Gurean, lehen aldiz, Sarrionandia kontziente da itzulpena ez dela inoiz lan perfektua, ez dagoela testu bat itzultzeko modu bakarra, ezinezkoa dela… Leizarragarekin hasi eta XX. mende arte, itzultzaileek beren lanari egindako sarrerak aztertu eta beti da lelo bat, bera: Jainkoaren hitza errespetatu beharra, jatorrizkoa sakratua da, egia, absolutua... “Itzultzaile ezjakin eta xume honek ahal duen zintzoen eta fidelen itzultzeko ahalegina egin du. Barkatu huts egin badut”. Horrela diote. Fideltasuna dute helburu, eta, barkamen eske ari dira beti, badaezpada. Sarrionandiak, aldiz, erabat hausten du horrekin. Itzultzailea sortzailea da, haren iritziz. Itzultzaileak sortu eta birsortu egiten du aurreko testu bat, bere interpretazioaren arabera. Maila berean jartzen ditu itzulpena eta sormen-lana. Ordu arte bigarren mailakoa zen itzulpena, zen erreprodukzioa, zen kopia, prestigiorik ez zuen. Askotan, itzultzailearen izenik ere ez zen agertzen!
Sarrionandiaren baitan, itzulpenari buruzko iritzia beti bat eta bera izan da, edo izan du garapenik?
Oso interesgarria da Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuari egiten dion hitzaurrea. 1985eko liburua da eta, ordurako, uste horretan zen Sarrionandia. Itzulpena, sortzea da, haren ustez. Urte batzuk lehenago, 1978an, Pott aldizkarian, bada testu bat argigarria: Itzulpena eta traizioaren praktika du izenburua. Ez darama sinadurarik, Pottugalete ez bada. Bernardo Atxagarena dela diote, baina Sarrionandia ere hor nonbait ibiliko zela ez dago zalantzarik. Uste dut ordurako egina zuela gogoeta. Hala ere, hor bada kontu bat, hau da, Sarrionandiak nahiko fidel itzultzen duela. Sorkuntza gorabehera, ez da jatorrizkotik askorik urruntzen. Nahiko zehatza da. Kontua da berak ez duela fideltasuna aldarrikatzen, ez du irizpide nagusitzat hartzen. Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak dio haren liburuaren izenburuak. “Ene” poemak, “nireak”, sorkuntza izan, edo birsorkuntza.
Lehenengoa dugu bide horretan, baina Jon Mirande eta Gabriel Aresti ere aipatu dituzu zure tesian…
Bai Mirande, eta bai Aresti, aurrekari genituzke. Denetarik itzultzen hasi ziren biak. Ordu arte, testu sakratuak itzuli izan ziren gehienbat, eta, horiekin batera, gure ondoko hizkuntzetan testu kanonikotzat jotzen zituzten lanak, hau da, klasikoak: Sofokles, Platon, Horazio… sistematikoki itzuli zituzten, proiektu nazionalista baten barruan, ondoko hizkuntzari “gu ere bagara” esanez bezala. Hor dira Orixe, Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi eta beste. Erbestekoak. Mirandek erabat hautsi zuen bide horrekin, erabat hautsi erlijioarekin. Hark beste asmo batzuk zituen: Nietzsche, bretoiak… Bide bat zabaldu zuen, nahiz eta ez zuen lortu jarraitu ziezaioten. Sarrionandiak, ordea, Miranderen eragina jasoko du. Hasteko, Mirandek zer testu itzuli erabakitzen du. Klasikoak ontzat emanda ere, gustuko dituenak itzultzen ditu. Horiek argitaratzen saiatuagatik ere, gutxitan lortu zuen argitara ziezazkioten.
Eta Gabriel Aresti?
Arestik ere asko zabaldu zuen aukera. Poesia sozialaren bidetik jo zuen, Espainiako hainbat poeta gustatzen zitzaizkion… Nazim Hikmet itzuli zuen, Bocaccio… Esan nahi dut, bai Mirandek eta bai Arestik urrats handia egin zutela, aurrekoek ireki ez zuten bidea zabaldu zuten, eta garrantzitsu da hori Sarrionandiarengan. Bestalde, gogoeta aldetik ere, Mirandek eta Arestik zalantzan jarri zuten fideltasuna, birsorkuntza aldarrikatzen dute. Benetako testuak dituzu, apokrifoak ere bai, sorkuntza diren, itzulpenak diren ez dakigu… Muga estuak hausten hasi ziren biak.
Izkiriaturik… aipatu duzu lehen.
Sarrionandiak hango eta hemengo antologiak erabili zituen liburu hori egiteko. Egilea Sarrionandia bera da, ordea, berak egin du aukera, berak birsortu ditu testuak. Sorkuntzarako tresna zaizkio itzulgaiak. Ezberdina litzateke, uste dut nik, itzulpena enkarguzko lana izan balitz. Esan nahi dut, lana enkarguzkoa denean, baldintzak argitaletxeak, edo dagokionak, ezarri ohi ditu. Joanes Leizarragari Joana Albretek Biblia itzultzeko agindu zionean, zenbait baldintza jarriko zizkion, helburua seinalatuko zion. Jatorrizko testuaren eta itzulpenaren arteko sokatira hor dago beti, baina nork bere gogoz testu bat itzultzen duenean –Sarrionandiak askotan egin duen bezala–, askatasuna handiagoa da, helburua ez da fideltasuna, birsorkuntza baizik.
