Edozein errepublikak ez du balio

  • Errepublikaren aldeko mugimenduek erreferentziatzat dute Irungo Nicolas Guerendiain elkartea. Tradizio errepublikar handiko hiria da Irun eta sentimendu horrek batuta, memoria historikoa berreskuratzeko lanean dihardute bertako kideek. Monarkia ezabatu eta errepublika ezartzea dute aldarri, baina ez edozein motakoa, herritik jaioa baizik, benetako balore errepublikarretan oinarritua.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Batetik, erregimen politikoa aldatzea nahi dute elkarteko kideek, monarkia pribilegio eskandalagarriak dituen zaharkitutako eta iraungitako gobernu mota dela argudiatuta. “Espainiako Estatuan inposatutako monarkia dugu, Francok ezarria, eta gure estatu burua guk geuk bozaz hautatu nahi dugu”, diote. Abiapuntua hori izanik, herriaren errepublika aldarrikatzen dute, “esaten baita, adibidez, José María Aznar ere errepublikarra zela eta III. Errepublikaren lehenengo presidente izan nahi zuela, baina irudikatu zein eredu ezarriko zukeen, eskuineko errepublika batek ez du defendatuko guk eskatzen duguna, herriaren baloreak dituena”. Alegia, publikotasunaren defentsa, giza eskubideena, berdintasun soziala, independentzia judiziala, laikotasuna, lurra lantzen duenarentzat izatea, herriak bere patuaren jabe izateko eta autodeterminaziorako duen eskubidea… Espainiako Estatuko II. Errepublikaren Konstituzioan jasotako oinarriak, azken finean.

Gaur egun puri-purian dauden gaiak direla uste du Junkal Oiartzunek: “Ikusi bestela hezkuntzan, osasunean… pribatua nola ari diren sustatzen publikoaren kaltetan, erlijioari ematen zaion boterea, hedatu den kapitalismo basatia eta hainbat lekutako latifundismoa, mugimendu independentisten aurrean monarkia nola erabiltzen duten Espainiako aberriaren batasuna irudikatzeko…”. PPk ezarri nahi duen hezkuntza eredu berria ere, Wert erreforma izenez ezaguna, esanguratsua da: eskulan otzan bilakatu nahi dituzte ikasleak, “kulturak beldurra ematen duelako, jendeak pentsatzea, bidegabekeriez jabetzea eta nola aurre egin jakitea arriskutsua da, ez zaie komeni jendea ondo heztea, baina kultura indartzea da errepublikaren funtsetako bat”, gaineratu du Tino Zamorak. “Oraintxe, beste kolpe faxista bat ari gara jasaten –dio Oiartzunek–, 30 urteotan lortzen joandakoa amen batean suntsitu dutelako eta beldurra sortu dute jendearengan, lanpostua galtzeko beldurrez shock egoeran dago gizartea. Inoiz baino beharrezkoagoa da monarkia baztertu eta aipatutako balore horiek guztiak berreskuratzea”.

Helburu horrekin dihardute gure solaskideek, Oiartzun, Zamora, Yolanda Allende, Jose Manuel Alvarez, Francisco Lusa eta Mariabi Prietok. Nicolas Guerendiain elkarteak 65 kide inguru ditu eta 2005ean sortu zen. Urte hartan, jardunaldi errepublikarrak antolatu zituzten Irungo Kabigorri Ateneoan eta uste baino jende gehiago hurbildu zen. Halako elkarte baten gogoa eta beharra sumatu zuten, estatutuak idatzi eta lanari ekin zioten. Kideen sentimendu errepublikarra gertutik jasoa da sarri, asko sufritu duten senitartekoak baitituzte gehienek, erailak, erbesteratuak, ondasunik gabe utzitakoak…

“Gora San Martzial laikoa!”

Nicolas Guerendiain aita Irungo lehen alkate errepublikarra izan zen, XIX. mende amaieran. Nicolas Guerendiain semea berriz, Irungo udal epaile aritu zen, eta herriko jaietan egiten den alardeko jeneral zela “gora San Martzial laikoa!” oihukatzeagatik kritika zorrotzak jaso zituen, garaiko hainbat hedabidetatik. 1936ko altxamendu militarraren ostean, komandante izatera iritsi zen Rosa Luxenburgo batailoian, Irungo defentsan borrokatu eta Guadalupeko gotorlekuan giltzaperatutakoak exekuta ez zitzaten lagundu zuen. Atxilotu zutelarik, norbait bazela-eta ziur zen ez zutela hilko. Fusilatu egin zuten, ordea, eta aurretik, kaletik lotuta kolpatu eta torturatu zuten, biluzik. Makina bat dira 1936ko Gerrak utzitako antzerako historiak, Irun birrinduta geratu zen erabat –faxistek bonbardatua eta ondoren anarkistek errea– eta errepresio bortitza jasan zuten herritarrek –hildakoen gorpuak Hendaiako mugara arteko errepidean barreiatzen zituzten–.

“Ez gara oroitzapenez bizi, baina ahaztu ere ez da ahaztu behar”. Filosofia horrekin egiten du lan elkarteak, ezjakintasun handia dagoela iritzi baitiote. Historia modu partzialean kontatu dela kritikatu dute, seme-alaben testuliburuetan apenas eskaintzen diotela lekurik Errepublika sasoiari eta haren ezaugarriei. Eta familia askotan, gainera, isildu egin da iragana, beldurragatik. Desitxuratu egin da historia, diote, “jendeari entzuten diozu ‘batzuen eta besteen aldetik’, ‘errepublikarrak ere…’; ez, errepublikarrek euren burua eta herriak bozkaturiko demokrazia defendatu zuten, faxismoak erasoa”.