Sarrionandia itzultzen ari delarik, birsorkuntzak badu neurririk, edo mugarik gabekoa da libertatea?
Nik uste Sarrionandia nahita ari dela birsortzen, hain zuzen itzulpena gauza estua dela uste duenari erantzuteko asmotan. Itzultzeko askatasuna hartzen du Sarrionandiak, egilearen autoritatea zalantzan jartzen du… 80ko hamarkadan Latinoamerikako autoreen ideiarekin bat egiten du: “Ez dago testu orijinalik”. Zioten testu guztiak zirela aurreko testu baten berridazki, dena denona da… Muturreko iritzia da, nahi bada, baina hortik ere bada Sarrionandiaren obran: “Itzultzea birsortzea da, eta muturreraino eramango dut asmoa”, esanez bezala. Baina esan dut lehenago ere, enkarguzko lana denean, muga errespetatuko lukeela uste dut. Sarrionandiak egiten dituen itzulpenetan bada jolasa, jolas egiten du irakurlearekin, batean orijinala, bestean itzulia, hurrena apokrifoa… Ematen du irakurleari zera esaten diola: “Zer alde dago, bada, sormen lanaren eta itzulpenaren artean? Engainatu zaitut”. Bestalde, hor da plagioa ere! Bernardo Atxagak ere idatzi du gai horretaz, aldarrikatu du plagioa. Hor da beti Borgesen ipuin famatu hura, “Pierre Menard, autor del Quijote”. Jolasa da, ipuina, baina hantxe erakusten du Borgesek fideltasunaren ideia muturreraino eraman nahi denean zer gertatzen den. Sormenaren eta itzulpenaren arteko mugaren inguruan ari da. Postmodernismoak hartu duen ideia da: ez dago mugarik, dena da lauso…
Dena behe-laino.
Horixe. Dena libre. Hori ere arriskutsua da…
Itzultzaile zara zu zeu ere, eta jakinaren gainean ari zara. Nondik ari da gureko itzultzailea?
Tesia egin eta gero, horri erantzuten hasteko garaia izan liteke. Alegia, bada Sarrionandiaren mailako egile edo itzultzailerik, hain modu librean itzultzen jarduten duenik? Ez dakit. Ederra litzateke horretaz azterketa egitea. Garai batean, zenbait jendek bere gogoz egin zituen hainbat itzulpen. Gaur egun, enkarguzkoa da nagusi. Izango da EIZIEren Literatura Unibertsala bilduma, izango da haur eta gazte literaturako liburua, izango da Jokin Zaitegi Sariketa, argitaletxeren baten gogoa… Horietan, irizpide zehatzak eta muga nahiko estuak ditu itzultzaileak, hasiera-hasieratik. Hala ere, gaur egun onartua dago itzulpena itzultzailearena dela, gauza jakina da itzultzaileak nolabaiteko askatasuna duela, lizentziak hartuko dituela. Nik uste betiko joan zirela itzultzaileak egiten zituen barkamen eske haiek.
Zer diozu zeure buruaz? Maialen Marinekin Jokin Zaitegi Sariketa irabazia duzu, txineratik Mo Yan-en Nagusia gero eta umoretsuago dago ipuin bilduma itzultzen ari zarete…
Jatorrizkotik nolabait hurbil ibiltzea da oraindik kontsigna. Are gehiago, gure proiektua aukeratu izanaren arrazoietarik bat da txineratik gertuena egotea. Beste bat, euskaraz ondo funtzionatzen duela. Azken finean, horixe izango da beti xedea. Jatorrizkoaren eta itzulitakoaren arteko sokatiran ibiltzea dagokigu. Oreka bilatzea da gaur egun gehien baloratzen dena. XVIII. mendean, Frantzian, esaten zen Les Belles Infidèles, eder infidelak –esaldiari darion matxismoa gorabehera–, izan behar zutela itzulpenek, ederrak. Hori zen irizpidea.
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024
------------------------------------------------
Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken... [+]
PELLOKERIAK
Ruben Ruiz
Ilustrazioak: Joseba Beramendi, Exprai.
Elkar, 2022
-----------------------------------------------
Ruben Ruizek kontakizun laburrez osaturiko obra berri bat eskaini digu. Ez dira mikroipuinak, kontakizunek, modu independentean irakur badaitezke... [+]
Goiburu baten bidez ezagutu nuen Juana Dolores; zera zioen: iraultzaileagoa zela ondo idaztea, katalanez idaztea baino. Flipatu egin nuela aitortu diot, eta berak esan dit bizitzako lehen elkarrizketa zuela hura. Lau urte geroago, berritasunaren olatua surfeatu du, eta... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Memet
Noemie Marsily eta Isabella Cieli
A fin de centos, 2022
--------------------------------------------------
Kolore gorriko kanpineko kremailera ireki eta atetxotik begira gaude Lucyrekin batera. Portada honekin hartzen du irakurlea Memet komikiak. Hitz gutxiko... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]