Mozioak, ikerketak, jardunaldiak... memoria historikoa berreskuratzeko

Memoria historikoa berreskuratzeko, ekintza ugari egiten ditu elkarteak. Fusilatu eta hildakoen hobietan omenaldiak antolatzeaz gain –urtero biltzen dira Pikoketako hobi aurrean, adibidez–, ahal duten neurrian ikertzen dute, bailaran oraindik ezkutuan egon daitezkeen hobien inguruan edota desagertutako senitartekoei buruz informazioa eskatzen dietenean. Aranzadi elkarteko Pako Etxeberriaren bitartez, pertsona bat kontratatzeko eskaera ere egin diote Irungo Udalari, bailaran egon daitezkeen hobiak ikertu ditzan. Izan ere, ezin da edozein lekutan zulatu, probak behar dira, eta azaleratu gabeko hobiren baten berri dakien jendeari deia luzatu diete, elkartearekin harremanetan jartzeko. 36ko Gerran hobi inprobisatuetan lurperatutakoen %10 edo gutxiago aurkitu dira, “gero eta zailagoa baita, paisaiak aldatu dira, errepideak egin dituzte, eta Memoriaren Legeak dio Estatuaren ardura dela, baina trabak baino ez dituzte jartzen eta senideak ari dira ikertzen eta lan hori egiten. Eta zein da arazoa? Tartean epailerik ez dagoela hobia azaleratuz gero, ez duzula ordain ekonomiko eta moralentzako eskubiderik”.

Argentinako epaile batek frankismoaren krimenen aurka jarritako kereila babesteko mozioa Udalera eraman zuen abenduan Bilduk, elkarteak eskatuta. PPren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko bozarekin, aurrera atera zen mozioa. Bilduren bidez, frankismoan Irunen fusilatutako guztien omenezko monumentua jartzeko udal aurrekontuetan diru-partida gordetzea ere lortu dute, “lotsagarria delako halakorik ez egotea oraindik herrian, beste leku askotan dagoen moduan”. Ekimen sinbolikoetatik harago, liburu aurkezpenak, dokumental emankizunak, erakusketak, hitzaldi-eztabaidak eta jardunaldiak antolatzen dituzte, Errepublika aroko zinemaz, olerkigintzaz edota prentsaz, emakumeaz, abortuaz –Empar Pineda izan zen hizlari–, krisiaz, autodeterminazio eskubideaz, laikotasunaz…

III. Errepublikaren Aldeko Sarea

Euskal Herrian ugaritzen ari dira errepublikaren aldeko elkarteak. Tolosa, Sestao eta Errenteriatik, adibidez, himnoaren partiturak eskatu dizkiote Nicolas Guerendiain elkarteari, aurten lehen aldiz apirilaren 14an bandera altxatuko dutela-eta, herri horietan. Gipuzkoan eta Nafarroan dago mugimendu gehien. “Sartagudako parkea, adibidez, izugarria da, oilo-ipurdia jartzen zaizu”, azaldu digute. Hain zuzen, nafarrak dira III. Errepublikaren Aldeko Sarearekin bat egin duten euskal udalerri gehientsuenak. 2007an Andaluzian jaiotako sarean parte hartzen duten euskal udalerriak hamalau dira, guztira: Oibar, Orkoien, Atarrabia, Irurtzun, Altsasu, Berriozar, Antsoain, Agoitz, Zangoza, Ondarroa, Pasaia, Tolosa, Eibar eta Baztan. Zertarako balio duen sareak? “Ezer ez baduzu egiten, ez duzu ezer lortuko, urratsez urrats indarrak batzen joatea da asmoa”, erantzun digu Mariabi Prietok.

Oraintsu arte tabua zena, kalean eta hedabideetan eztabaidagai da egun, eta errepublika ez dute urrun ikusten Nicolas Guerendiain elkarteko kideek: “Errege-etxea lotsagabe eta lapur koadrila bat dela ikusi da eta guk uste dugu baietz, errepublika iritsiko dela, uste baino lehenago, agintariei eurei jada ez zaielako monarkia interesatzen, baina daukagun beldurra da errepublikaren eredua eurenganatu eta herria engainatzea, edukirik gabeko errepublika ezarriz, itxuraz baino ez, eta berdinetan geundeke, hori ez da benetako errepublika”.

Aldarrikapen martxa eta festa igandean

Apirilaren 14an Errepublikaren Eguna ospatzeko, prest dute dena Nicolas Guerendiain elkartekoek. Euskal Herrian errepublikaren alde egiten den festa bakanetakoa da eta seigarren edizioa dute dagoeneko. Urtero legez, martxa errepublikarrak zeharkatuko du Irun, hiriguneraino, eta bandera errepublikarra jasoko dute ondoren, musika bandak eta txalaparta soinuek lagundurik. Hitzaldia ere eskainiko dute. Azken bi urteetan, zintzilikatutako bandera lapurtu dute, gauez; “faxismoaren astinduak dira eta negargarria da bandera errepublikar batek ordezkatzen dituen baloreen eta horiengatik borrokatu duen jendearen aurka joatea”. Urdanibia plazan, Moskun, jarraituko du jaiak: besteak beste, graffiti txapelketa, xake jokoa, argazki eta literatur lehiaketa, II. Errepublikako olerkien erakusketa, umeentzako jolasak, liburu azoka, Irungo musika taldeen emankizuna eta ‘Egin tiro fatxari’ postu bitxia izango dira, Rouco Varelari edo erregeari pilota bota nahi dionarentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-tik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


2024-11-21 | Gedar
Mobilizazioak bertan behera utzi ditu ‘Lo que no te cuentan de Donosti’-k

Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.


2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Eguneraketa berriak daude